PETRONOR

Findegi bat bizilagun

Petrolio findegi batetik metro gutxira bizitzera ohitu dira Muskizko eta Abanto-Zierbenako bizilagun batzuk, nahiz eta ia denek instalazioak ixtea nahi duten.

PETRONOR
Petronorren findegia, etxe batzuen artean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
MUSKIZ / ABANTO-ZIERBENA
2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nola jokatu larrialdi kimiko baten aurrean?» galderari zehatz eta ondo erantzuten euskal herritar gutxik jakingo luke. Muskizen (Bizkaia) eta Abanto-Zierbenan (Bizkaia), ordea, bizilagunek badakite zer egin: arnasbideak estali, leku itxi eta seguru bat bilatu eta etxeko leihoak ez zabaldu. Eta ondo dakite hori, ez soilik argibide horiek azaltzen dituzten afixak dituztelako kalean, baizik eta behin baino gehiagotan hala jokatu behar izan dutelako.

Izan ere, haien egunerokoa nabarmen baldintzatzen duen bizilagun petral bat dute etxetik metro gutxira: Petronorren findegia. 220 hektarea inguru hartzen ditu findegiak Bizkaiko ipar mendebaldean; instalazioen zati handiena —%70 baino gehiago— Muskizen dago, eta gainontzekoa Abanto-Zierbenan. Findegia, baina, biztanleria nukleoei itsatsita dago. Eta instalazioetan arazoak daudenean, nukleo horiek sufritzen dituzte kalteak, duela bi aste pasa zen moduan. Muskizko San Juan eta San Julian auzoek eta Abanto-Zierbenako Las Carreras auzoak osatzen duten triangelu inperfektuaren erdigunea osatzen du Petronorrek. San Juanen bizi da jende gehien —6.400 baino gehiago—; Las Carrerasen 2.000 lagun inguru bizi dira, eta San Julianen, berriz, 250 pasatxo.

Las Carrerasen «betidanik», findegia existitu aurretik bizi izan diren bi bizilagunekin hitz egin du BERRIAk: Errolan (64 urte) eta Florencio (77 urte). Errolanek nabarmendu duenez, findegiaren zati handiena eta egoitza soziala Muskizen badago ere, Las Carrerasen ere findegi baten ondoan bizitzearen kalteak pairatzen dituztela, gehiago askotan, barnerago egonik itsasotik sartzen den haizeak kutsadura haiengana eramaten baitu.

«Ez zuten sirenarik piztu. Egin zuten lehen gauza isilik geratzea izan zen. Ez dakigu noiz gertatu zen»

ERROLAN Las Carreras auzoko bizilaguna

Tarteka, eguerdiko 12:00etan alarma kimikoen sirenak pizten dituzte funtzionatzen dutela egiaztatzeko, baina Errolanek azaldu du egun horretan, beharrezkoa zenean, ez zituztela piztu: «Ez zuten sirenarik piztu. Egin zuten lehen gauza isilik geratzea izan zen. Ez dakigu noiz gertatu zen, baina eguerditik aurrera hasi ginen usaina nabaritzen. Ni txokoan nengoen, eta bertaraino sartu zen usaina».

Padura bat findegi bihurtua

Gaur egun findegiaren azpiegiturak dauden lekua nolakoa zen ederki gogoratzen du Florenciok: «Hau dena ibar bat zen, padura bat. Natura inguru ikaragarri eder bat zen. Ehiztariak eta guzti aritzen ziren». Frankismoaren azken urteetan eraiki zuten findegia, eta horren kontrako mugimendu txiki bat hasi zen, baina ez zuen luze iraun, hark azaldu duenez: «Kontra egiteko ahalegin bat izan zen, baina alde guztietatik jo gintuzten, garai hartan Guardia Zibila ez baitzen tontakeriatan aritzen».

IMG 4129
Alerta kimiko bat dagoenean kontuan hartu beharreko gomendioak, Las Carreras auzoko kale nagusian. BERRIA

Esan du findegiaren kontra egon dela beti, eta gogoratu du beste hainbat borrokatan ere aritu izan dela: «Nik Euskaldunan egiten nuen lan, eta grebetan tiragomarekin ibiltzen zenetako bat nintzen. Bizitza honetan borrokatzea tokatu zait». Ondo gogoratzen du non zen otsailaren 26an: «Ostegunero lagunekin geratzen naiz musean jokatzeko. Kalean geunden, eta Ertzaintzaren patruila bat gerturatu zitzaigun, esanez bentzeno ihes bat zegoela, etxera joan eta leihoak ixteko».

«Hau dena ibar bat zen, padura bat. Natura inguru ikaragarri eder bat zen. Ehiztariak eta guzti aritzen ziren»

FLORENCIO Las Carreras auzoko bizilaguna

Muskizen bizi den eta bere izena eman nahi izan ez duen gizon heldu baten bizipena ere jaso du BERRIAk. Arnasteko arazoak ditu, eta etxera joan behar izan zuen, maskara bat jarrita. Gaineratu du ez dela lehen aldia findegi baten ondoan bizi dena, Espainiako Huelva probintziako Palos de Frontera herrian dagoen findegiaren ondoan ere bizi izan baita.

Emakumeak, findegiaren aurka

Muskizko San Julian auzora mugituta, bi andre adindun hizketan ari dira, bata baserriaren barruan, eta bestea kalean. Etxearen jabeak, Maribelek, 79 urte ditu, eta etxeko atea eta leihoak zabalik ditu. Otsailaren 26an, baina, itxi egin behar izan zituen, usain txarra dela eta. Gero jakin zuen bentzeno ihes bat egon zela. Maripaz bizilaguna du Maribelek; 70 urte ditu, eta goizero duen ohitura bat azaldu du: «Goizero etxeko atetik ateratzen naiz, eta usain txarrik dagoen ala ez egiaztatzen dut. Usain txarrik ez badago, orduan irekitzen ditut leihoak, etxea egurasteko». Antza, egun askotan etxea egurastu gabe uzten du, hala nahiago baitu.

IMG 4131
Airearen kalitatea neurtzeko estazio bat, Las Carreras auzoan. BERRIA

Elkarrizketa egitean zegoen usainaz galdetuta, barre egin dute bi emakumeek, eta esan «hori ez dela ezer». Aspalditik ohituta daude usain txarrera, baina otsailaren 26koa ezberdina izan zela azaldu dute. Hala ere, berandu abisatu zietela salatu du Maripazek: «Udaltzainak ez ziren pasa ere egin ihes bat zegoela abisatzeko. Zerbait larria gertatzen denean ez dute alarma pizten. Apaingarri gisa dute sirena; inor erortzen ez den bitartean, ez zaie inporta». Esaldi horri jarraituz, Maribelek: «Eta inor erortzen bada, estaltzeko modua dute». Haserrea nabari da haien hitz egiteko eran, baina ez soilik azken asteetan gertatutakoagatik.

«Duela urte mordoa, beste ihes bat egon zenean, anbulantzia batean Gurutzetako ospitalera (Bizkaia) eraman behar izan ninduten»

MARIPAZ San Julian auzoko bizilaguna

Maripazek harro esan du San Juliango emakumeek gogor egin dutela borroka findegiaren kontra: «Herri honetako emakumeok asko borrokatu dugu. Coque plantarena etorri zenean, adibidez. Hedabideetan atera gara, manifestazioak egin ditugu, abokatuekin lanean izan gara, Eusko Jaurlaritzara jo dugu...». Hala ere, onartu dute hein batean gauza batzuk hobetu egin direla, filtro gehiago daudelako, adibidez; horren atzean beren borroka dagoela esan dute, eta beste elkarrizketatuek bezala, findegia ixtea nahi dute.

Atzera eginda, oroitzen dute duela ia 55 urte findegia funtzionatzen hasi zenean «txikitxoa» zela baina gutxinaka hazten joan zela, eta Maripazek dio orain hiru findegiren tamaina duela. Zalantzarik ez dute izan beren egoeraren erantzule nagusia seinalatzean: Josu Jon Imaz, Repsolen kontseilari ordezkaria. «Imaz [Donald] Trumpekin izan zen duela gutxi, eta ikusi al zenuten zer esan zuen? Venezuelako petrolioa hona ekarri nahi duela, dagoen petrolio okerrena», esan du Maripazek. Maribelek gehitu du aspalditik daukatela Imaz «katalogatuta»: «Badakigu zer-nolakoa den. Eta horrela irabazi ditu izan dituen kargu guztiak». Maribelen hitzei segida emanez, zera gehitu du Maripazek: «Hari, dirua irabazteko bada, gainontzekoon osasunak bost axola dio; noski, bera ez dagoelako hemen».

IMG 4133
San Julian auzoko etxe bat, parean findegia duela. BERRIA

Eta Maripazek ederki daki findegi baten ondoan bizitzeak zer dakarkion osasunari: «Duela urte mordoa, beste ihes bat egon zenean, ertzainek nire etxera etorri behar izan zuten, eta anbulantzia batean Gurutzetako ospitalera (Bizkaia) eraman behar izan ninduten. Ezpainak more jarri zitzaizkidan, eta oka marroia bota nuen. Findegira inspekzioa egitera sartu ziren ertzainak ere ospitaleratu behar izan zituzten, baina dena estali zuten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA