Ramiro Gonzalezen arabera, ez dago «lurraldeen arteko lehiarik» zergak jaisteko

Esan duenez, Arabak aurkeztuko dituen neurriak «bateratuta» egongo dira beste aldundiekin, «baina ez dira Bizkaiko neurri berak izango». EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak kritikatu egin dute Bizkaiak zergak jaisteko azaldutako asmoa.

Ramiro Gonzalez, Arabako Batzar Nagusietan, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ramiro Gonzalez, Arabako Batzar Nagusietan, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko uztailaren 1a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak neurri fiskal berriak iragarri zituenetik, hautsak harrotu ditu gaiak, eta polemika EAEko gainerako herrialdeetara ere iritsi da. Gaia jorratu dute Arabako Batzar Nagusietan, eta, han, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek esan du ez dagoela «zergak jaisteko lehiarik» Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean, eta aldundien asmoa ez dela diru nabarmen gutxiago biltzea. Edonola ere, iragarri du ahalegina egingo dutela hiru aldundiek aurkeztuko dituzten neurriak bateratzeko.

«Araban ez dugu beherapen fiskalak egiteko lasterketarik, eta ez gaude lehiaketa batean ere, iraultza fiskala nork iragarriko. Ez da egongo zergak jaisteko lurraldeen arteko lehiarik», azaldu du Gonzalezek. Esan duenez, Bizkaiak iragarritako zenbait neurri jadanik indarrean daude Araban, hala nola enpresak eskualdatzeko emandako erraztasunak eta goi mailako langileak erakartzeko abantailak.

Ramirok iragarri du Arabak neurri propioak aurkeztuko dituela, «urtero egiten duen moduan», eta ahalegina egingo dutela neurri horiek beste bi herrialdeetakoekin bateratzeko. «Horrek ez du esan nahi Arabako neurriak eta Bizkaikoak berdin-berdinak izango direnik. Bateratuta egongo dira, baina ez dira neurri berak izango, lurralde bakoitzak bere ezaugarriak eta bere eskumenak ditu eta».

Oposizioaren kritikak

Gonzalezek emandako azalpenek ez dituzte asebete oposizioko taldeak. EH Bilduko eledun Eva Lopez de Arroiabek gogor kritikatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak iragarritako neurriak; haren ustez, «eskandalagarriak» dira, eta Madrilgo autonomia elkarteko presidente Isabel Diaz Ayusok ezarritako ildoari jarraitzen diote. «Baina hori ez da okerrena», erantsi du; «okerrena da Arabak jarraitu egin beharko diola Bizkaiari».

Elkarrekin Arabako bozeramaile David Rodriguezek ere kritikatu ditu Bizkaiak iragarritako neurriak, eta zalantzan jarri du Gonzalezek adierazitakoa: «Hain zuzen ere, zuk esandakoaren kontrakoa ari da gertatzen: lurraldeen arteko lehiaketa da, enpresei onura fiskal gehien nork emango, eta murrizketa gehien nork egingo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA