CCOOk ziklo berria abiatu du gaur Euskal Autonomia Erkidegoan. Santi Martinezek (Barakaldo, Bizkaia, 1977) hartu du sindikatuaren gidaritza, orain arteko idazkari nagusi Loli Garciari lekukoa hartuta. Hamahirugarren batzar nagusian, Gasteizen, afiliatuen babes osoa jaso du haren hautagaitzak, ez baitu kontrako botorik jaso. Bere lehen hitzaldian, «eredu propioa» duen eta «hurbilekoa» izango den sindikatu bat aldarrikatu du.
Martinezek ez zuen inorekin lehiatu beharrik, harena baitzen idazkari nagusi izateko hautagaitza bakarra. Dena den, batzar nagusian afiliatuen erabateko babesa izan du: 179 boto alde, eta bakar bat ere ez kontra. Bere aurrekoak baino babes handiagoa izan du horrenbestez, Garciak ez baitzuen halako babesik lortu bere bi izendapenetan: botoen %84 jaso zituen lehenengo agintaldian, eta %67 bigarrengoan.
Babes horrek emandako konfiantzarekin abiatuko du agintaldia Martinezek, haren zuzendaritza taldeak ere erabateko babesa jaso baitu. Hain justu ere, lan aldeko kide berriak ondoan zituela mintzatu zaio Garciari. Eskerrak eman dizkio egindako lanagatik, eta esan du haren ibilbidea «bikaina» izan dela, eta haren lidergoa, berriz, «erreferentziazkoa».
Sindikatuaren ildoan ez da aldaketa handirik izango, dena den, Garciaren gertukoa izan baita Martinez. 2017tik sindikatuko Ekintza Soziopolitikoko eta Komunikazioko arduraduna izan da. Zuzenbideko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Garapenerako Lankidetzako Estrategiako, Eragiletzako eta Politiketako master bat dauka. 2007an sartu zen EAEko CCOOn, eta 2010ean iritsi zen sindikatuko batzorde eragilera, Unai Sordoren ekimenez, gazteen arloaz arduratzeko.
Mezua Confebaski
Bezperan bere agurreko hitzaldian Garciak egin moduan, Confebaski mintzatu zaio Martinez ere. Patronalak lan absentismoaren inguruan egiten duen diskurtso makurra salatu du, eta gogorarazi hark ere uko egiten diela bere eginkizunei, besteak beste gutxieneko soldata propio bat negoziatzeko orduan. «Absentismo horrek kezkatzen gaitu gu», esan du Martinezek, euskara eta gaztelania tartekatuta egin duen hitzaldian.
«Sindikatuak bizitzaren oinarrizko larrialdi kit horren parte izan behar du, eta gida moduan jardun. Beharrezkoa da lan eremutik kanpo ere begirada sindikala zabaltzea»
SANTIAGO MARTINEZ EAEko CCOOko idazkari nagusia
«Nahikoa da langile klaseari errua botatzea beste helbururik ez duen absentismoaz hitz egiteaz», adierazi du, eta ohartarazi «behin betiko absentismoa» salatzen jarraituko dutela, «bizia lantokian uzten duen langile klasearena». Izan ere, patronalari aurpegiratu dio ardura langileen bizkar uztea eta, bitartean, beraiek administrazioak enpresei ematen dizkien laguntzekin «patrikak betetzea». Enpresarien ahotsa lurraldeetako patronalei eman izana ere kritikatu dio Confebaski.
Berak gidatu nahi duen sindikatuaren ezaugarriak ere zehaztu ditu Martinezek. «Eredu propio bat» aldarrikatu du, lan eremutik harago «eguneroko espazioetara» zabalduko den eta jendearengana «hurbilduko» den CCOO bat. «Sindikatuak bizitzaren oinarrizko larrialdi kit horren parte izan behar du, eta gida moduan jardun lanean hasi aurretik, lan munduan sartzen garenean gomendioak eman, lan falta dugunean gurekin egon, gaixotzean lagundu, eta gure jendea lan mundutik ateratzen denean ere tresna izateko gai izan».
Horiek horrela, beharrezkotzat jo du osasunari, etxebizitzari eta hezkuntzari lotutako gaietan ere «begirada sindikala zabaltzea». «Ezinbesteko bilakatu behar dugu», adierazi du. Bide horretan, negoziazio kolektiboaren aldeko aldarria ere egin du Martinezek, eta esan du CCOOren ardatzetako bat izaten jarraitu beharko lukeela: «Balio erantsi moduan hartu behar dugu jarrera immobilisten, geldiarazleen eta absentisten aurrean».
Beste ardatzetako bat feminismoak izan beharko luke, haren aburuz, «ekintza sindikal feminista etiketa bat baino askoz gehiago» delakoan.
Bridgestone: «argazki solidarioak» eta «egongelako iraultzaileak»
Bere estreinako hitzaldian, Bridgestoneko lan gatazka ere hizpide izan du Martinezek. «Argazki solidarioa» ateratzeko erabili izana leporatu die erakundeei, eta «lukurreriaz» jardutea enpresari. Horren aurrean CCOOk negoziatzeko duen gaitasuna nabarmendu du, eta, aldi berean, baina izenik eman gabe, beste sindikatuek izandako jarrera kritikatu: «Ez dira gai batzar bateko emaitzak onartzeko; hori bai dela egongelako iraultzaile izatea».