Nafarroako UGTk bere zuzendaritza berritu du. Iragan urteko Kongresuan, Juan Goienek ez zuen nahikoa babes lortu, ordezkarien %47,4ek bozkatu zutelako soilik haren alde. Sindikatuak urtebete «gogoeta prozesua» ireki zuen, eta atzo ezohiko kongresuan, Goienen ordezkoa hautatu duen: Javier Lekunberri, Cementos Portlandeko langile batzordeko burua. Bildutako ehun ordezkarietatik 82k egin zuten haren alde. Idazkari nagusiak bere lehen diskurtsoan Bildurik eta UPNrik gabeko gobernu alternatibo bat eskatu du. Haren ustez, egungo ahuldadea 2012ko koalizio gobernuaren hausturak eragin zuen: «Krisirik okerrenean, gobernua ahul eta gutxiengoan dago, eta ez zen gai izan koalizio egonkor eta aurrerakoi bat izateko PSNrekin».
Dena den, oposizioko gainerako alderdiekin ere alternatiba eratzea «oso konplikatua» dela iritzi dio: «Nazionalista moderatuekin osatutako gobernu batek ezinbestean Bilduren babesa beharko luke, eta hori oso konplikatua da. Langileen eta herritarren artean mesfidantza handiak eragiten ditu». Lekunberriren ustez, nafarrek erabaki beharko dute, baina argi utzi du zein den bere nahia: «Nahiko nuke une bat iristea non nafarrek gehiengo ezkertiar eta aurrerakoi bat osatuko genukeen. Batzuen eta besteen babesen beharrik gabe aurrera atera ahal izateko nahikoa».
Duela zazpi urte, 2007ko foru hauteskundeen ostean, Juan Goien aurreko idazkari nagusiak eta Jose Maria Molinero CCOOko buruak argi eta garbi jendaurrean eskatu zioten PSNri Miguel Sanzen inbestiduraren alde egin zezan eta Nafarroa Bai koalizioarekin gobernuarik ez osatzeko. Handik urtebetera, 2008ko abenduaren 3an, CEN patronalarekin batera Nafarroako Urrezko Domina jaso zuten bi sindikatuek
Zuzendaritzako kideak
Lekunberrirekin batera talde berria sartu da UGTren buruzagitzan: Jose Mejias (antolaketa),Maria Simon (enplegua eta ekintza sindikala), Jesus Santos (administrazioa), Marisol Vicente (prestakuntza) eta Maite Perez (berdintasun eta gizarteko politika).
Lekunberrik azpimarratu du CCOOrekin azken urtetan izandako ekintza batasuna garrantzitsua dela UGTrentzat. Dena den, Javier Lekunberrik onartu du ez dela beti erraza izan: «Fabriketan dugun lehia gertu dugulako eta hauteskunde sindikaletan arerio garelako, batasun hori batzuetan konplikatua izan da». Haren ustez, elkarlanak «sendoago» egiten ditu: «Bien artean ahalmen handia dugu, eta bestelako tentsioen eta diferentzien gainetik da». Alde horretatik, Lekunberrik gaineratu du Nafarroan «beste sindikalismo eredu batekin» egin behar dutela lehia: «Eredu hori bi botereren menpe dago, langileak eta euren proiektu politikoa».
Lekunberrik esker on hitzak izan ditu Juan Goienentzat eta iazko kongresutik hona erakutsitako «erantzukizuna» goraipatu du: «Behar genuen guztia emateko prest egon da hura zein bere taldea». Goienek aipatu du bere agintaldiko zazpi urteak oso zailak izan direla krisiaren ondorioz.
Nafarroan Bildu eta UPNrik gabeko gobernua eskatu du UGTko buruzagi berriak
Sindikatuaren ezohiko kongresuan, Javier Lekunberrik %82ko babesa lortu du Juan Goien ordezkatzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu