Finantza publikoak

Pedro Azpiazuk askatasuna nahi du superabita inbertsioetarako erabiltzeko

Gastu araua malgutzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Pedro Azpiazu, gaur, Madrilen. BERRIA
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 22a
13:14
Entzun

Badira urte batzuk uste baino diru gehiago sartu dela Eusko Jaurlaritzaren kutxetan, dela kupoari buruzko gatazka konpondu delako, dela zerga bilketa uste baino handiagoa izan delako. Iaz, esaterako, 488 milioi euro handitu zen aldundiek zergetan bildutako dirua, eta horretatik %70 sartuko da Jaurlaritzaren kontuetan (340 milioi inguru). Baina diru gehigarri horren zati handi bat ezin du erabili Jaurlaritzak, Egonkortasun Legeak jartzen dizkion mugen ondorioz. 

Muga horietako bat da gastu araua, hau da, gastu publikoa ezin dela handitu kopuru batetik gora. Gastu arau hori «malgutzea premiazko beharra» dela aldarrikatu du gaur Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak. Madrilen egindako hitzaldi batean, Azpiazuk esan du superabita izanez gero aukera izan beharko litzatekeela diru hori inbertsioetarako erabiltzeko. Balizko inbertsio horien artean aipatu ditu, esaterako, klima aldaketaren aurkakoak, Europako Batzordeak abenduan aurkeztutako Itun Berdearen barrukoak.

Azpiazuren arabera, Espainiako 2020rako aurrekontuek aukera eman beharko lukete Finantza Inbertsio Iraunkorren "esparru estutik harago joateko".

Langabezia, %5 eta %6 artean

Sailburuak onartu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia moteltzen ari dela. Etzi aurkeztuko dute 2019ko  datuen aurrerapena, eta BPGaren hazkundea %2,2 izatea espero dute, eta 2020an %1,9an geratzea. «Datu positiboak, Europaren testuingurua kontuan hartzen badugu».

Hurrengo urteetan langabezia tasak jaisten jarraituko duela espero du Azpiazuk, eta irits daitekeela «herrialde garatuen estandarretara», hau da, %5 eta %6 artekora. Bilakaera horretan zerikusia izango du biztanleriaren zahartzeak ere: 2015-2030 epean, 370.000 langile ordezkatu beharko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Kopuru hori oso handia da gaur egun milioi bat pertsonara hurbiltzen den okupazio baterako».

Lan erreforma

Lan erreformari dagokionez, Azpiazuk bat egin du Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak asteartean adierazitakoarekin. Hark esan zuen lan erreforma ezin dela osorik bertan behera utzi, eta iritzi hori bera azaldu du gaur Azpiazuk. «Ez da dena hankaz gora jarri behar eta marko berria osatu, baizik eta erreforma batzuk egin behar dira prekaritatea gutxitzeko, hori ez baita inoren gustukoa, ez langileena, ez enpresaburuena, ezta gobernuarena ere. Garrantzitsua da ikustea zerk funtzionatu duen eta zerk ez».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.