Nafarroako Gobernuak gaurko jarria zuen akordioa lortzeko epemuga, baina oraingoz ez dago akordiorik PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Zurekin Nafarroaren artean. Datorren urteko zerga neurriak negoziatzen ari dira, eta ez atzera ez aurrera daude. Negoziazioko iturrien arabera, errenta zergaren arloan asko aurreratu dute azken asteetan, baina oraindik xehetasunak zehaztea falta zaie. Haatik, korapilo nagusia sozietate zergan dago.
Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak gaur bidali nahi zuen lege proiektua Nafarroako Parlamentura. Horretarako beharrezkoa da aurretik gobernu kontseilura deitzea eta lege proiektua onartzea. Gaurko zegoen aurreikusita, baina adostasun faltagatik bertan behera geratu da.
PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren arteko akordio programatikoak dio bertan aztertuko diren lege egitasmoak aurrez hitzartu behar direla, eta oraingoz Zurekin Nafarroa ez dago ados PSNk eta Geroa Baik bultzatu nahi dituzten zerga neurriekin. Nahiz eta sozialistek eta Geroa Baik kontseiluan gehiengo argia izan, nahiago izan dute euren beste bazkidea ez haserrearazi.
Horregatik, negoziazioekin jarraitzea erabaki dute gobernuko bazkideek eta euren negoziazio kide nagusiak, EH Bilduk. Haatik, PSNk adierazi du ez dutela denbora sobera. Egitasmoa abenduaren 18ko osoko bilkuran onartu dadin, haren tramitazioa ezin daiteke gehiegi atzeratu, alderdikideek diotenez. Eztabaida 2026ko aurrekontuak adostearekin batera egin ohi da, eta iragan astetik aurrekontuen lege proposamena jada bere bidea egiten ari da legebiltzarrean.
Egutegiarekin lotutako arazoak egon badaitezke ere, epeak presio neurri bat dira negoziazioetan. Oraingoz, baina, denbora gehiago emango diote elkarri lau indarrek. Asteburuan elkarrizketekin aurrera jarraitzea erabaki dute, eta datorren asterako uztea lege proiektuaren onarpena.Â
1.100 euroko pentsioa
Errenta zergari buruzko elkarrizketak bide onetik doaz, baina edukiaren xehetasunik ez dute eman nahi izan. Dena den, iragan astean Nafarroako Gobernuarekin hitzartutako aurrekontuen akordioan, EH Bilduk iragarri zuen kenkari bidez gutxieneko 1.100 pentsioa bermatuko dela Nafarroan.Â
Horrez gain, errenta ertainei zerga jaitsiko zaiela espero da. Datu zehatzak ezagutu zain, Maria Txibite lehendakariak irailean aurreratu zuen jaitsiera bat egongo zela eta zergadunen %70ari mesede egingo ziola. Arastik berak duela bi aste esan zuen jaitsiera horren ondorioz 135 milioi euro gutxiago bilduko zirela eta parte handi bat errenta zergako aldaketen ondorio izango zela.
Sozietate zergaren arloan daude zailtasun nagusiak. PSNk eta Geroa Baik hiru zerga tarte nagusietan tasa jaistea proposatu dute, baita hainbat kenkari aplikatzea ere. Enpresa munduko eragileak etengabe kexatzen ari zaizkio gobernuari Nafarroa lehiakortasuna galtzen ari delako inguruko lurraldeen aldean. Iragan hilean, «zerga gehiegi» pagatzen dituztela salatu zuten garraiolariek.
Proposamen horren kontra agertu dira EH Bildu eta Zurekin Nafarroa. Lan errentek ogasunari egiten dioten ekarpenaren aldean enpresen bilketaren pisua txikitu dela diote. 1.100 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea lorpen bat izanik, EH Bilduk negoziazioa «bere osotasunean» ikusten du. Hala, haren irudiko, sozietate zergaren akordio faltak errentarenari eragiten dio.
Zurekin Nafarroak, berriz, bilketa handitzea proposatzen du.Â
Â