Pentsioen eta etxebizitzaren alorretako zerga neurriak adostu dituzte Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk

Nafarroako Gobernuak gaur onartuko du lege proiektua ezohiko kontseiluan eta arratsaldean iragarriko ditu neurriak. 1.190 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko da hamalau ordainsaritan eta Ondare Eskualdaketen Zergan %6ko tasa bakarra kenduko da.

Iragan astean aurrekontuari buruzko akordioa hitzartu zuten Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk. JESUS DIGES / EFE
Iragan astean aurrekontuari buruzko akordioa hitzartu zuten Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko azaroaren 6a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehenik aurrekontua, eta orain zerga neurriak. Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk fiskalitateari lotutako neurri sorta bat adostu dute, eta gaur bertan onartuko du lege proiektua gobernu kontseilu berezi batean. EH Bilduk iragarri duenez, pentsioari eta etxebizitzari lotutako neurriak izango dira.

Neurri nagusia iragan astean iragarritako aurrekontu akordioan bertan jaso zen. Errenta zergan, pentsiodunei urtean 16.660 euroko pentsioa bermatuko zaie kenkari bidez. Ondorioz, 1.190 euroko pentsioa ziurtatuko zaie, hamalau ordainsaritan; berez, kopuru horretatik beherako pentsioak osatu egingo dira kenkarien bidez. 

Nafarroako Gobernuak presazko kontseilua deitu du, lege proiektua onartzeko eta gaur bertan Nafarroako Parlamentuan aurkezteko. Arratsaldean jakinaraziko dituzte neurri nagusiak prentsaurrekoan. Legeak bere bidea egin beharko du legebiltzarrean, eta asmoa da abenduaren 17ko osoko bilkuran onartzea, aurrekontuen legearen eztabaida amaitu ondotik.

Gaurko akordioaren berri eman du EH Bilduk ohar bidez. «Borondate politikoa dagoenean, akordioak erakusten du fiskalitatea benetan gehiengo sozialaren zerbitzura jartzen dela». EH Bildu «pozik» dago, lege proiektuaren azken testuan euren neurriak bilduko direlako.

Etxebizitza, erdigunean

Pentsioen inguruko kenkariaz gain, koalizioak nabarmendu du «etxebizitza eztabaida fiskalaren erdigunean» jartzea lortu duela. EH Bilduren arabera, Ogasunak ezin du berdin zergapetu «etxebizitza bat bizitzeko erosten duenak eta etxebizitzak espekulatzeko erosten dituenak».

Hala, Ondare Eskualdaketen gaineko Zerga berrituko da, ohiko etxebizitza eskuratzea errazteko eta espekulazio helburuekin bereganatzea zailtzeko. Horretarako, egungo %6ko tasa bakarrarekin amaitzea planteatu du erreformak: proposamenaren arabera, ohiko etxebizitza eskuratzen dutenei tasa apalduko zaie eta etxebizitzak metatzen dituztenentzako tributazioa progresiboki handituko da, %15eraino

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA