Streaming plataforma nagusia eta Hollywoodeko estudio handienetakoa bateratu egingo dira. Entretenimenduaren mundura aldaketa handia ekarriko duen salerosketa operazioa gaur bertan itxi dute Netflixek eta Warner Bros Discoveryk, HBOren jabeak, goizean elkarrizketa esklusiboak abian zirela jakinarazi ostean.
Hilabeteak zeramatzan Warner Brosek bere negozioa edo haren zati bat behintzat saltzeko asmotan. Interesa agertzen lehena Paramount Skydance izan zen, baina eskatu gabeak izan ziren haren eskaintzak —60.000 milioi dolar ingurukoak— atzera bota zituen Warnerrek, baita urrian ere, konpainia ofizialki salgai jarri zuenean enkante bidez. Ordutik Comcastek ere egin zuen eskaintza Warner Bros erosteko.
Hain zuzen, aste honen hasieran Paramountek salatu egin du Warner Bros, esanez hura enkante prozesua modu bidegabean baldintzatzen ari zela Netflixen mesederako. Aurretik, Paramountek azaldu zuen bere erosketa eskaintza bideragarriagoa dela, hobeto betetzen zituelako salerosketa operazioari azken oniritzia eman behar dioten arautzaileen eskakizunak.
Monopolio arriskua
Ez da ahaztu behar orain arautzaileen langa hori ere garaitu beharko duela Netflix eta Warner (HBO) bateratzeko operazioak, AEBetan eta Europan ere. 450 milioi harpidetza bilduko dituen talde batek monopolio gisa jokatzeko arriskua agerikoa da, eta kezkaz hartu dute Hollywoodeko zinemagile askok.
Edonola ere, Netflixek azaldu du jarraituko duela filmak zinematan estreinatzen jarraituko duela eta HBO Max streaming plataformari eutsiko diola, nahiz eta aldiro bere eskaintzaren barruan Warner Brosen eta HBOren edukiak eskaini.Â
Baina Netflixen eskaintza oso tentagarria izan da, eta handiena: Warnerren akziodunek akzioko 27,75 dolar jasoko dituzte dirutan, eta baita Netflixeko akzioak ere. Eskaintzak 72.000 milioi dolarreko balioa (61.000 milioi euro inguru) ematen dio Warnerren aktiboei. Salerosketa operazioetatik kanpo geratu dira azkenean Warnerrek kable bidezko CNN, TBS eta TNT telebista kateak.Â
edukiz betetako streaming erraldoia
Netflix aparretan dabil sortu zenetik. Duela 30 urte sortu zen konpainia, posta bidez etxeetara DVDak alokaturik bidaltzeko, eta iaz 39.000 milioi dolarreko (33.500 milioi euro)Â fakturazioa iritsi zuen. Haren merkatuko balioa 437.000 milioi dolar da, 375.000 milioi euro. Eta estudiorik izan gabe eta oraintsu arte eduki katalogo propiorik izan gabe lortu du hori guztia.
Orain 1920an sortutako Warner Bros Discoveryren katalogo ikusgarria bereganatuko du: zinema estudioaren eduki guztia, DC Comicsen unibertso osoa, eta baita HBOren bilduma osoa ere, The Sopranos, The Wire eta The White Lotus tartean direla.
Entretenimenduaren alorrean aldaketa handia ekar dezake Netflixek Warner Bros erosteak, baina ezin da ukatu aldaketa handiak gertatzen ari direla sektorean, hain zuzen streaming plataformengatik. Telebista tradizionalaren negozioa murriztuz doa pixkanaka, ikusleak streaming zerbitzuetara igaro ahala. Bloomberg-en arabera, azken hiruhilekoan Warner Brosen kable bidezko telebisten dibisioaren diru sarrerak %23 murriztu ziren, bai ikusleek harpidetzak bertan behera utzi zituztelako, bai iragarleak ere joaten hasi zirelako.
Orain, are indartsuago izango da Netflix, eskuratuko duen eduki katalogo handiarekin gaitasun handiagoa izango baitu Disneyri eta Paramounti aurre egiteko, eta baita bere ustez lehiakide handiena duenari ere, Youtuberi.Â