Denbora laburra eman du Jensen Huangek Nvidiaren zuzendaritzatik kanpo. Duela hamar bat egun, Huangek dimisioa eman zuen eta berak sortutako enpresaren presidente eta kontseilari ordezkari izateari utzi zion, espioitza afera batek behartuta, baina orain Nvidiako administrazio kontseiluak aho batez erabaki du Huang bi ardura horietan berriro ere jartzea.
«Eskura duen informazioan oinarrituta, administrazio kontseiluak uste du Huang ostera ere karguan jartzeak ez diola arriskurik ekarriko nazioaren segurtasunari», adierazi du enpresak ohar baten bidez. Merkatuaren erantzuna berehala iritsi da: Wall Streeteko burtsak gorakada handia izan du, Nvidiako akzioek balioaren %30 berreskuratu dute, eta Nasdaq indize teknologikoak %5 irabazi du.Â
AEBetako presidente Donald Trump ere pozik agertu da albistearen berri izan bezain pronto: «Nvidiako zuzendaritzak erabaki zuzena hartu du», esan du. «AEBek Huangen lidergoa behar du, enpresaren arrakasta eta oparotasuna ez ezik, herrialde osoarena ere bermatu ahal izateko».
Azaroaren hasieran, Huangek aitortu zuen ezkontzatik kanpoko harreman sentimental bat izan zuela emakume batekin. Aferak, baina, Nvidiaren kontseilari ordezkariaren bizitza pribatuaren arloa gainditu zuen, haren maitalea Megaspeed International enpresako arduradunetako bat baitzen, eta, zenbait iturriren arabera, hark espioitza lanak egiten zituen Txinaren mesedetan.