Kostatu zaie, baina azkenean zerga arloan akordioa lortu dute PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Errenta zergan, zehazki, 32.000 eurorainoko diru sarrerak dituzten herritarrei kenkari pertsonalak handituko dizkiete. «Zenbat eta errenta txikiagoa izan, kenkaria handiagoa izango da. Mailakatua izango da, eta, 32.000 eurora ailegatu ahala, gutxiago nabarituko da», azaldu du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.
Akordioa lortuta, ezohiko gobernu kontseilura deitu dute, eta lege proiektua onartu. Haren ondotik, pozik azaldu da komunikabideen aurrean Arasti. Haren esanetan, lege proiektua «ausarta» da, «errenta zergan azken urteetan hartu diren anbizio handieneko neurriak jaso baititu».
Zehazki, zerga jaitsiera horrek errenta apalei eta ertainei eragingo die, eta hamar zergadunetik zazpik nabarituko dute. Orotara, 340.000 nafarri egingo die mesede. Hori bai, soldatetako atxikipenetan ez da aldaketarik egingo, eta 2027ko errenta aitorpena egiterakoan nabarituko dute herritarrek laguntza, foru hauteskundeak ate joka direla. 32.000 euroko soldata gordina gutxi gorabehera hilean 1.700 euroko soldata garbia da, hamalau ordainketa jasoz gero.
135
Kostua Ogasunarentzat. Errenta zergaren aldaketen ondorioz,135 milioi euro gutxiago bilduko ditu Nafarroako Gobernuak datozen bi urteetan: 114 milioi datorren urtean, eta gainerakoa 2027an. Sozietate zergaren aldaketen kostua ezin izan dute kalkulatu.
Gobernuak ez du aurreratu zerga tarte bakoitzari nola eragingo dion kenkariak. «Zergadun bakoitza mundu bat da, aitorpenean makina bat osagai egon ohi dira eta», esan du Arastik.
Dena den, gaineratu du zerga tarte batetik besterako «jauziaren akatsa» saihesteko zuzenketa bat egingo dutela. Izan ere, kenkariaren bidez lortutako diru gehigarriaren ondorioz, beste zerga tartera pasa zitekeen zergaduna, eta tasa handiago bat izango luke orduan; baina orain ez da halakorik egingo. «Antzeko neurriak dituzten lurraldeetan ez da hori egiten», azaldu du.
Era berean, errenta zergarik ez dute ordaindu beharko 17.000 eurotik beherako errenta gordina duten herritarrek, egungo 14.000 euroko gutxieneko muga koska bat igotzea hitzartu baitute. Kasu horretan, langile horiei ez zaie zerga atxikipenik ezarriko soldatetan.
1.100 euroko pentsioa
Gainera, 2026ko aurrekontu akordioan aurreratu bezala, gutxieneko pentsioei ezarritako osagarrietan kenkariak ezarriko zaizkie gutxienez 15.400 euro kobratzen dutenei. Hala, gutxienez 1.100 euroko pentsioa kobratzea bermatuko da. Orain arte, 1.035 euroko gutxieneko errenta jaso ahal izatea zegoen ziurtatuta, eta beste tarte bat handituko zaie pentsioa, fiskalitatearen bidetik.
Azkenik, autonomoei estimazio zuzen berezi bidez zerga ordaintzeko aukera handitu zaie, muga 200.000 eurotik 250.000 eurora handitu baita. Euren diru sarrerak aitortzeko modurik sinpleena dela eta garraiolarien eskaeretako bat dela diote Ogasun Departamentuko iturriek. Dena den, garraiolariei ez ezik autonomo guztiei aplikatuko zaie. Horrez gain, garraiolariek jasotako laguntzak ez dira zergan ordaindu beharko, 20.000 eurorainoko mugarekin.

Azken asteetan jo eta ke aritu dira lau alderdiak akordioa lortu nahirik. Arastik berak iragan ostiraleko epemuga jarri zuen, baina, ez zirenez ados jarri, negoziatzen jarraitu zuten asteburuan eta atzo. Hain zuzen ere, sozietate zergan zegoen korapilo nagusia.
Aldaketa nagusia izango da egun %28ko tasa pagatzen duten konpainiek %25 ordainduko dutela, baldin eta lau baldintza betetzen dituztela egiaztatzen badute: batetik, enpleguari eutsi behar diote; bigarrenik, arrazoi ekonomikoen ondorioz ez dute aldi baterako espedienterik aurkeztuko; hirugarrenik, lan istripuak murriztu behar dituzte; azkenik, berdintasun plan bat eduki beharko dute. Lan istripuen kasuan, zehazki, egiaztatu beharko dute ez dutela arau hauste larririk egin arriskuen prebentzioaren arloan.
Horri loturik, hiru zerga tarteek gutxienez ordaindu beharreko tasa izango dute: %28ko tasa duten konpainiek, %13koa; %23ko tasa dutenek, %11koa; eta %19koa dagokienek, %10ekoa.
«Lege proiektu ausarta da, errenta zergan azken urteetan hartu diren anbizio handieneko neurriak jaso baititu»
JOSE LUIS ARASTI Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria
Arastik azpimarratu du akordioak egitea ez dela dirudien bezain erraza. «Negoziazioen arrakastaren eraginez, ondorioztatu daiteke erraz hitzartzen dugula, baina errealitateak ez du zerikusirik uste horrekin. Politikan, erabakiak hartu behar dira eta eskuzabal jokatu behar da akordioetara iristeko».
Behin gobernu kontseiluan onartuta, gobernuak Nafarroako Parlamentura igorriko du lege proiektua, bere bidea egin dezan. Espero da eskuineko oposizioaren osoko zuzenketak «azaro amaieran» bozkatzea eta zatikakoak abenduan. Abenduaren 18ko osoko bilkuran onartuko dira neurriak, datorren urterako indarrean egon daitezen. Akordioaren bidez, hori betetzeko gehiengoa luke Nafarroako Gobernuak parlamentuan.