Tituluan akats batek ihes egin dizu: Guinness jarri nahi eta Lidl jarri duzu.
Bada, ez. Lidl jarri nahi nuen.
Guinnessarekin aspertu eta Alemaniako garagardoa edaten hasi al dira Irlanda aldean?
Egia esateko, Irlandako pub gutxi batzuetan egon naiz, eta San Miguel garagardoa ere ikusi dut, baina Alemaniako garagardorik ez dut ikusi.
Eta, orduan, nolatan edango dute Lidl garagardoa?
Lidl pub bat eraikitzen hasi delako, Dundonald herrian, Belfastetik kilometro gutxira. Alemaniako supermerkatu kateak iragarri duenez, bere dendetan saltzen dituen garagardoak eta beste marka batzuetakoak salduko ditu han.
Taberna asko al ditu Lidlek?
Ez, lehenengoa da, eta agian bakarra izango da. Funtsean, Irlanda iparraldeko lege berezien ondorio da pub bat irekitzeko erabakia.
Zergatik dira lege bereziak?
Euskal Herrian bezala, Irlanda osoan ere alkohola saltzeko baimen berezi bat behar da. Baina alkoholaren salmenta kontrolatze aldera, Irlanda iparraldeko parlamentuak erabaki zuen alkohola saldu nahi zuen establezimendu berri batek aurretik lizentzia zuen batek libre utzitakoa baliatu behar zuela. Eta hori bazuen Lidlek, baina beste urrats bat falta zitzaion: eskasiarena.
Garagardo eskasia? Benetan?
Funtsean, bai. Baimena nahi duenak erakutsi behar du eremu horretan ez dagoela nahiko eskaintzarik eskaria betetzeko. Alkohola non erosi bazegoela zioten lehiakideek eta udal agintariek, eta auzitara jo zuten baimena trabatzeko, baina aste honetan jaso du Lidlek Ipar Irlandako Auzitegi Nagusiaren onespena. Ondoren, ostegunean iragarri zuen 60 metro koadroko eraikin bat egiten hasiko dela, bere dendaren ondoan, eta hor pub bat jarriko duela, baina baita alkohola erosteko dendatxo bat ere.
Negozio ona izango da pubena Irlandan...
Datuek kontrakoa diote. Uharte osoan 2.800 taberna baino gehiago itxi dira mendea hasi denetik, hau da, lautik bat baino gehiago (-%27). Horietatik, 500dik gora ziren Irlanda iparraldeko sei konderrietan.
Zergatik itxi dira hainbeste?
Arrazoi asko daude. Alkoholemia kontrolek eta alkohola edan ondoren gidatzearen arriskuei buruzko kontzientziak herri txikietako taberna asko ixtea eragin dute; horrek azaltzen du itxitakoen tasa Dublinen dela inon baino txikiagoa (-%1,7), han garraio publiko egokia dutelako. Baina badaude aldaketa demografikoak ere —gazteek gutxiago edaten dute—, kostuen handitzea, errelebo falta, eta, batez ere, dendetan alkohola erostea merkeagoa dela.
Tira, ba, industriari laguntzeko bada, joango gara Dundonaldera, eta, Lidl pinta bat eskuan, abesti errepublikanoak abestuko ditugu.Â
Ez dizut halakorik aholkatzen, Dundonald herri unionista baita...