Petrolioaren prezioa gerra aurreko mailara itzuli da, baina gasolioarena oraindik ez

Espainiako Gobernuak neurriak luzatu ezean, asteazkenean gasolioa 22 zentimo garestituko da Hegoaldean, eta 29 zentimo gasolina. Ipar Euskal Herrian, Hegoaldean baino 40 zentimo garestiago daude erregaiak.

Martxoaren erdialdean, erregai litroak bi eurotik gorako prezioa zuen Hego Euskal Herrian. GORKA RUBIO / FOKU
Martxoaren erdialdean, erregai litroak bi eurotik gorako prezioa zuen Hego Euskal Herrian. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko ekainaren 26a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau hilabete behar izan ditu petrolioak gerra aurreko preziora iristeko. Israelek eta AEBek Iranen aurkako erasoa hasi zutenean, Brent upelaren etorkizuneko kontratuak 72 dolarrean zeuden, eta prezio horretara jaitsi dira azken egunotan. Baina petrolioaren eta haren eratorrien prezioen bilakaera ez dago erabat lotuta, eta, horrela, gasolioa oraindik gerraren aurretik baino garestiago dago.

Otsailaren 28an, AEBek eta Israelek lehen erasoak hasi zituztenean, 1,471 euroan salerosten zen batez beste gasolio litroa Euskal Herriko gasolindegietan; gaur, berriz, 1,533an. Sei zentimoren aldea ez da berez oso handia, baina kontuan hartu behar da gasolioaren prezioak tranpa txiki bat duela Hego Euskal Herrian —eta han daude Euskal Herriko hamar gasolindegitik bederatzi inguru—. Izan ere, martxoaren erdialdera, Espainiako Gobernuak erregaien gaineko BEZ zerga %21etik %10era jaitsi zuen, eta erregaien gaineko zerga berezia baimendutako maila txikienera jaitsi zuen.

Baina neurri horiek ekainaren 30 arte soilik daude indarrean, eta, hurrengo egunotan Pedro Sanchezen gobernuak kontrako erabakirik hartzen ez badu, uztailaren 1ean 22 zentimo igoko da bat-batean gasolioa, eta 29 zentimo gasolina, gasolindegien patronalak kalkulatu duenez.

Hau da, hurrengo egunotako bilakaerak zenbait zentimotako gorabehera eragin dezakeen arren, gasolio litroa gerraren aurretik baino ia 30 zentimo garestiago ordaindu beharko dute Hegoaldeko gasolindegietako erabiltzaileek, Brent upela dagoeneko maila berean egon arren.

Gerrak batez ere gasolioaren prezioari eragin zion, erregai horren zati bat Persiar golkoko findegietatik datorrelako eta horrek eskasiaren beldurra sortu duelako. Ez da, ordea, halakorik egon Euskal Herrian edo inguruko lurraldeetan, besteak beste Petronorren findegiek erregai horren ekoizpena handitu ahal izan dute eta.

Gasolinaren prezioa ez zen hainbeste handitu, eta hura bai, gerra hasi aurretik baino merkeago dago. Gerra piztu zenean, gasolina litroa 1,503 euroan saltzen zen Euskal Herrian, eta 1,45 euroan dago orain. Baina merkatze horren arrazoietako bat da gasolinaren gaineko zerga berezia gehiago jaitsi zela, eta, horrenbestez, gehiago igoko dela asteazkenean —29 zentimo, Hegoaldean—.

Ipar Euskal Herrian, berriz, gerrak iraun bitartean ez dute prezioa gutxitzeko neurririk izan. Frantziako Gobernuak konpentsazio batzuk eman dizkie garraiolariei eta laborariei, baina ez herritar arruntei, horrelako neurri orokor batek kostu handia duelako kutxa publikoentzat, eta Parisek, %5etik gorako defizitarekin, ez duelako tarte handirik halakoetarako. Ondorioz, erregaia Hegoaldean baino nabarmen garestiago dago gaur egun: 1,89 euroan dago gasolio litroa, eta 1,87 euroan gasolinarena. Hau da, gutxi gorabehera 40 zentimo garestiago. Baliteke alde hori hamar zentimora jaistea asteazkenean.

Merkatzeko bidean

Edonola ere, hurrengo asteetan eta hilabeteetan erregaiak merkatzea espero da, azken hilabeteetan Ormuzko golkoan blokeaturik izan den petrolioa eta gasolioa helmugara iritsi ahala. Petrolio hori batuko zaio gerraren aurretik dagoeneko ongi hornituta dagoen merkatu bati, eta, hortaz, prezioetan ere eragina izatea espero da.

Edonola ere, badaude prozesua moteldu dezaketen faktoreak. Bonbek eta droneek zenbait azpiegitura hondatu dituzte, eta denbora beharko da golkoaren inguruan ekoizpena gerra aurreko mailara iristeko. Tarte horretan beste ekoizle batzuek —AEBek nagusiki, baina baita Errusiak eta beste batzuek ere— ekoizpena handitu dute.

gasolio kontsumoa ia %5 apaldu da

Petrolioaren prezioak bat-batean gorakada handia izaten duenean, haren kontsumoa jaitsi egin ohi da, eta hala gertatu da aurten ere. Martxoan eta apirilean 527.728 tona erregai salerosi ziren Hego Euskal Herriko gasolindegietan, iaz epe horretan baino %3,2 gutxiago. Hau da, bizkortu egin da erregaien kontsumoaren jaitsiera, 2024tik %2025era %1,4 apaldu baitzen.

Zehaztu behar da gasolioaren kontsumoa ari dela jaisten, eta ez gasolinarena. Azken hori darabilte errekuntzako motorra duten auto berri gehienek, eta horrek eragin du haren kontsumoa %11,5 handitzea martxoan eta apirilean. Baina salerosten diren hamar erregai litroetatik ia bederatzi gasolioarenak dira, eta haren kontsumoa %4,9 apaldu zen iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA