BSHk 649 langileri 20 eguneko kalte ordaina proposatu die lehen bileran

Irurtzungo Plazaola hotelean egindako bileran, bidezko kaleratze baten baldintzak proposatu ditu. Bilera hasi aurretik langileek protesta egin dute, eta kanpoan izan dira lau orduz. Hurrengo bilera ekainaren 25ean egingo dute, Iruñean.

BSHko langileak protestan, gaur, Irurtzunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
BSHko langileak protestan, gaur, Irurtzunen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza - Joxerra Senar
2025eko ekainaren 17a
12:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur hasi da BSHko langileen kontratua eteteko lan erregulazioko espedientearen kontsulta epea, eta multinazionalak kartak mahai gainean jarri ditu. Abenduaren 31tik aurrera, 649 langile kaleratzeko asmoa du, eta lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina proposatu du.

Lehen bilkura horrek lau ordu iraun du, eta kanpoan langileek bere haserrea azaldu dute. Protestak egin dituzte zuzendaritzaren eta langile batzordearen arteko bilera hasi aurretik. Irurtzungo Plazaola hotelean (Nafarroa) bildu dira, 11:00etan, eta amaitu arte egon dira zain langileak.

Hurrengo asteetarako egutegia zehaztu dute bi aldeek. Datorren astean, ekainaren 25ean bilduko dira berriz, Iruñean, langileen batzordeak hala eskatuta. Sindikatuek denbora eskatu dute zuzendaritzak banatu dien informazio kopuru «itzela» sakon aztertzeko. Beste sei data lotu dituzte datozen hilabetean —uztailak 1, 3, 8, 10, 15 eta 16—.

Zuzendaritzak proposatutakoaren arabera, lan erregulazioko espedienteak 649 langileri eragingo dio. Bero ponpen ataleko hemezortzi langileak eta partzialki erretiratutakoak dosierretik at geratuko dira. Halaber, bete gabeko 48 lanpostu eskaini ditu Espanian dituen hiru lantokietako batean —Zaragozan bi eta Santanderren bat—. 

Espedientea aurkezteko antolakuntza eta produktibitate arrazoiak eman ditu BSHk, eta bidezko kaleratze batean baldintzak aurkeztu ditu; lan egindako urte bakoitzeko 20 laneguneko ordaina, alegia. Abenduaren 31n sartuko litzateke indarrean.

Dosierra negoziatzen ari diren bitartean, BSHk kontratatutako Metyis Herbehereetako aholkularitza etxeak lantokia erosteko inbertitzaileen bila jarraituko du. Nahiz eta kontratua uztailaren 17an amaitu, hura luzatzeko aukera egongo dela jakinarazi dio BSHk langileen batzordeari.

Atzo ere beharginek pneumatikoak erre zituzten Ezkirozko fabrikaren parean. Izan ere, Alemaniako multinazionalak gaur itxi du lantegia. Huarteko (Nafarroa) BSHko langileek ere elkartasuna erakutsi nahi izan diete gaur Ezkirozkoei, eta elkarretaratze bat egin dute.

UGTk ohar bidez «erabat» gaitzetsi du BSHk alde bakarreko erabakian lantokia itxi eta lan erregulazioko espedientea aurkeztu izana. Sindikatuaren aburuz, beste bide bat har zezakeen multinazionalak eta energetikoki eraginkorragoak izango diren beste produktu batzuk ekoitzi, hasieratik inbertsio txiki bat eginda. «Deslokalizazio argia izan da», salatu du. 

BSHk etxetresna elektrikoak ekoizten ditu, eta iazko abenduan iragarri zuen aurtengo ekainean itxiko zuela Ezkirozko fabrika. Ordutik, lantegian jarduerari eusteko alternatiba baten bila aritu da Nafarroako Gobernua. Ate hori irekita dago oraindik ere, baina BSHren zuzendaritzaren iragarpena kolpe handia izan da langileentzat.

Ezkirotzen, hozkailuak eta ontzi garbigailuak produzitzen dituzte nagusiki, eta bero ponpak egiteko atal bat ere badute. Azken urteetan, multinazionalak Turkian eta Polonian dituen lantegietara eraman du ekoizpenaren parte bat.

BSHk Euskal Herrian duen azken lantegia da Ezkirozkoa. Villatuertako fabrika (Nafarroa) 2014ko azaroan itxi zuen. Eta gauza bera egin zuen Uharten zituen bulegoekin, 2015ean. Bestalde, BSHk Kataluniako B&B Trends enpresari saldu zion Gasteizko lantegia 2018an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.