BBVAk eutsi egingo dio Sabadell erosteko eskaintzari

Eskaintza oldarkorrari Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzek ez dute aldatu BBVAren asmoa, nahiz eta atzeratu egingo zaizkion esperotako sinergiak.

Carlos Torres, BBVAko presidentea, artxiboko irudi batean. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
Carlos Torres, BBVAko presidentea, artxiboko irudi batean. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
Irune Lasa.
2025eko ekainaren 30a
18:55
Entzun 00:00:0000:00:00

BBVAk erantzun die joan den asteartean Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzei. Bankuak erabaki du aurrera jarraitu nahi duela Sabadell erosteko eskaintzarekin, nahiz eta malkarragoa bihurtuko zaion operazio horren xede nagusia: tamainan handitzea.

BBVAk gaur arratsaldean jakinarazi dio CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari aurrera segituko duela Sabadell erosteko eskaintza publiko oldarkorrarekin. Bankuak administrazio kontseilua zeukan gaur bertan, eta, hasieran, ez zirudien iritzi bateraturik zegoenik operazioarekin aurrera jarraitzeko aukeraren inguruan. Azkenean, eskaintzari eusteko erabakia hartu dute aho batez.

Hiru urte bananduta

Praktikan, Kataluniako bankua erosteari ezarritako baldintzen bitartez, Espainiako Gobernuak hiru urterako eragotzi egin du BBVAk eta Sabadellek bat egitea, eta epe hori bost urtera luza daiteke. Bi bankuek epe horretan izaera juridiko desberdina izan behar dute, ondarea batu gabe eduki, eta, gainera, bien kudeaketak independentea izan behar du.

Horrekin guztiarekin, nabarmen murriztuta geratuko dira edo behintzat atzeratu egingo dira BBVAk erosketa operazio egiteagatik espero zituen 850 milioi euroren sinergiak; espero zitekeen besteak beste enplegu erregulazioetatik etortzea diru hori.

Printzipioz, BBVAk bere azken eskaintzari eutsi dio, eta Sabadellen akziodunei BBVAren akzio bat eta 70 zentimo eskaintzen dizkie Sabadellen 5,3456 akzioren truke. Zehazteko dago zenbateko epea izango duten Sabadellen 200.000 bat akziodunek eskaintza onartzeko —Sabadelleko buruek gaitzetsi egin dute—.

Santander, TSBren bila

Espainiako Gobernuaren erreparoak alde batera utzita, BBVAren operazioak kontrakotasun handia piztu du Katalunian. Gero, Sabadell bankuak berak ere badauka erosketa hori eragozteko jokaldi bat martxan: Erresuma Batuko TSB filiala saltzea, horrek teorian zaildu egiten baitu BBVAk eginiko eskaintza publikoa gauzatzea. 

Gaur Espainiako prentsan argitaratutako informazioaren arabera, Sabadellek Santander Espainiako bankuaren eskaintza lotesle bat dauka esku artean TSB erosteko, 2.690 milioi euroren truke. Bihar administrazio kontseilua dauka Sabadellek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.