Osakidetza «protagonista» duten aurrekontuak prestatuko ditu Jaurlaritzak

Ogasun sailburuak iragarri du zuhur jokatuko duela bere lehen aurrekontu proiektua osatzeko orduan. Jaurlaritzak eutsi egin die aurreikuspen ekonomikoei: espero du 2025ean barne produktu gordina %2,1 handitzea eta 16.000 enplegu sortzea.

Noel d'Anjou, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Noel d'Anjou, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko uztailaren 9a
15:00
Entzun

Eratu berria den Eusko Jaurlaritzak atera dio jada argazkia makroekonomiari, eta datuak eskuetan dituela hasi da 2025. urteko aurrekontuak prestatzen. Noel d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak iragarri du zuhur jokatuko duela bere lehen aurrekontu proiektua osatzeko orduan, testuinguru ekonomiko ziurgabeak eta Europako arau fiskalek baldintzatuko dutelako, besteak beste. Hitzeman du, hala ere, defizitik gabeko aurrekontuak izango direla, eta aurtengoak baino «zertxobait» handiagoak. «Badakigu erabaki ausartak hartu beharko direla, baina errealistak izan behar dugu».

D’Anjouk nabarmendu du, hain zuzen ere, kontu publikoen orekari eta sailen beharrei erantzutea izango dela erronka nagusia aurrekontuak prestatzeko orduan: «Gai izan beharko dugu zorroztasun fiskala eta abian jarri beharreko inbertsio estrategikoak uztartzeko». Osasun Saila da baliabide gehiago eskatuko dituzten arloetako bat, Osakidetzaren gainbeherari aurre egitea baita lehendakariaren helburu nagusietako bat. Bada, sailburuak ez du hori ezkutatu, argi utzi baitu Osasuna izango dela aurrekontuetako «protagonista nagusia».

Ez du kopuru zehatzik eman, ordea, eta ez du argitu gehien handituko den saila izango ote den ere. Beste ardatz nagusi batzuk ere izango baitituzte aurrekontuek: kasurako, etxebizitza edo industria. Sailburuak esan du «arreta berezia» jarriko diotela etxebizitza eskuratzeko eta emantzipazioa errazteko laguntzei. Industriaren lehiakortasuna sendotzeko berrikuntza ere bultzatuko du Jaurlaritzak aurrekontuen bidez, «gutxienez %6» handituko dela iragarri baitu D’Anjouk. «Aurrekontua euskal herritarren ongizatea eta hazkunde ekonomikoa bermatzeko erabiliko da», azpimarratu du sailburuak.

Aurreikuspenei eutsi

Jaurlaritzak urrian du aurkeztekoa aurrekontu proiektua, eta orduan jakingo du zehatzago zenbat diru izango duen gastatzeko, Finantzen Euskal Kontseiluak ordurako egina izango baitu 2025erako iragarpena. Zerga bilketa uste baino gutxiago handitzen ari da —+%1,4, maiatzera bitarte—, baina kontuan hartu behar da foru ogasunek ezohiko ordainketa bati aurre egin behar izan diotela: mutualistek bere garaian ordaindu zutena itzultzen ari dira.

Ogasun sailburuaren hitzetan, itzulketa horrek «eragin nabarmena» izango du aurtengo zerga bilketan, baina azpimarratu du ez diola eragingo datorren urteko aurrekontuari: «Ez du zalantzan jarriko aurrekontua aurtengoa baino zertxobait handiagoa izatea; zuhurtziaz diot hori, dena den». Horrek esan nahiko luke 2025eko aurrekontuak beste marka bat ezarriko duela, inoiz baino diru gehiago izan baitu gastatzeko Iñigo Urkulluk bere agintaldiko azken urtean.

«Gai izan beharko dugu zorroztasun fiskala eta abian jarri beharreko inbertsio estrategikoak uztartzeko»

NOEL D'ANJOU Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua

Baina zerga bilketaren zenbatekoa ez da izango Jaurlaritzaren gastua baldintzatuko duen gauza bakarra. EB Europako Batasuna Egonkortasun Ituna betearazten hasia baita, eta 2025eko aurrekontuetan jada islatu beharko da zorra eta defizita kontrolpean izateko agindua. Azken urteetan etenda egon dira arau horiek, pandemiari eta hari buru egiteko gastuei aurre egiteko.

EBko estatu kideek irailerako zehaztu beharko dituzte beren planak, baina Jaurlaritzak Madrilekin adostu beharko du defizit eta gastu mugak zenbatekoak izango diren. D’Anjouk iragarri du bilera bat egiteko eskatu diola jada Maria Jesus Montero Ogasun ministroari, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan negoziatzen has dadin. Eta argi utzi du mugak eskatuko diola EAEko kontu publikoen egoera onarekin «koherente» izateko.

Baliabiderik ez du falta izango Jaurlaritzak, nolanahi ere, D’Anjouren taldeak eutsi egin baitie Pedro Azpiazu Ogasun sailburu ohiaren taldeak egindako aurreikuspen ekonomiko onei. Aurreikuspen horien arabera, 2024. urtean barne produktu gordina %1,9 handitzea espero du Jaurlaritzak, eta hurrengo urteko hazkundea %2,1ekoa izatea. Enpleguari dagokionez ere, 16.000 lanpostu sortzea espero du Ogasun eta Finantza Sailak, eta langabezia tasa %6,8ra jaistea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.