Renfek arnasa eman dio Talgori. Espainiako tren konpainia publikoak eta Talgo tren ekoizleak —egoitza nagusia Araban du— akordio bat lortu dute Talgok zuen zorra arintzeko. Arindu bainoago, geroratu egin dute; hartara, Talgok 2032ra arte ez du ordaintzen hasi beharko Avril trenak berandu entregatzeagatik pilaturiko 116 milioi euroko zorra. Horrez gain, Renfek 132 milioi euro ordainduko dizkio Talgori hamabost tren birmoldatzeko. Akordio horrek mugitzeko askatasun handia emango dio Jose Antonio Jainaga buru duen konpainiaren zuzendaritza berriari.
Albistea Talgok berak eman du, CNMVra bidalitako ohar batean. Bost urte dira bi aldeen arteko talka hasi zela, eta tren konpainiak gainean zuen harririk handiena kendu du. Zorraren jatorria Renfek 2016an eginiko eskari batean dago, eta, haren arabera, Talgok Avril motako 30 tren saldu behar zizkion Renferi 674 milioiren truke. Tren konpainiak, baina, arazo teknikoen eraginez ez zituen bete entregatze epeak, eta Renfek isuna ezarri zion bi urte baino gehiagoko atzerapenarengatik.
Arazoa ez zen nolanahikoa: Trilantic funtsak iaz Talgon zituen akzioak salgai jarri zituenean zabaldu zenaren arabera, isun hori zen, hain zuzen ere, erosleak lortzeko traba nagusia. Beste iritzi batzuen arabera, berriz, atzerriko eskaintzak uxatzeko aitzakia zen, euskal jatorriko partzuergoari bidea leuntzeko modua. Azalpena edozein dela, Jose Antonio Jainaga konpainiaren presidente berriak lortu du Espainiako Gobernuaren menpeko konpainiak zorra atzeratzea.
Dirua, bizkor
Talgoren oharrean ez da halakorik aipatzen, baina argi dago negoziazio politikoak egon direla akordioaren atzean. Martxoan, Oscar Puente Espainiako Garraio ministroa Jainagarekin bildu zen Basaurin (Bizkaia), eta «lagun» deitu zion. Ordurako Jainagak Talgoren kontrola zuen, eta esan daiteke gaur azaleratu dela orduan sumatu zen sintonia onaren fruitua.
Akordio horrek, hasteko, diru sarrera handi eta bizkor bat bermatuko dio Talgori. Izan ere, batetik Renfek egiteke zituen ordainketak egin ahalko ditu, eta Talgok trenen entregaren menpe zegoen 200 milioi euroko bermea berreskuratu ahal izango du —lehen trenak 2024an entregatu zituen—. Horrez gain, bi aldeek 132 milioi euroko akordio bat sinatu dute Talgok hainbat trenetan birmoldaketak egin ditzan. Gurpilen arteko tartea moldatuko du, errail estu zein zabaletan ibil daitezen.
Isunaren atzerako kontaketa gainetik kenduta, Talgok ekoizpenari heldu ahalko dio buru-belarri. Izan ere, hurrengo urteetan dirua sartuko da konpainian. Enpresaren datuen arabera, 6.307 milioi euroren eskari zorroa du; gero ikusi beharko da sarrera horietatik zenbat diren etekinak. Konpainiak, bestalde, onartua du ekoizpen arazoak dituela, eta ez du baztertu lan horietako batzuk Europako beste tren konpainia batzuetara bideratzeko aukera.