Sanchezek dio itzalaldiak ez duela aldatuko bere energia politika

Espainiako Gobernuko presidenteak berretsi du denbora beharko dela itzalaldia zerk eragin zuen jakiteko, baina ezin zaiela berriztagarriei leporatu. Nuklearren bizitza luzatzea «energia konpainietako buru ultraaberatsek» ordaindu beharko lukete.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, gaur, Kongresuan. J.J.GUILLEN / EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, gaur, Kongresuan. J.J.GUILLEN / EFE
Iker Aranburu.
2025eko maiatzaren 7a
11:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den asteko itzalaldiari buruzko eztabaida energia politikari buruzko debate bilakatu da Espainiako Kongresuan. Itzalaldi hori zehazki zerk eragin zuen jakiteko denbora beharko dela berretsi du Pedro Sanchez gobernuko presidenteak, teknikariek ehunka mila datu aztertu behar dituztelako. Baina, aldi berean, gogor jo du «nuklearren lobbykoen» aurka, aukera baliatzen ari direlako energia berriztagarriak gutxietsi eta erreaktore nuklearren bizitza luzatzen saiatzeko. Haiei —PPri eta Voxi, funtsean— mezu bat helarazi die: itzalaldiak ez du auzitan jarriko energia berriztagarrien aldeko apustua.

Espainiako energia sisteman geratzen diren zazpi erreaktore nuklearrak itzaltzeko egutegia argindar konpainiek berek 2018an hitzartu zutela gogorarazi du Sanchezek, eta bere gobernuak hori onartu besterik ez duela egin. Egutegi horren arabera, 2027an itzaliko da hurrengo nuklearra —Almarazkoa, Extremaduran—, eta 2035ean azkena —Trillokoa, Gaztela-Mantxan—. Euskal Herritik oso hurbil, Burgosen, Garoñako zentral nuklearra 2012an itzali zuen haren jabe Nuclenorrek, eta 2023an hasi ziren eraisteko lanak.

Sanchezek esan du zentralen jabeek egutegi hori aldatu nahi izango balute haien proposamena entzuteko prest legokeela, bere gobernua ez dagoelako berez nuklearren aurka. Baina erreaktore horiek irekita mantentzeko hainbat inbertsio egin beharko lirateke, eta horren kostuak argindar konpainiek berek ordaindu behar dutela adierazi du Sanchezek, eta ezin dela kostua herritarren esku utzi. «Ekonomikoki bideragarria izan behar du, eta ezin da egin zergapekoaren patrikaren kontura, energia konpainia horietako buru ultraaberatsen kontura baizik».

«Nuklearrak agian ezinbestekoak izango dira beste leku batzuetan, baina Espainian hidroelektrikoa, eguzki energia, eolikoa dira etorkizuna. Hori diote adituek, EBk eta nazioarteko inbertsiogileek, eta horiek ez dira komunistak»

PEDRO SANCHEZEspainiako Gobernuko presidentea

Edonola ere, Espainiako Gobernuko presidenteak berriztagarrien aldeko apustua indartu du, energia iturri garbiagoak ez ezik merkeagoak ere badirelako eta petrolioaren eta gasaren faktura txikitzen ari direlako. «Ikerketa serio bakar batek ere ez du esaten nuklearrak ezinbestekoak direla Espainian. Agian izango dira beste leku batzuetan, baina Espainian hidroelektrikoa, eguzki energia, eolikoa dira etorkizuna. Hori diote adituek, EBk eta nazioarteko inbertsiogileek, eta horiek ez dira komunistak. Espainiaren etorkizun energetikoa berdea izango da, edo ez da izango».

«Manipulazio erraldoia»

Sanchezek ziurtatu du berriztagarrien aldeko apustua berekin ekartzen ari dela Extremadura eta Espainia barrualdeko beste lurralde batzuk berriro industrializatzea, han instalatutako parke eolikoak eta fotovoltaikoak inbertsioak erakartzen ari direlako. Horregatik, bere gobernua «ez da milimetro bat ere» urrunduko berriztagarrien aldeko politikatik. 

«Ez sinistu esaten dutenei berriztagarri gehiegi eta nuklear gutxiegi egoteak eragin zuela hau guztia [itzalaldia], ez zen-eta horrela izan». Hori esatea «manipulazio erraldoia» dela esan du, «beren izpiritu kritikoa ordaintzaile bati saldu diotenena». Azaldu duenez, itzalaldiaren egunean baino iturri berriztagarri gehiago erabili ziren aurreko egun batzuetan, eta ez zen ezer gertatu. «Askoz konplexuagoa da gaia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.