Hego Euskal Herriko sindikatuek Palestinaren aldeko elkartasun eguna antolatua dute biharko. Bake negoziazioak hasiak badira ere, lanuzteei eta mobilizazioei eutsi diete guztiek: «Oso garrantzitsua da Israeli presioa egiten jarraitzea, Palestinan genozidioa, okupazioa eta kolonizazioa behin betiko bertan behera uzteko». ELA sindikatuak lau orduko lanuzte deialdiak egin ditu; beste sindikatuek (LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRU), berriz, hiru orduko etenak egitera deitu dute. Salbuespena hezkuntza sektorea da, egun osoko deialdia egin baitute bertan. BERRIAk bat egin du deialdiarekin, eta zuzenean emango du lanuzteen berri.
1
Noiz egin behar da greba?
ELAren deialdiarekin bat eginez gero, hauek dira lanuzte ordutegiak txandaren arabera: 03:00etatik 07:00etara —industriako ohiko txandetan, 02:00etatik 06:00etara—; 11:00etatik 15:00etara —industrian, 10:00etatik 14:00etara— eta 18:00etatik 22:00etara. Beste deialdiarekin bat eginez gero, berriz, hauek dira ordutegiak: gaueko txandan, 03:00etatik 06:00etara; goizeko txandan, 11:00etatik 14:00etara; eta arratsaldeko txandan, 19:00etatik 22:00etara. Bietan, txanda bakoitzeko amaierako orduetarako egin dute deialdia.
2
Hezkuntza, salbuespena
Hezkuntza da salbuespena, publikoa zein pribatua, eta maila guztietan: haur eskoletatik unibertsitateraino. Sektore horretan egun osoko grebara deitu dute, eta langile guztiak daude deituta: irakasleak, hezkuntza bereziko irakasleak, jangeletako langileak, gidariak... Ikasle sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin. Eusko Jaurlaritzak ohiko zerbitzu minimoak izendatu ditu, eta zentro guztiak irekita egongo dira.
3
Mobilizazioak, non eta noiz?
Asko dira, hiriburuetan zein herrietan. ELAk 11:30ean antolatu ditu hiriburuetan: Bilbon, PSE-EEren egoitzaren aurrean; Donostian, Eusko Jaurlaritzaren aurrean; Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean; eta Iruñean, PSNren egoitzaren aurrean. Hainbat herritan ere kalera aterako dira 12:00etan (Zarautz, Azpeitia, Tolosa eta Beasain) eta 12:30ean (Durango, Gernika eta Eibar).
Beste sindikatuek, berriz, 12:30erako deitu dute hiriburuetako mobilizazioetara: Bilbon, Jesusen Bihotzatik abiatuta; Iruñean, Golemetik; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazatik. Herri handienetan arratsaldean egingo dute protesta, 19:30ean. Iruñea izango da bi mobilizazio izango dituen hiriburu bakarra, beste batera deitu baitute arratsalderako (18:30).
Sindikatuen deialdiarekin bat eginez, Gernika-Palestina plataformak ere bihar arratsaldean egingo ditu printzipioz ostiralerako deituak zituen Burrunba lapiko jotzeak, «mobilizazio egun integralago bat» osatzeko. Udaletxeen aurrean izango dira protesta zaratatsuak, 19:30ean.Â
4
Eskariak
Bi deialdiek antzeko eskari eta argudioak dituzte. Bat egiten dute Palestinako langileei egin beharreko elkartasun keinuekin, eta, besteak beste, sarraskia amaitzeko eta bidezko akordio bat egiteko eskatzen dute. Halaber erakunde publikoei eskatzen diete Israelekin eta hango enpresekin duten harreman oro eteteko.
5
Gutxieneko zerbitzuak
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dagoeneko zehaztu dituzte lanuzteetan egongo diren gutxieneko zerbitzuak. Osakidetzan jai egunetako zerbitzua emango da gutxienez, eta ez du eraginik izango larrialdietan, dialisietan eta tratamendu onkologikoetan. Nafarroako erietxeetan ere tratamenduren bat jasotzen ari direnei zerbitzua bermatuko diete, eta larrialdietako jarduera eta ebakuntza guztiak ere ziurtatuko dituzte. Lehen arretako zentroetan, mediku, pediatra eta erizain bana egon beharko dira bost postuko.
Adinekoen egoitzetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrizanak artatzea bermatu beharra adierazi du Nafarroako Gobernuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zahar etxeetan, aldiz, %50eko eta %70eko zerbitzuak eman beharko dituzte, artatu beharreko pertsonen menpekotasun mailaren arabera.
Garraio publikoan, zerbitzuen %30 ezarri ditu Jaurlaritzak, eta Zuzenean sareko bulegoetan gutxienez pertsona bat egongo da bulegoko.