Sare elektrikoa berritzeko enpresa multzo bat bultzatu dute Jaurlaritzak eta Iberdrolak

Teknologia berriak garatzea izango dute helburu. Hiru urtean 160 milioi euroko inbertsio publiko-pribatua lortu nahi dute, eta 520 lanpostu sortu.

Grid4Industry egitasmoa sustatu duten erakunde eta enpresetako kideak, gaur, Bilbon. IREKIA
Grid4Industry egitasmoa sustatu duten erakunde eta enpresetako kideak, gaur, Bilbon. IREKIA
jokin sagarzazu
2026ko ekainaren 4a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren arabera, gaur egungo sare elektrikoak ez dio industriaren behar berriei erantzuten; bestela esanda, estu geratu zaio jantzia. Tentsio horri erantzuteko Grid4Industry egitasmoa jarri du martxan, Iberdrolarekin batera.

Enpresa sare moduko bat izan dadin nahi dute, sare elektrikoaren digitalizazioa bizkortu eta industriaren erronkei erantzuteko; horren bitartez Euskal Herrian bertan garatu nahi dituzte argindar azpiegiturak modernizatzeko beharrezkoak diren teknologietako batzuk: transformadore aurreratuak, azpiestazio adimendunak eta digitalizazio sistemak, besteak beste.

Teknologia horiek «made in Euskadi» etiketa eramango lukete, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak nabarmendu duenez. «Euskadik sare elektrikoen belaunaldi digital berria zuzentzeko ahalmen teknologikoak eta industrialak ditu. Grid4Industry proiektuak euskal industriak industria mundu mailan elektrifikatzen laguntzea du helburu. Kaliforniak Silicon Valley badu, Euskadik ere badu bere Electric Valley».

«Kaliforniak Silicon Valley badu, Euskadik ere badu bere Electric Valley»

MIKEL JAUREGIEusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Egitasmoaren aurkezpenean sustatzaileek azaldu dutenez, gaur egungo sareak ez dira energia garraiatzeko azpiegitura pasiboak: datuak kudeatzen dituzten sistema adimendunak ere badira, eta horrelako gehiago behar dira.

Euskal Herrian, gainera, nabarmendu dute sare elektrikoa trantsizio energetikoaren puntu kritikoetako bat dela: industria gero eta gehiago elektrifikatzen ari dela gogoratu dute, baina konektagarritasuna eta gaitasun teknologikoa ez direla beti nahikoak, eta horrek mugak jartzen dizkiela inbertsio berriei eta deskarbonizazio prozesuei.

Hala mintzatu da Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Bizkaiko diputatua: «Sare elektriko adimendunik gabe ez dago trantsizio energetikorik, eta gure industria ezin izango da lehiakorra izan merkatu globaletan: aberastasunaz, enpleguaz eta industriaren etorkizunaz ari gara».

Iberdrolaren itzalpean

Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2030 Industria Planaren bosgarren proiektu da Grid4Industry. 41 milioi euroko «inbertsio publikoa-pribatua» izango du hasieran, eta hiru urteko epean, 160 milioi eurotik gora «mobilizatzea» aurreikusten dute. Horrekin batera, 520 lanpostu sortzea espero dute, 200 zuzenekoak eta 320 zeharkakoak, gehienak soslai tekniko eta kualifikazio handikoak.

Plataforma horrek Bilboko Global Smart Grids Innovation Hub-ean edo ikerketa zentroan izango du egoitza nagusia, eta handik koordinatuko dituzte proiektuak. Iberdrolak gidatuko du sarea: 62 enpresa ariko dira guztira; horietatik 29 enpresa txiki eta ertainak izango dira.

Egitasmoaren aurkezpenean, Arteche sektoreko euskal enpresarik handieneko burua izan da, besteak beste. Sareko kide izango dira, halaber, Euskal Ikerketa eta Teknologia Sareko Tecnalia, Ikerlan eta CIC energiGUNE.

Asis Canales Iberdrolaren i-DE banaketa enpresako presidenteak adierazi duenez, Iberdrola izan da eta da gaur egun enpresa horien bezero nagusia, eta gogoratu du epe motz eta ertainean «inbertsio handiak» egingo dituela sarea berritzeko. «Sareak elektrifikazioaren bizkarrezurra dira. Elektrifikaziorik gabe ez dago independentzia energetikorik. Sarerik gabe ez dago elektrifikaziorik».

Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dute helburua ez dela soilik teknologia garatzea, baizik eta hori errealitatera eramatea, probak eta balidazioak benetako inguruneetan eginez. Lehen proba pilotuak datorren urtean egingo dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE