Nanoguneak bere dorre kuantikoa altxatu du, siliziozko txip kuantikoak garatzeko

Hardware kuantikoa erdieroaleekin egiteko teknologia garatuko du dorre berriak. Britainia Handiko Quantum Motion konpainiaren filialaren egoitza eta hark finantzatutako laborategia hartuko ditu.

Imanol Pradales, beste hainbat agintarirekin, gaur, Donostian, Nanogunearen dorre kuantikoko laborategian. JON URBE / FOKU
Imanol Pradales, beste hainbat agintarirekin, gaur, Donostian, Nanogunearen dorre kuantikoko laborategian. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
Donostia
2026ko otsailaren 4a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Dorrea 11 hilabetean altxatuko zuela ziurtatu zigun Jose Maria Pitarkek, eta konbentzitu gintuen. Ikusita zenbat proiektu teknologiko geratu ohi diren bertan behera denbora gehiegi hartzeagatik, bada, besteak beste, horregatik hautatu genuen Nanogunea, beste hautagaien artean, Europan ezartzeko. Eta begira, egin du, 11 hilabetean!». Nanoguneko zuzendariarentzako laudorio hitzak James Palles-Dimmock Quantum Motion konpainiako kontseilari ordezkariarenak dira, gaur Donostian Nanogunearen dorre kuantikoaren inaugurazioan esanak.

Hain zuzen, Britainia Handiko konpainia horrekin lankidetzan eratu du Nanoguneak dorre kuantikoa erabiltzen hasiko den ikerketa taldea, eta dorrean egongo da Quantum Motionek Donostian eratu duen filialaren egoitza ere. 

Dorreak 1.500 metro koadro ditu orotara, zazpi solairutan banatuta, eta oraingoz solairuetako bi hartuko ditu Fernando Gonzalez-Zalba ikertzailea buru duen taldeak. Hark azaldu duenez, lehen fasean dozena erdi diluzio hozkailu egotea da helburua —bi daude orain—, gerora bigarren fasean dozena bat hozkailura iristeko, eta 35-40 ikertzaileko talde bat izateko.

Hozkailu horietan, 10 milikelvin inguruko tenperaturak lortuko dira —kanpo espaziokoak baino txikiagoak—. Zertarako? Baldintza bereziak iristeko, zeintzuetan zarata termikoa asko murrizten den eta efektu kuantikoak azaleratzen diren. Eta horri esker, Gonzalez-Zalbaren arabera, ordenagailu kuantikoak garatuko dituzte, erdieroaleen teknologia industrialarekin fabrikatutako silizioan oinarritutako txipekin. Hainbat abantaila dituzte haiek, jada fabrikatzen baitira elektronika klasikorako.

Dorreak eta zubiak

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak euskal erakundeek teknologia kuantikoetan egindako apustua goraipatu du gaurko ekitaldian, eta hor kokatu du Nanogunearen dorre kuantikoa. «Herri txiki bat gara, eta horrek arriskatzera, bizkorrak izatera eta aliatuak bilatzera behartzen gaitu, etorkizunerako giltzarri izango ditugun eremuak ondo aukeratuz».

Babeserako dorreak eta lankidetzarako zubiak eraikitzeko borondatea azpimarratu du Pradalesek, eta, haren iritziz, Nanogunearen dorreak «Euskadik bere erabakiak hartzeko eta, Europaren eskutik, karrera teknologiko globaletan parte hartzeko duen gaitasuna indartzen du». 

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez, dorre kuantikoa «mugarria da aurrerabide zientifiko eta teknologikorako, lehiakortasun ekonomiko eta industrialerako eta aukerak sortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA