Festaren ondoren biharamuna dator, bai herriko jaietan baita merkatuetan ere. Eta atzo 2020az geroztiko erorikorik handiena izan ondoren, petrolioaren prezioak berriro gora egin du, Ormuzko itsasarteak ia guztiz itxita jarraitzen duelako.Â
Asteazkenean %13 merkatu zen Brent upela, baina gaur ez da halakorik gertatu. Arratsalde erditsuan %5 garestitu eta berriro ehun dolarraren atarian geratu zen. Baina, orduek aurrera egin ahala, indarra galdu zuen igoerak (+%1), ziur aski Israelek onartu egin zuelako Libanorekin negoziatzea haren aurkako erasoak eteteko.
Edonola ere, merkatzearen etenak erakusten du merkatuek ez ditutela gauzak garbi, eta AEBek eta Iranek hitzartutako hamabost eguneko su etenari buruzko zalantzak dituztela. Horrek eragin dezake luze joatea Persiar golkoan harrapatuta geratu den petrolioa merkatuetara iristeko prozesua, inoiz gertatzen bada.Â
Izan ere, atzo lau ontzik bakarrik igaro zuten Iranen eta Omanen arteko itsasartea, eta 11 izan ziren bezperan, su etenaren iragarpenaren aurretik. Fars berri agentziak azaldu duenez, Iranek eten egin zuen petroliontziei eta beste itsasontziei Ormuz zeharkatzeko baimena, Israelek gogortu egin zituelako Libanoren aurkako erasoak. Ohikoan, 140 itsasontzi igarotzen dira egunero handik.Â
Ikusteko dago zer gertatuko den hurrengo egunotan, baina itsasontziek beren kokapenaren berri emateko darabiltzaten sistemek erakusten dute gaur ere trafikoa oso urria dela inguru horretan, itsasontzi gutxi batzuk soilik zeharkatu dutelako itsasartea, eta haietako gehienak Irango aldetik egin dute, eta ez Omangotik. Hori egiteko arrazoietako bat da Iranek minak jarri dituela inguru horretan, baina pasabide batzuk irekita utzi dituela bere baimenarekin Ormuztik igaro nahi dutenentzat.
Elkarrizketak, asteburuan
Su etenari buruzko zalantzak agian asteburuan argituko dira, orduan aurrez aurre hitz egin behar baitute Irango eta AEBetako gobernuetako ordezkariek, Islamabaden (Pakistan). Han izango da JD Vance, AEBetako lehendakariordea.
Elkarrizketa horien ondorioz su etena berretsiko balitz, litekeena da petrolioaren prezioak berriro behera egitea eta, ondorengo epe batean, baita gasolioak eta gasolinak ere. Edonola ere, adituek ohartarazi dute gerrak hidrokarburoen azpiegituretan eragindako txikizioak konpontzeko asteak edo hilabeteak beharko direla, eta nekez itzuliko direla berehalakoan AEBek eta Israelek Iranen aurkako erasoa hasi aurreko mailara.