Petrolio enpresek egunean 80 milioi gehiago irabazi dituzte EBn Irango gerra hasi zenetik

Martxoan soilik, 2.500 milioi euroren aparteko irabaziak izan ditu fosilen industriak, Greenpeacek eskatutako ikerketa baten arabera. Mozkin gehigarri horien herenak Alemanian irabazi dituzte enpresek.

Gasolindegi bat, Donostian, martxoaren 19an. GORKA RUBIO / FOKU
Gasolindegi bat, Donostian, martxoaren 19an. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 1a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsailaren amaieran Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen kontrako gerra hasi zutenetik, erregaien prezioek gora eta gora egin dute munduko leku askotan, Europan bereziki, gerrak inpaktu handia izan baitu erregaien nazioarteko merkatuan. Kontsumitzaileak larrituta badaude ere, bada prezioen igoera horretatik etekina ateratzen ari denik: petrolio enpresak. Izan ere, Greenpeacek eskatutako ikerketa batean ondorioztatu dute gerra hasi zenetik petrolio enpresek Europako Batasunean 81,4 milioi euro gehiago irabazi dituztela egunean.

EnergyComment erregai fosilen merkatuaren begiratokiak egin du ikerketa, Greenpeace gobernuz kanpoko erakundeak hala eskatuta. Steffen Bukold ikertzaileak gidatu du azterketa, eta, esan dutenez, martxoan enpresa horiek 2.500 milioi euroren aparteko mozkinak izan dituzte. Ikertzaileen arabera, kontsumitzaileek erosten dituzten produktu finduen garestitzea petrolio gordinarena baino «askoz ere handiagoa» izan da.

Fosilen industria irabaziak biderkatzen ari den honetan, milioika herritarrek fakturak ordaintzeko gero eta arazo gehiago dituzte, nabarmendu dutenez. Hori dela eta, Greenpeacek uste du ezinbestekoa dela petrolio enpresen irabaziak gehiago zergapetzea, eta, era berean, zerga bilketa hori kontsumitzaileen fakturak murrizteko erabiltzea, baita Europako Batasunaren «independentzia energetikoan sakontzeko» ere.

Mozkin handienak, Alemanian

Europako industriaren erdigunean handitu dituzte gehien irabaziak petrolio enpresek, EBko mozkinen hazkundearen ia herena, %30, bertan lortu baitute. Hala, 81,4 milioi euro horietatik, 23,8 Alemanian irabazi dituzte; 11,6 milioi, Frantzian, eta 11,5 milioi, Espainian. Bestalde, erregaiei dagokienez, batez ere gasolioaren garestitzearengatik handitu dituzte irabaziak enpresek. Izan ere, gerraren aurretik gasolioa gasolina baino merkeagoa zen, baina orain gasolinaren prezioa gainditu egin du gasolioarenak. Hala, 81,4 milioi euro horietatik 75,3 gasolioaren merkatuan lortu dituzte, eta gainontzekoa gasolinarenean.

Orokorrean, irabazteko ahalmen handiagoa duten herrialdeetan hazi dira irabaziak. Gasolioaren kasuan, Austrian, Danimarkan, Herbehereetan eta Suedian handitu dituzte gehien mozkinak enpresek, eta gasolinaren kasuan, berriz, Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Espainian. Herrialde txiki batzuetan, berriz, mozkinak gutxitu egin dira, ikertzaileek azaldu dutenez: Eslovakian, Eslovenian, Maltan eta beste batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA