Egungo ziurgabetasuna dela eta, zuhurtzia. Zuhur agertu da Mikel Torres Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako aurreikuspen ekonomikoak ematean: tentsio geopolitikoek eta horiek energia merkatuetan duten eraginak oso egoera ziurgabea ekarri dute, eta horrek zaildu egiten du luzerako iragarpenak egitea. Baina, oraingoz, Jaurlaritzak eutsi egiten die urte hasieran egindako aurreikuspenei, eta uste du hiru herrialdeetan BPG barne produktu gordina %1,9 handituko dela aurten.
Barne eskariaren sendotasuna aintzat hartuta atera du Jaurlaritzak ondorio hori. Torresek azaldu duenez, kontsumoa «dinamikoa» da, eta inbertsioak ere «rol garrantzitsua» izango du, 2025ekoa baino apalagoa izango bada ere: «Gure hazkunde ereduak murriztu egingo ditu nazioarteko merkataritzaren ahuleziaren ondorioak».
Baina dena ez da hain positiboa. Nazioarteko tentsio giroak eta energia garestitzeak inflazioan utzi dute aztarna, eta martxoan KPI aurreratua %3,3 izan da Espainian, aurreko hilean baino puntu bat handiagoa. Gerora, baliteke horrek eragina izatea familien kontsumoan eta enpresen inbertsioetan.
Bestalde, Jaurlaritzak uste du energiaren garestitzea luzatuko balitz eta Brent upelaren prezioa denbora luzean 100 dolarren bueltan egongo balitz 2026ko amaierarako eragina nabarmena izango litzatekeela. Hipotesi horretan, Jaurlaritzak uste du aurreikuspenak apaldu egingo liratekeela, eta ekonomiaren hazkundea bi hamarren murriztuko: %1,7 inguru.
Edonola ere, «konfiantzazko mezua» helarazi nahi izan du Torresek: «Euskal ekonomiak ingurune zalantzagarri bati egin behar dio aurre, baina indar erlatiboko posizio batetik. Aurreikuspenei eusten diegu, barne oinarriak sendoak direlako eta politika publikoek kanpo arriskuak moteltzen dituztelako».
Enplegua ere, gora
Lan arloari dagokionez, Jaurlaritzak uste du enpleguak hazten jarraituko duela 2026an ere. Zehazki, iragarri du %1 handituko dela aurten, eta %0,7 2027an. Horrek esan nahi du 10.000 lanpostu finko sortuko direla 2026an, eta 7.000, berriz, 2027an. Horren ondorioz, langabezia tasa apalduko da; %6,4 izango da 2026an, eta %6,2 2027an.
Arloka, zerbitzuen sektorearen bilakaera nabarmendu du Torresek, eta hura ekonomiaren motor nagusitzat jo du. 2026ko lehen hiruhilekoan, %2,6 hazi da sektore hori. Datozen hilabeteetan, hazkundea apalagoa izatea espero dute, baina, hala ere, urte osoan %2,1 handituko da.
Eraikuntzak, berriz, hazkunde ikusgarria izan du lehen hiruhilekoan (%4,1), baina sektore horretan geroago nabarmenduko dira energia merkatuaren gorabeheren ondorioak, eta 2026ko azken hiru hilabeteetarako %1,5eko hazkundea baino ez dute iragarri. Edonola ere, eraikuntzan urte osoko hazkundea %2,6 izatea espero dute.
Industrian eta energian 0,9ko hazkundea iragarri dute 2026rako, eta lehen sektorean, berriz, %0,8koa. Aipagarria da lehen sektorean ez dela hazkunderik izan lehen hiruhilekoan; aitzitik, 0,5 murriztu da urtarril, otsail eta martxoan.
Torresek goretsi egin ditu Europako, Espainiako eta EAEko instituzioek tentsio geopolitikoen ondorio ekonomikoak leuntzeko hartutako neurriak. Eusko Jaurlaritzak horretara bideratuko duen mila milioi euroko diru poltsaren inguruan, esan du horren helburua dela «enpresen bideragarritasuna babestea eta enplegua eta horren kalitatea zaintzea».