Gero eta argiago dago auzitegiek galtzak bete lan izango dituztela apirilaren 28ko itzalaldiaren kontura. Batetik, Espainiako argindar sistemaren operadoreak, REE Red Electrica Españolak, sorkuntzan ari diren argindar konpainia handiei egotzi die beren egin beharrekoak ez betetzea. Eta beste aldean, eta aldi berean, argindar konpainiek REEren programazio kaskarraz hitz egiten dute.
Gaur goizean ezagutarazi du REEk itzalaldiari buruzko txosten teknikoa, zeinak nolabait osatuko duen atzo Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak aurkeztutakoa. Hartan ez bezala, REEk gaurko txostenean ukatu egin du inolako ardurarik izatea gertatutakoan.
Hori azaldu du Roberto Garcia Redeiako —REEren jabe den konpainia— kontseilari ordezkariak: «Ez genuen gure operazio prozedurarik hautsi, eta une oro modu arduratsuan jardun genuen. Ondorioz, uste dugu ez dugula inolako erreklamaziorik hartu behar gure gain, ezta inolako ordainsaririk pagatu behar ere».
Konpainien informazio eskasa
Ordainsarien pilota argindar konpainien teilatuan jartzeaz gain, Beatriz Corredor Redeiako presidenteak salatu du konpainiek informazio eskasa eman diotela operadoreari itzalaldiaren inguruan gertatutakoei buruz, eta, datuak eman dizkietenean, beti ez direla nahi bezalako kalitatekoak izan.
Ministerioaren txostenari begira, ardurei buruzko zalantzak itzalaldiaren bezperan gertatutakoaren gainean pizten dira. Behin merkatua ezarri zenean, REEk hamar zentral termikori —ziklo konbinatuko zazpiri eta hiru nuklearri— agindua eman zien jardunean aritzeko tentsioaren kontrol dinamikorako. Arratsalde hartan, ziklo konbinatuko horietako batek REEri jakinarazi zion ez zela egongo erabilgarri.
«Zentral horiek beren betekizunak bete izan balituzte, zerbitzua aurreikusita eta ezarrita zeukaten bezala eman izan balute, ez zatekeen itzalaldirik gertatuko»
CONCHA SANCHEZRed Electricako operazioetako zuzendari nagusia
REEk, hurrengo egunean garraio sarean zer espero zen kalkulatu, eta erabaki zuen erabilgarri geratzen ziren bederatzi zentralekin nahikoa izango zela tentsioaren kontrola bermatuta edukitzeko. Eta, betiere operadorearen zuzendari nagusi Concha Sanchezen arabera, «sorkuntzako zentral horiek beren betekizunak bete izan balituzte, zerbitzua aurreikusita eta ezarrita zuten bezala eman izan balute, ez zatekeen itzalaldirik gertatuko». Hots, nahikoa baliabide bazeudela.
Kontua da, REEren ustez, baldintza horiek ez zirela bete, zentral horiek ez zutela tentsioa kontrolatzeko zerbitzu hori behar bezala eskaini. Lehen aldia zen halakorik gertatzen zena? REEk ez du zehaztu, baina esplikatu du zentral konbentzionalek REEren programazioak betetzeko obligazioa dutela —horretarako ordaintzen diete—, baina ez dutela zigorrik agindutakoa betetzen ez badute.
Hori moldatzeko helburua zuen operadoreak CNMC arautzaileari itzalaldiaren aurretik araudiaren 4.7 artikuluan eskatutako aldaketak. Haietan, zigorrak aurreikusten dira, eta baita berriztagarrien zentralak tentsioaren kontrol zerbitzua eman ahal izatea ere.

Edonola ere, galdera hor geratzen da: REEk aurreikus zezakeen bederatzi zentral haiek ez zituztela baldintzak behar bezala beteko?
Kontua da, tentsioaren kontrolean jardun behar zuten bederatzi zentral haietaz gain, izan zirela beste batzuk ere araudiak eta prozedurak bete ez zituztenak, operadorearen arabera.
Justifikatu gabeko deskonexioak
Batetik, itzalaldia baino ordu erdi lehenago, argindar sarean maiztasun handiko ezohiko oszilazio luze bat gertatu zen, geroxeago modu arinagoan errepikatu zena. REEk dio Badajozko zentral fotovoltaiko bat izan zela jatorria, eta plantako kontrolen funtzionamendu okerrak eragin zuela oszilazioa.
Maiztasunaren gorabehera ezohiko hori eta beste ohikoren bat arintzeko REEk hartutako neurriek handitu zuten, ezinbestez, tentsioa sarean. Edonola ere, tentsio hori ohikotzat ezarritako parametroen barruan zegoela dio REEk.
Gauza da, operadorearen ustez, justifikatu gabeko sorkuntza berriztagarrien deskonexioak gertatu zirela banaketa sarean —zeina argindar konpainien esku dagoen—, eta tentsioa handitu zela. Hala ere, oraindik parametroen barruan zegoen, Sanchezen arabera, «gertatu behar ez zen beste deskonexio bat jazo zen arte, Granadako ebakuaziorako azpiestazio elektriko batean».
Nahiz eta tentsioa oraindik parametroen barruan izan, beste halako bat gertatu zen Badajoz inguruan. Horren bidez tentsioa gehiegi igo zen, eta, hura kontrolatzeko baliabideak eskura ez zeudenez, maiztasuna ere jaitsi zen, eta sistemako elementuak deskonektatuz joan ziren beren burua babesteko, baita interkonexioak ere.