Pentsioak, erretiro egunik gabeko auzia

Pedro Sanchezen bi agintaldietan, pentsioak KPIaren arabera igotzea bermatu da; aurrera begira, baina, sistemaren finantzaketa dago jokoan. Hego Euskal Herrian, kudeaketa eskualdatzea ere eztabaidagai dago.

Pentsiodun batzuk Bilboko parke batean. LUIS TEJIDO / EFE
Pentsiodun batzuk Bilboko parke batean. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2026ko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde kanpainetan badago nolabaiteko lege ezkutu bat: pentsio sistema aldatu nahi baduzu, ez aipatu gaia. Pentsioak igotzea ia alderdi guztiek agintzen dute, baina horretarako dirua nondik lortu eta sistemari nola eutsi izaten da eztabaida nagusia.

1957tik 1977ra bitartean jaiotakoak, hau da, baby boom belaunaldikoak erretiroa hartzen ari dira orain; horren ondorioz, pentsiodunak nabarmen ugaritu dira azken urteetan, eta kotizatzaileen eta prestazioak jasotzen dituztenen arteko orekari eustea zailtzen ari da. Hori bai, azken urteetan immigrazioaren eraginez enpleguak gora egin duenez azken hamarkadan pixka bat gora egin du berriro kotizatzaileen eta pentsiodunen arteko ratioak, 2,03raino.   

Hauteskunde kanpaina hasi aurreko egunean, Voxek hauspotu zuen beste erreforma baten beharra: zalantzan jarri zuen egungo sistema publikoaren bideragarria izatea, eta kapitalizazio pribatua ere jasoko lukeen eredu misto bat proposatu. Ester Muñoz PPren Kongresuko bozeramaileak berehala heldu zion eztabaida horri: egungo sistema «zonbi» bat dela esan zuen, ez duela funtzionatzen, eta «erreforma ausart bat» behar duela. Egunak pasatu ahala, baina, Alberto Nuñez Feijoo presidentegaiak proposamen hori leundu du: adierazi du pentsio publikoen sistema ez dela desagertuko —baina erreformatzea ez du baztertu—, eta aurrerantzean ere prestazioak KPIaren arabera eguneratuko dituela hitzeman.

Eztabaidak, halere, bizirik dirau. PSOEk eta ezkerreko blokeak oro har ohartarazi dute pentsioen sistema publikoa arriskuan dagoela, eta azken urteetako erreformen bideari eutsi behar zaiola, nork bere ñabardurak egin baditu ere.

Finantzaketa auzitan da

Pedro Sanchez gobernura iritsi eta hurrengo urtean, 2019an, KPIaren araberako eguneratzea berreskuratu zuen — PPko Mariano Rajoyk indargabetu zuena—, bere agintaldian bidaide izan dituen talde guztiek babestutako dekretu baten bitartez. Orain, eguneratze hori bermatu eta Espainiako Konstituzioan jasotzea proposatu du PSOEko presidentegaiak. Horrekin batera, agindu du Erreserba Funtsa —pentsioen kutxa deritzona— «indartuko» duela, 2023ko erreforman ezarritako diru sarrera gehigarriei eutsita; besteak beste, kotizazio oinarririk handienak handituz eta 2023an indarrean jarritako belaunaldi arteko ekitate mekanismoaren bidez.

Zortzi urtean, batez besteko pentsioa 500 euro igo da Hego Euskal Herrian, eta 63.000 pentsio gehiago ordaintzen dira

PPk ere KPIaren araberako igoerak egitea agindu du, baina ez du zehaztu zer neurri lehenetsiko lituzkeen Gizarte Segurantzaren diru sarrerak handitzeko, eta, gainera, ez du baztertu Voxek proposatutako eredu mistoa. Beste neurri batzuk ere proposatu ditu: erretiro adina atzeratzea, besteak beste erretiro aktiboa sustatuz eta erretiroa hartu ondoren lanean jarraitzen dutenei zerga kenkariak eskainiz.

Kutxa bakarra eta eskumena

Baina neurri guztien artean bat nabarmentzen da PPren programan: Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra legez «blindatzea». Feijook ez du argitu horrek zer esan nahi duen zehazki, baina Espainiako eskuinaren —eta ezkerreko sektore batzuen—aspaldiko mantra moduko bat da hori: hots, Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleek «lurraldeen arteko elkartasun kutxa apurtu» nahi dutela esatea. PPk zera nahi du: kotizazioek Espainia osoan finantza ditzatela aurrerantzean ere pentsioak eta prestazioak, baliabideak lurraldeen arabera banatu gabe.

Baina, funtsean, EAJk eta EH Bilduk ez dute hori ezbaian jartzen. Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa Hego Euskal Herriko erakundeen esku uztea nahi dute. 

Hala jaso dute jeltzaleek euren programan, eta gogoratu dute Gernikako Estatutuan jasotako eskumen bat dela hori, eta eskualdatzeak ez lukeela sistema bateratua edo kutxa bakarra apurtuko.

Pentsioen kutxa bakarra legez «blindatzea» proposatu du PPk; EAJk eta EH Bilduk, berriz, kudeaketa eskualdatzea nahi dute

Eskaera hori aspaldikoa da, eta azken urteetako erreformetan ere mahai gainean egon da, nahiz eta ez zaion inoiz gaiari heldu.

EAJk 2021eko erreforma eta 2023koa babestu zituen, neurriak beharrezkotzat eta ontzat jo baitzituen. Hala ere, Espainiako Gobernuarekin ez zuen ez hori ez beste ezer negoziatu aldeko botoaren truke; hori bai, jeltzaleek kritikatu egin zuten erreforma horietan kooperatiben berezitasuna ez aitortzea eta kotizazio hobari batzuen kudeaketa argitu gabe uztea.

Eskumena eskualdatzeaz gain, pentsioak urtero KPIaren arabera eguneratzea defendatzen du EAJk, eta gutxienekoak eta kotizaziorik gabekoak pixkanaka hobetzea proposatu du.

Erretiro aurreratuari dagokionez, eskatu du berrogei urte baino gehiago kotizatu dituzten langileei ezarritako penalizazioak kentzeko, baita dagoeneko erretiroa hartuta daudenen zigorrak zuzentzeko ere. Horrekin batera, zaintza lanengatik izandako lan etenak eta kotizazio hutsuneak konpentsatzea nahi du, emakume eta gizonen arteko arrakala murrizteko. Eta zaintza lanak egin dituztenen kotizazio aldiak ere aitortzea, eragina izan dezaten pentsioa kalkulatzeko eta erretiroa hartzeko baldintzetan.

Pentsiorik txikienak

EAJk ez bezala, EH Bilduk pentsioen arloko hobekuntza zehatzak negoziatu ditu Sanchezen gobernuarekin azken bi legealdietan. Hala ere, 2021eko erreformaren aurka bozkatu zuen, erretiro aurreratua zigortzen zuelako, bereziki 40 urtetik gora kotizatutako langileena, eta gutxieneko pentsioak nahikoa igotzen ez zituelako.

2022ko ekainean, baina, kotizaziorik gabeko pentsio guztiak —erretirokoak, alargunenak, umezurtzenak eta ezintasunekoak— %15 igotzea adostu zuen Sanchezen gobernuarekin. Trukean, abstenitu egin zen pentsio plan publikoak arautzeko legearen tramitazioan. Igoera horiek 2023an luzatzeko, beste akordio bat egin zuen Sanchezen gobernuarekin, urte hartako Espainiako aurrekontuak babesteko itun zabalaren barruan.

2023an, pentsioen erreformaren bigarren zatia negoziatu zuen, eta Kongresuan abstenitu egin zen, ez blokeatzeko konpromisoari eutsiz. Trukean, gutxieneko alarguntza pentsioak handitzea adostu zuten: %17 pentsio indibidualen kasuan, eta %30 mendeko senideak dituztenen kasuan. Igoera lau urtean gauzatzea hitzartu zuten, 2024tik 2027ra. Kotizaziorik gabeko pentsioen %15eko igoera iraunkor bihurtzea ere adostu zuten. Trukean, EH Bilduk ez zuen erreforma blokeatu, eta abstenitu egin zen Kongresuan.

Aurrera begira, EH BIlduk pentsiorik apalenak osatzeko neurriak defendatu ditu: gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatekin parekatzea —1.286 euro datorren urtean— eta «pentsiorik txikienak» %15 handitzea. bestalde, erretiro adina berriro atzeratzearen eta pentsioa kalkulatzeko kotizazio aldia luzatzearen aurka agertu da. Lan gogor edo arriskutsuetan aritzen direnei erretiro aurreratua bermatzeko ere eskatu du.

PENTSIODUNAK
Pentsiodunen protesta bat Iruñean, PPren egoitzaren aurrean. JESUS DIGES / EFE

Baina pentsioen partida, Madrilen ez ezik, Hego Euskal Herriko erakundeetan ere jokatu da azken urteetan, pentsiodunen mugimenduak herri ekimen legegile bat aurkeztu baitu gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataren pare jartzeko. Eusko Legebiltzarrean, EAJk ez zuen egitasmoa tramitatzea babestu; EH Bilduk, berriz, alde bozkatu zuen. Jeltzaleek argudiatu zuten proposamena ez zela bideragarria pentsioen eskumena Espainiako Gobernuarena delako eta pentsio apalenak dituztenek badutelako diru sarrerak osatzeko beste babes sistema bat EAEn, diru sarrerak bermatzeko errenta.

Nafarroan ere pentsiodunen ekinaldi legegilea ez tramitatzea erabaki zuen parlamentuak, PSNk eta UPNk aurka bozkatu baitzuten, antzeko argudioak erabilita. Lege propioaren bidea itxita, EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuko alderdiek —PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa— akordioen bidea hautatu dute. Hala, 2027ko aurrekontuen negoziazioan EH Bilduk Maria Txibiteren gobernuarekin adostu du gutxieneko pentsioa dutenen diru sarrerak zerga kenkarien bidez osatzea, urtean 16.660 eurora iristeko —1.190 euroko hamalau ordainsaritan—.

Erretiro adina

Hego Euskal Herrian bozetara aurkezten diren gainerako alderdien artean, berriz, Fronte Zabalak proposatu du erretiro adina berriz ere 65 urtean jartzea, Sanchezen lehen erreforman ezarritako luzapena indargabetuz, eta bermatu nahi du pentsiorik apalenak KPIaren gainetik igotzea, pobrezia atalasea gainditzeko moduan, baita gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataren pare jartzea ere. Horretarako, diru sarrera handien eta enpresa handien ekarpenak handitzea proposatu du.

Podemosek, berriz, 63 urterekin erretiroa hartzeko aukera defendatu du, eta gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataren pare jartzea.

Voxek, eredu mistoaz gain, kotizatzaileen kopurua handitzeko, jaiotza tasa sustatzeko neurriak proposatu ditu, immigratzaileei «ateak irekitzearen» ordez.

67

Erretiro adina zein izango den 2027an. Datorren urtetik aurrera 67 urtekoa izango da erretiro adin arrunta —aurten baino bi hilabete gehiagokoa—, 38 urte eta sei hilabete kotizatu ez dituztenentzat. Kotizazio aldi hori betetzen dutenek, berriz, 65 urterekin hartu ahal izango dute erretiroa. Erretiro adina luzatzea 2011n onartu zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak, CCOOrekin, UGTrekin eta patronalarekin adostuta. Kongresuan PSOEren eta CiUren babesarekin atera zen aurrera; EAJ abstenitu egin zen. Ezker abertzaleak, berriz, ez zuen ordezkaritzarik orduan, legez kanporatzeengatik. Erreforma pixkanaka ezarri dute, 2013tik 2027ra bitartean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA