Pradalesek jakinarazi du Ayesaren egoitza Donostian egongo dela

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zuhurtzia eskatu du, operazioa oraindik itxi gabe baitago. Eta esan du konpainiak Euskal Herritik kanpo dituen negozio atalak Bizkaira eta Arabara ekartzen saiatuko dela, partzuergoko kideen «ahalegina» ere saritzeko.

Ayesa ITk (Ibermatica) Donostiako Miramongo parke teknologikoan duen egoitza. BERRIA
Ayesa ITk (Ibermatica) Donostiako Miramongo parke teknologikoan duen egoitza. BERRIA
aitor biain
2026ko otsailaren 20a
10:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal partzuergoak Ayesa Digital erosi ondoren, haren egoitza non kokatu izan da eztabaida nagusietako bat. Gobernu bazkideen artean ez ezik, alderdien barruan ere desadostasunak sortu baititu, batez ere EAJri dagokionez. Eztabaida hori amaiarazi nahi izan du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta jakinarazi du Ayesaren egoitza nagusia Donostian egongo dela: «Ayesa Donostian sortu eta garatu zen, eta, beraz, gobernu gisa uste dugu haren egoitzak han jarraitu behar duela».

Eusko Legebiltzarrean egin du jakinarazpena lehendakariak, kontrolerako osoko bilkuran Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak egindako galdera bati erantzunez. Pradalesek adierazi duenez, gainerako akziodunekin adostu dute erabakia. Halere, «zuhurtzia» eskatu du, operazioa oraindik itxi gabe baitago. Adierazi duenez, hurrengo asteetan ixtea espero dute. Lehendakariak azpimarratu du Ayesa enpresa «estrategikoa» dela, eta teknologia digitalen alorrean mundu mailan «erreferente» izateko ahalmena duela. «Txapeldun bat irabaziko dugu», azpimarratu du lehendakariak, eta zehaztu beste enpresa batzuei etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko diela. 

Ayesaren egoitzaren inguruko erabakiak ika-mika politikoa eragin du azken asteetan, batez ere Kutxa fundazioak enpresaren erosketan parte hartuko ez zuela iragarri ondoren. Enpresa erosteko diruaren zati bat BBK-k jarriko duenez, egoitza Bizkaira eramatearen aldeko iritzia hauspotu zuten hainbatek. Horrek tentsioa eragin zuen EAJren barruan, baina baita EAJren eta PSE-EEren artean ere, Gipuzkoako Foru Aldundian. Pradalesek, ordea, esan du ez duela lurraldeen arteko eztabaida hori hauspotuko eta ez dela «probintziakerian» eroriko. Izan ere, haren irudiko, Ayesa «Euskadira» itzuliko dela da garrantzitsuena.

Hori bai, Ayesa erosteko parte hartu duten gainerako enpresak ere saritu beharra dagoela uste du Pradalesek. BBK-k ez ezik, Vital Fundazioak ere «ahalegina» egin duelako garai bateko Ibermatica zena erosi ahal izateko. Hori dela eta, lehendakariak esan du Ayesak Euskal Herritik kanpo dituen jarduera edo negozioak Arabara eta Bizkaira erakartzen ahaleginduko direla. Vitalek iragarri zuen, esaterako, hark egindako inbertsioari esker logistika zentro bat eratuko zela Gasteizen.

«Lidergo falta»

Pello Otxandianoren iritziz, baina, «ulertzen zailak» dira gai horren inguruan azken asteetan jeltzaleen eta sozialisten artean izan diren desadostasunak, eta gogorarazi du ez dela kasu bakarra zeinetan bi alderdiek iritzi kontrajarriak dituzten, «baita antagonikoak ere». Pasaiako portuaren adibidea aipatu du, besteak beste. Horiek horrela, Pradalesi esan dio haren «lidergo falta» sumatu duela, Ayesa erosteko operazioaren «bideragarritasunari» begira «bermeak» emateko.

EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu du Ayesa erosteko operazioa garrantzi handikoa dela, eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu duela: 40 milioi euro jarri ditu. BBK-k, Vital Fundazioak, Kutxabanken Indar funtsak eta Tekneik jarri dute gainerakoa, 480 milioi euro denera. Eta galdegin dio industriaren kontseilua ahalik eta azkarren eratzea, industria gaietan ikuspegiak bateratu eta modu ordenatuan erantzuteko.

Ibermatica 1973an sortu zuten, Donostian, orduko aurrezki kutxek eta tokiko industriak sustatuta eta informatikako zerbitzuak eskaintzeko asmoz. Kutxabank taldearen kontrolpean egon zen urte luzez, baina, Europako Banku Zentralak aurrezki kutxei eskatu zienez industria partaidetzak murrizteko, entitateak irteteko prozesua hasi zuen 2012an: lehenik, partaidetzaren %4 saldu zion ONCEri. 2013an, ProA Capital funtsa sartu zen akziodun nagusi gisa, baina Kutxabankek akzioen %15i eutsi zien. 2022an, Espainiako Ayesa taldeak eskuratu zuen enpresa osoa.

50 urteko ibilbidea

  • 1973. Ibermatica sortu zuten, Donostian, aurrezki kutxen eta bertako industrien kapitalarekin.
  • 2012. Kutxabankek bere akzioen %4 saldu zizkion ONCEri, eta, hala, bankuaren partaidetza %50etik behera gelditu zen.
  • 2013. ProA Capital funtsak enpresaren %55 eskuratu zuen, eta Kutxabankek %15era murriztu zuen bere partaidetza.
  • 2021. Erresuma Batuko AMCE A&M Capital Europe, Alvarez & Marsal Capital funtsak Sevillako (Espainia) Ayesa taldea erosi zuen.
  • 2022. Espainiako Ayesa taldeak osorik erosi zuen Ibermatica, eta Ayesa IT izeneko atalean integratu.
  • 2025. Eusko Jaurlaritzak, BBK-k, Kutxabanken Indar funtsak eta Tekneik osaturiko partzuergoak Ayesa Digital erosi zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.