Palestinaren aldeko ELAren lanuzteak ordubete luzeagoak izango dira

Urriaren 15erako antolatu ditu, eta lau ordukoak izango dira txanda bakoitzean. Beste sindikatuek hirukoak antolatu zituzten.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urriaren 3a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak lau orduko lanuzteetara deitu du Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren aurka protesta egiteko. Urriaren 15erako egin du deia, LABek, CCOO-k, UGTk, ESK-k, Steilasek, CGT-k, Etxaldek eta Hiruk aukeraturiko egun bererako, baina ELAren lanuzteak ordubete luzeagoak izango dira. «Langile klaseak ahalik eta mobilizazio handiena egin dezan» nahi du sindikatuak, eta lantoki bakoitzeko txanda bakoitzean egingo du deialdia.

LABekin deialdi bateratua negoziatzen saiatu zen ELA, baina ez ziren akordio batera iritsi, bai ordea Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindical sindikatuekin. «Euskal Herriak, Galiziak eta Kataluniak bezala, berezko ahotsa eta Madrildik egindakoak baino aldarrikapen zorrotzagoak eta eraginkorragoak dituztela erakutsi du», azaldu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, deialdien berri emateko deituriko mobilizazioetan.

Neurri zorrotzagoak eskatzeko bide horretan, Lakuntzak salatu du Israeli ezin zaiola «ezer erosi ezta saldu ere». Alegia, «estatu genozida haren kontra benetako neurri politiko eta ekonomikoak» eskatu dizkie enpresei eta erakunde publikoei. Era berean nabarmendu du langile klasearen «euro bakar bat ere» ezin dela iritsi Israelera, eta langileen mobilizazioa ezinbestekoa dela «Espainiak eta Europar Batzordeak behar adineko maila politikorik» ez dutelako.

Artiacheko langileek Israelera ez esportatzeko eskatu dute

Artiach gaileta ekoizleak Orozkon (Bizkaia) duen lantegiko enpresa batzordeak (ELA, LAB, UGT, ESK eta Independenteak) Israelgo Estatuarekin eta harekin lotutako enpresekin dituen merkataritza harreman guztiak eteteko eskatu dio zuzendaritzari. Enpresa Bilbon sortua izan arren, Adam Foods multinazionala da haren jabea 2015az geroztik. Gaileta marka ezagun asko ekoizten dituzte (Chiquilin, Dinosaurus, Filipinos...).

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.