Inflazioak jauzi handi bat egin du martxoan, gerra dela eta

Espainian puntu bat igo da otsailetik martxora, batez ere erregaiak garestitzearen ondorioz. Gasolioaren prezioa %24 handitu da azken hilabetean, eta gasolinarena, %13.

Gasolindegi bat, Donostian, martxoaren 19an. GORKA RUBIO / FOKU
Gasolindegi bat, Donostian, martxoaren 19an. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 27a
10:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranen aurkako erasoaren lehen zantzuak hasiak dira ikusten datu makroekonomikoetan ere. Ormuzko itsasartearen ia erabateko itxiera petrolio eta gas eskasia eragiten ari da merkatuetan, eta produktu horien garestitzeak gorakada handia eragin dio inflazioari. Bi aste barru jakingo da Hego Euskal Herriko datua, baina INEk Espainiarako egin duen lehen kalkuluak iradoki du puntu baten bueltan izango dela. 

Izan ere, Espainian ere puntu bat igo da hilabete bakarrean, otsaileko %2,3tik martxoko %3,3ra. Halako gorakada bizkorrik ez zegoen 2022ko maiatzetik, Errusiak Ukraina inbaditu eta inflazio handiaren aroa indartzen hasi zenetik. Hego Euskal Herriak %2,4ko inflazioa izan zuen otsailean, eta, han ere puntu bat igoz gero, 2025eko mailara itzuliko litzateke prezioaren bilakaera.

Otsailean merkatzen ari ziren erregaiak (-%5,5), baina orain doi-doi kontrakoa gertatzen ari da. Hilabete horretan, batez beste, 1,428 euroan saltzen ari zen gasolio litroa Hego Euskal Herriko gasolindegietan, baina martxoan 1,774koa izan da batez besteko prezioa. Hau da, 35 zentimo edo %24 garestiago. Gasolioak du pisu gehien inflazioan, kontsumitzen diren ia hamar litro erregaitik bederatzi diesel motorrek erretzen baitute. 

Gasolina, berriz, 19 zentimo garestitu da, 1.469tik 1,657ra.  

Are okerrago izan zitekeen baldin eta Espainiako Gobernuak ez balu erabaki erregaiaren gaineko BEZa %21etik %10era jaistea, eta hidrokarburoen gaineko zerga berezia EBk onartutako gutxienekoan uztea. Gainera, garraiolariek, nekazariek eta arrantzaleek hogei zentimoko deskontu bat eskatu ahal izango dute gasolio litro bakoitzeko.

Horrela, martxoaren 21ean 1,967 euroan zegoen gasolioa eta 1,813 euroan gasolina. Hau da, 54 zentimo garestitzen ari zela gasolioa (%38) eta 34 gasolina (%23). 

Gasaren eragina, apalagoa

Gasa ere asko garestitu da azken hilabetean —32 euroan zegoen Europako merkatuetan otsailaren amaieran, eta 55 euroan orain—, baina horren eragina txikiagoa izan da inflazioan. Izan ere, gasa argindar sorkuntzan duen pisua gutxitzen ari da, energia berriztagarrien mesedetan, eta horrek esan nahi du gutxiagotan finkatzen duela argindarraren prezioa. Espainiako Ekonomia Ministerioak nabarmendu duenez, 2019an orduen %25etan berriztagarriek finkatzen zuten argindarraren prezioa, baina %84 dira orain.

Ikusi beharko da erregaien eta oro har energiaren garestitzeak zer ondorio daukan inflazioaren beste osagaietan. Oraingoz, azpiko inflazioak ez du aldaketarik izan Espainian, %2,7an jarraitzen baitu.

Energiaren arloan hasi zen nabaritzen Ukrainako gerraren eragina ere, baina geroago ekonomia osoan txertatu ziren prezio igoerak —inflazioa %10,7ra iritsi zen 2022ko uztailean—, eta lau urte behar izan dira Europako Banku Zentralak gogoko duen %2ko mailara gerturatzeko.

GERMANY ECB
Christine Lagarde, EBZren iragan asteko bileran. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE

Berez, banku zentralaren ustea zen aurten maila horretan sendotuko zela, baina orain onartu du handitu egingo dela: batez beste, %2,6ko inflazioa espero du aurten, abenduan zioen baino zazpi hamarren gehiago.

Horiek horrela, Christine Lagarde EBZko presidenteak adierazi du prest daudela interes tasak igotzeko, baldin eta horrekin uste badute inflazioa kontrolatuko dutela. Espektatiba horrek maileguen prezioa garestitu du, eta bizkor antzeman da Euriborrean, otsaileko %2,221etik martxoko %2,514ra igo baita.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!