Okerrago izan zitekeen. Mezu horrekin saldu nahi die europarrei Ursula von der Leyenek AEBekin egindako merkataritza akordioa, eta mezu hori bera erabili du Nazioarteko Diru Funtsak munduko ekonomiaren egoerari buruzko azterketan. Hamarren batzuk hobetu du apirilean egindako hazkunde aurreikuspen ezkorra, orduan AEBetako presidente Donald Trumpek mahai gainean jarritako muga zergak azkenean txikiagoak izateko bidean direlako, eta, horrenbestez, iragarri baino traba txikiagoa egingo diotelako jarduera ekonomikoari.
Apirilean, AEBen inportazioek batez beste %24ko muga zerga izango zutela kalkulatu zuen NDFk, baina bere azken txostenean %17ko tasa kontuan hartuta egin ditu iragarpenak. Zenbaki horrek ez ditu aintzat hartzen azken egunotan Washingtonek Japoniarekin lehenik eta Europako Batasunarekin gero egindako akordioak, baina bietan %15eko muga zerga orokor bat agertzen denez, %17ko tasak ez du izango aldaketa handirik, Pierre Olivier Gourinchas NDFko ekonomisten buruak ziurtatu duenez.
Gauzak horrela, NDFk iragarri du munduko ekonomia %3 handituko dela aurten, apirilean esandakoa baino bi hamarren gehiago. Batez ere Txinaren iragarpena hobetu du NDFk —%4tik %4,8ra igo du—, baina pixka bat baikorragoa da euroguneari (%1, bi hamarren gehiago) eta AEBei dagokienez ere (%1,9, hamarren bat gehiago).
Horrek guztiak ez du esan nahi Trumpek abian jarritako merkataritza gerrak ez duenik ondorio txarrik izango ekonomian. Iaz %3,3 hazi zen munduko ekonomia, eta COVID-19aren pandemiaren aurreko urteetan %3,7 izan zen batez besteko hazkundea. Muga zergek nazioarteko merkataritza ahulduko dute eta inbertsioak gutxituko dituzte.
Inflazioa AEBetan
AEBetan, gainera, inflazioa handituko dutela ziurtzat jo du funtsak, ekoizpen kostuak handituko direlako eta enpresek kostu horien zati bat prezioak igoz konpentsatuko dituztelako. Inflazio handiago horren «lehen arrastoak» dagoeneko ikusten ari direla azaldu du haren analista nagusiak.
Baina Gourinchasek aitortu du «ongi etorritako erresilientzia» erakusten ari dela jarduera ekonomikoa. Horretan lagundu egin du merkataritza gerrak dolarra ahuldu izana —inbertsioak beste leku batzuetara eraman ditu—, eta urteko lehen hiruhilekoan esportazioak asko handitu izana, inportatzen dutenek muga zerga handiagoei aurre hartu nahi izan zietelako.
Hitzak ongi neurtu ditu NDFko ekonomisten buruak, eta ez du politika ekonomikoari buruzko balorazio handirik egin nahi izan, baina, Trump aipatu ere egin gabe, txarretsi egin du hark Jay Powell Erreserba Federaleko buruaren aurka hasitako kanpaina, interes tasak jaitsi ditzan. «Banku zentralen independentzia higatzeak ziurgabetasuna eragiten du makroekonomian, diru politikan eta finantza munduan. Oso aktibo garrantzitsua da [independentzia]».