Kontraerasora jo du Paramountek. Warner Bros (WB) zinema estudioak eta haren telebista eta streaming kanalak erosteko eskaintza publiko oldarkor bat egin du, haren arduradunek negozioa Netflixi saltzea hobetsi dutela iragarri ondoren. Operazioak badu arrakastatsua izateko aukera, batez ere kontuan hartuta Donald Trump AEBetako presidenteak begi txarrez ikusi duela Netflixen aukera, eta Paramounteko jabe David Ellison gertukoa duela.
Akzio bakoitzeko 30 dolar eskaini ditu Paramountek, hau da, 93.000 milioi euro guztira (108.000 milioi dolar). Netflixek, berriz, 71.000 milioi euro eskaini ditu, baina kontuan hartu behar da hark ez dituela erosi nahi WBen telebista kableko kateak (Discovery, Eurosport, CNN eta TNT, besteak beste). Kate horiek ere erosi nahi ditu Paramountek, eta horrek zaila egiten du bi operazioak konparatzea.
Edonola ere, bere eskaintza hobea dela nabarmendu du Ellisonek: «WBeko akziodunek aukera izan behar dute dena dirutan ordainduko dien geure eskaintza hobea kontuan hartzeko. WBko buruzagiei modu pribatuan proposatutako eskaintza bera da, balio handiagoa dauka, eta osatzeko erraza da». Â

Paramount izen bereko estudioen jabea da, baina harenak dira hainbat telebista kate ere (CBS, MTV, Nickelodeon...). WB erosi nahian dabil aspaldi, baina WBeko zuzendaritzak behin eta berriro bota ditu atzera haren eskaintzak. Azkenean, zuzendaritzak konpainia saltzea erabaki zuen urrian, eta, ustekabean, Netflixen aukera hobetsi zuela jakinarazi zuen joan den ostiralean.Â
Lehiaren langa
Erosteko eskaintza oldarkorrak ez dira oso ohikoak hedabideen eta ikus-entzunezko negozioen atalean. Paramountenak baditu, ordea, arrakastatsua izateko aukera batzuk. Izan ere, ikusteko dago lehiaren aldeko agintariek —AEBetako Justizia Departamenduak ez ezik, baita Europako Batzordeak ere— ontzat hartuko ote duten Netflixen operazioa, streamingaren merkatuaren oso zati handia izango lukeelako Netflixi berari HBO Maxena ere batuz gero. Lehiaren inguruko azterketa horretan esku hartuko duela iragarri du Trumpek, eta horrek sinetsarazi diezaieke akziodunei operazioak ez duela aurrera egingo, eta hobe luketela Paramounten eskaintza onartu.
Beste aldean, Netflixek eta WBek izenpetu duten akordioaren ondorioz, operazioak ez badu onespenik jasotzen, WBek 5.000 milioi euro ordaindu beharko dizkio Netflixi. Paramounten edo beste baten eskaintzak aurrera eginez gero, berriz, 2.400 milioi euro jasoko lituzke Netflixek.