Jesus Uzkudun. Asviamieko kidea

«Oso abertzale denok, baina dirua eskatzera, Madrilera»

Amiantoaren biktimentzako funtsa sortzea PSOEren esku dagoela uste du. Gizartea eta erakundeak galduta ikusten ditu, lan gaixotasunak ezkutatu egiten direlako.

Jon Fernandez.
Donostia
2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Hiltzaile isilarekin lan egina da Jesus Uzkudun (Donostia, 1947), Asviamie elkarteko kide gehienak bezala. «Oraingoz» ez dauka gaitzik urteetan Euskadiko CCOOko lan osasuneko arduradun izandakoak, baina Osalaneko zerrendan izena emana dago, ziurtatzeko Pedro Orbegozon lan egin zuenean amiantoarekin kontaktua izan zuela. Inoiz minbizia garatuko balu, zerrenda horrek ziurtatuko lioke gaixoaren jatorria lanekoa dela. «Besteak ikusita, nik ere aukera daukat gaixotasuna garatzeko».

Espero duzu Madrilgo Kongresuan onartuko dutela oraingoan funtsa sortzea?

Jokoan dago PSOEk zer konpromiso hartzen dituen. Ezker guztia eta nazionalitateetako alderdiak elkartzen badira, posible da funtsa sortzea. PSOE askotan agertu da funtsaren alde, oposizioan egon denean. Dena dela, Euskadin denok oso abertzaleak, baina... egin dezala Madrilek. Dirua jarri behar denean, Madrilera.

Uste duzu berton sortu beharko litzatekeela funts bat?

Bai, eta CCOOk planteatu zuen urtero diru kopuru bat jartzea.

Gizarte Segurantzaren faltan, nondik atera beharko litzateke dirua kasu horretan?

Beste biktima batzuentzako atera da dirua, ezta? Dirua dagoen lekutik atera behar da.

Madrilen, gaur-gaurkoz, sozialistek dute giltza.

Bai, PPk ez du onartuko eta.

EAEko PPk, aldiz, onartu du. Joko bikoitzean dabil?

Nik uste baietz. Poztuko nintzateke nahastuta banengo, baina ez dute inongo borondaterik. Gainera, pentsioak murriztea proposatzen ari dira; beraz, horrelako funts bat sortzea...

Badarabilte beste argudio bat: Gizarte Segurantza defizitarioa da.

Langileek Gizarte Segurantzan ordaintzen ditugun kotizazioek bi zati dituzte: bata da lan eta istripu gaixotasunentzako zatia; bestea, orokorra (langabeziarako, pentsioetarako). Bada, lehen atalak superabita dauka. Gainera, kotizazio horiek jaisten ari zaizkie beti enpresei, eta gaixotasun guztiak ez dira deklaratzen. Orduan, Gizarte Segurantzak pagatu beharrean denok ordaintzen ditugu gaixotasun horiek: Osakidetzak urtero diru pila bat gastatzen du horretan, baina ez daukate kezkarik.

Zenbat diru darabil Osakidetzak lan gaixotasuntzat aitortzen ez direnak artatzeko?

Osalanek egin zuen azterketa bat: 2008an, urtebetean, 106 milioi euro gastatu zituen. Lan gaixotasuntzat aitortzen ez direnez, denon artean pagatzen ditugu. Beti esaten dut hemen nahaste bat dagoela: bai gizartean, bai medikuen artean.

Zergatik dago nahastea?

Uste dut jendeak ahaztu egin duela Gizarte Segurantzan dauzkagun bi adar horiek. Osasun publikoaren alde dauden guztiek esaten dute zer neurri hartu behar diren sistema indartzeko, baina gai hau beti ahaztu egiten dute; eta Osakidetzak hor dauka egundoko zulo bat.

Hori jakinda, politikariek zergatik ez dute esku hartzen?

Nik garbi daukat: enpresak estutu beharko lituzketelako, eta politikari guztiek bi ate dauzkatelako. Gaur Osasun Sailaren buru daude, eta bihar IMQn. Hori da jokoa.

Gizartea ere galduta dabilela diozu.

Zenbat jende dago gorreriak jota, audifonoak beren poltsikotik ordainduz, nahiz eta mutualitateek ordaindu beharko lituzketen. Gaixotasun bat ez bada lan gaixotasuntzat aitortzen, zertarako hartu prebentzio neurriak? Minbiziarekin berdin: EBko zuzentarau batek dio minbizi profesionalak eragiten dituela laneko heriotzen %54. Hemen zenbatzen ditugu lan istripuz hildako langileak; ados, eta egunero hiltzen diren beste horiek? Atzo [herenegun] hil zen beste bat silikosiarekin. Gauza horiek ezkutuan gelditzen dira.

Iaz, esaterako, zenbat pertsona hil ziren amiantoagatik?

Ministerioaren arabera, Espainia osoan 24 hil ziren, %40 Euskadin. Kontua da zerrenda horretan ez daudela Gizarte Segurantzak aitortutako kasu asko ere, pentsiodunak direlako. Zergatik tapatzen da hau dena? Ikerketa bat egin du Granadako Unibertsitateak, eta ondorioztatu mesotelioma minbizi kasuen %95 ezkutuan geratzen direla —bakarrik amiantoak sortzen du halako minbizia—. Zorte pixka bat daukagu zenbait medikuk gaixoari edo senideei esaten badiete: «Aizu, gaixotasun hau lanekoa da. Mugitu zaitez». Berez, medikuak behartuta daude jakinaraztera susmoa duten bakoitzean.

Ez dute egiten, kasuen %95etik gora ezkutuan geratzen badira.

Ez dute egiten. Zorte pixka batekin esaten diote mugitzeko, joateko sindikaturen batera edo Asviamie elkartera. Medikuak esaten ez badio, gaixoak gehienetan pentsatzen du tabakoa erre izanagatik daukala gaixotasuna.

Sindikatuek behar adinako inplikazioa daukate gaiarekin?

Normalean amiantoaren gaitzak erretiratuei edo erretiroa aurreratu dutenei agertzen zaizkie. Eta batek esan didan bezala: «Hi, horiek ez ditek bozkatzen lantokian. Utzi bakean». Horrelako korporatibismoak ere badaude.

Amiantoaz gain, beste gaixotasun batzuk badaude: silikosia...

Kalean ikusiko dituzu langileak rotaflexarekin ikaragarrizko hautsa ateraz: hori silizea da. Baina, gero, dena estaltzen da esanez zigarroa erretzen zuela. Horregatik oso garrantzitsua da inoiz amiantoarekin lan egin duen edonork Asviamiera edo sindikatuetara jotzea Osalanen zerrendan izena emateko.

Zerrenda horrek ziurtatzen du gaixotasuna garatuz gero lan gaixotasuna dela.

7.500 inguru daude izena emanda, baina orain dela sei urte ez geunden erdiak ere.

Uste duzu jende askoz gehiago dagoela izena eman gabe?

Hiru aldiz gehiago, gutxienez. Jende askok esaten du: «Ni amiantoarekin ibili nintzen, baina gutxi». Gutxi? Zer da gutxi? Behin hauts apur bat arnastea nahiko izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.