Petronorreko langileek beren osasuna eta bizilagunena bermatzeko eskatu diote enpresari

Azken bentzeno ihesa izan zenetik enpresak informazio gutxi eman duela salatu, eta mantentze lanetarako inbertsioak handitzeko exijitu dute.

Langileek protesta egin dute gaur, findegiaren atarian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Langileek protesta egin dute gaur, findegiaren atarian. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
MUSKIZ
2026ko martxoaren 10a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxinaka baretzen ari dira duela ia bi aste Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegian izandako bentzeno isurketak harrotutako hautsak. Baina ezinegona ez da desagertu. Petronorreko berrogei langile inguru findegiko atarian bildu dira gaur 13:30ean, protesta isil bat egiteko. Osasuna lehenbizi dioen pankarta baten atzean bildu dira langileak, txanda aldaketa egiten ari ziren langileen joan-etorriaren aurrean, eta «langileen eta bizilagunen osasuna lehenesteko» exijitu diote enpresari. Paradoxikoki, isurketa gertatu zen deposituaren ondo-ondoan izan da elkarretaratzea.

Enpresa Batzordeak antolatu du protesta; adierazi dute duela ia bi aste jazotakoa lehenago ere gertatu izan dela eta «onartezina» dela. Zehaztu dute enpresak informazio gutxi eman duela otsailaren 26an gertatu zenaren inguruan: «Ezbehar horretan Petronorren zuzendaritzaren kudeaketa oso txarra izan zen». Isurketa gertatu eta hurrengo egunean, ostiralean, oso informazio gutxi jaso zutela salatu dute, baita «berandu» jaso zutela ere.

Hala ere, nabarmendu dute isuria ez dela zoriaren ondorio, urteetako kudeaketa txarraren emaitza baizik: «Lantegiko mantentze lanak alde batera uzten ari dira, inbertsio faltagatik batez ere, baina baita etekin ekonomikoak lehenesteagatik ere». Enpresak ez ezik erakunde publikoek ere berandu erreakzionatu zutela salatu dute: «Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak bidalitako mezua hamabi ordu berandu iritsi zen». Gainera, salatu dute «gardentasun falta» izan zela airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikorraren datuak erakutsi zituztenean, eta uste dute horrek alarma soziala areagotu zuela.

Inbertsio falta

Idoia Zalbide Petronorreko Enpresa Batzordeko kideetako bat da, eta garbi utzi nahi izan du arazoa ez dagoela soilik komunikazioarekin eta segurtasun protokoloekin lotuta, inbertsio falta orokor batekin baizik. Haren ustez, otsailaren 26an gertatutakoa zuzendaritzaren erabakien emaitza logikoa besterik ez da. Azpiegiturak mantentzeko lanen falta jo du arrazoi nagusitzat, horren ondorioz sortzen baitira intzidentzia gehienak, haren arabera. «Instalazioetatik buelta txiki bat ematea nahikoa da ikusteko arazoa zenbaterainokoa den», azaldu du.

Horrez gain, langileen segurtasun protokoloek eta baliabideek gabezia handiak dituztela ere esan du; are, azaldu du enpresak harro komunikatzen duela alor horietan gutxiago inbertitzen ari dela, eta Zalbidek gehitu du gabezia horien ondorio larrienak findegian bertan dauden langileek pairatzen dituztela, baita bizilagunek ere. Finean, uste du lantegia hobetzeko inbertsioak funtsezkoak direla langileen eta bizilagunen segurtasunerako.

Azkenik, langileen lan baldintzei buruz aritu da Zalbide. Aparteko ordu «mordoa» egiten dituztela esplikatu du, eta iradoki horrek eragin handia duela segurtasunean, errendimendua eta arreta murriztu egiten baitira bigarren lanordutik hamabigarrenera. Haren esanetan, Espainiako legedia ez da errespetatzen, enpresak ez baitie aitortua kartzinogenoekin kontaktuan lan egiten dutela: «Aski frogatuta dago bentzenoa kartzinogenoa dela». Hori, adibidez, erretiroa lehenago hartzeko lagungarria izango litzaieke. Gai horrekin lotuta, salatu du ez dutela kobratzen toxikotasunagatik jaso beharko luketen gehigarria ere.

Bere izena eman nahi izan ez duen langile batek berretsi egin ditu Zalbidek esandakoak, eta otsailaren 26an gertatutakoarekin lotuta, ñabartu du aurreko gauetik hasi zirela arazoak, isuria gertatu zen egunean informazio falta handia izan zela eta hurrengo egunean ere apenas jaso zutela informaziorik. Kontatu duenez, ia bi aste igaro dira, eta oraindik ez diete gertatutakoa argitu eta. Esan du, halaber, Zalbidek aipatutako inbertsio falta dela eta azken urteetan intzidentzien kopurua eta maiztasuna «nabarmen» handitu direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA