Petronor, greba mugagabearen atarian, lehen aldiz 1979az geroztik

Lan baldintzetan izandako aldaketak eta findegiko mantenuak dituen gabeziak salatu ditu langile batzordeak. Langileek asteazkenean erabakiko dute 45 urtean lehenbizikoz lanuzte mugagabea egin ala ez.

Petronorrek Muskizen duen findegiko tximinietako bat. MIGUEL TOÑA / EFE
Petronorrek Muskizen duen findegiko tximinietako bat. MIGUEL TOÑA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da giro Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegian. Langileak «mugara» iristen ari direla salatu du langile batzordeak, eta asteazkenean bilera batera deitu dituzte, greba mugagabeari ekin ala ez erabakitzeko. Deialdiaren muinean zuzendaritzak lanaldiaren iraupenean egin nahi dituen aldaketa sakonak daude. Greba deialdia egina dago, eta, langileek onartuko balute, ostegunean bertan hasiko litzateke. Findegian 45 urtean egin den lehen greba mugagabea litzateke, azkenekoa 1979an izan baitzen.

UGTk (sei delegatu), CCOOk (sei), TU Trabajadores por la Unidad (bost) eta ELAk (lau) osatzen dute batzordea, eta lau indar sindikalek bat egin dute greba mugagabea mahai gainean jartzeko erabakian. Batzordeak azaldu duenez, batasun hori langileek duten erneguaren isla da. Egun, mila langile inguru ditu Petronorrek, eta horietatik 500ek dihardute ekoizpenean. Azpikontratek pisu handia dute findegian.

UGT, CCOO, TU eta ELA sindikatuek osatzen dute langile batzordea, eta aho batez erabaki dute greba mugagaberako deialdia bozkatzea

Petronorrek lan harremanak kudeatzeko arduradun berria izendatu zuen martxoan, eta harekin giroa asko gaiztotu dela azaldu du batzordeak. Esaterako, ekoizpenean diharduten langileei eguneroko lanaldia ordu erdi luzatu nahi dietela salatu dute. Langile horiek egunero ordu erdi dute laneko arropak eta babesak jantzi eta eranzteko, eta tarte hori lanalditik kanpo utzi asmo du zuzendaritzak.

Batzordeak azaldu du produktu petrokimikoekin lan egiten dutela, eta aldagelako tartea langileen babes eta segurtasunaren oinarrietako bat dela. Halaber, adierazi dute urte luzeetako borrokari esker irabazitako eskubide bat dela eta ez diotela muzin egin nahi. Hori ez da grebara deitzeko lan baldintzekin loturiko arrazoi bakarra, salatu baitute zuzendaritzak ez duela bete behin-behineko langileen lan poltsa kudeatzeko duela bi urte egin zuten akordioa.

Mantenua, okertzen

Grebara deitzeko arrazoi gehiago daudela azaldu du batzordeak; esaterako, findegiko mantentze lanek okerrera egin dutela. Kostuak aurrezteko asmoz harturiko erabakia dela uste du, eta okertze hori instalazioen egoera «tamalgarrian» sumatu daitekeela. Salatu du enpresak segurtasunaren gainetik jarri dituela irabaziak eta «larriak izan litezkeen» istripuak «nabarmen» ugaritu direla.

Langile gehienek dute pertzepzio hori; izan ere, delegatuek salatu dute ezbehar asko ez direla lan istriputzat hartzen. Halaber, gogoratu dute produktu kutsatzaile eta toxiko askorekin egiten dutela lan, eta istripuetan halakoak «kontrolik gabe» isurtzeko arriskua dagoela, eta horrelako ezbehar batek kalte handia sor diezaiekeela findegiaren inguruan bizi diren biztanleei.

BILBOKO PORTUKO EKOAGREGAKIN PLANTA, 2026RAKO

Petronor eta O.C.O Technology elkarlanean eraikitzen ari diren ekoagregakin planta 2026an hasiko da eraikuntza materiala ekoizten. Bilboko portuan egongo da lantegia, eta, behin obra zibileko fasea osatuta, ekipamenduen muntaketa hasi dute. Lantegi horretan kareharrizko agregakin artifiziala ekoitziko dute egun zabortegira bidaltzen dituzten errausketako hondakinak eta CO2a nahastuz. Hogei milioi euroko kostua du lantegiak, eta 11,5 milioi Kutxabanken mailegu bati esker lortu dituzte. Jabetzaren %75 Petronorrena da, eta %25, OCOrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.