Madrildik 4.800 megawatteko argindar potentziarekin itzuliko da Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua. Ez dira nahi zituen guztiak (6.000), baina, hala ere, sailburua baikor atera da Joan Groizard Espainiako Energia idazkariarekin egin duen bileratik. «Esan dezakegu urrats handia egin dugula».
Industria sailburuaren arabera, argindar sarean hurrengo bost urteetarako aurreikusten den kapazitatearen handitze horrekin 70.000 lanpostu bermatuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Era berean, Jauregik ziurtatu du potentzia elektriko handiagoa izatea giltzarria izango dela etorkizunean inbertsioak erakartzeko,
Bide horretan, Eusko Jaurlaritzak 117 enpresari emango die lehentasuna. Hain zuzen, Industria Sailak iaz egindako txosten batean 117 enpresa aipatzen ziren, deskarbonizatzeko eta proiektu berriak aurrera eramateko zailtasunak izan zitzaketenak, kontsumorako entxufe nahikoa ez zutelako.
Gaineratu duenez, hogei azpiestaziotan handituko dute gaitasuna, eta lau azpiestazio eraikiko dituzte. Transformazio eta garraio sareak ere indartuko dituzte. «Inbertsio estrategikoei buruz ari gara: Aiaran, Abadiñon, Santurtzin, Jundizen, Ormaiztegin, Goiainen eta Gatikan».
Izan ere, argindarra garraiatzeko eta, batez ere, banatzeko sareak lepo daude Euskal Herrian, eta industrian zailtasun handiak izaten ari dira potentzia elektriko handiagoa konektatu ahal izateko. Sareetan inbertsioak egitea berebiziko bihurtu da sektorean.
«Ez da opari bat, Jaurlaritzaren eskari argiaren ondorioa baizik: estatuaren plangintza elektrikoa egin dadila euskal industrian eta trantsizio energetikoan pentsatuta»
MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua
Jaurlaritzak 6.000 megawatteko kapazitate gehigarria eskatu dio Madrili. Horiekin, gaur egun lurraldeak dituen 12.000 megawattei gehituta, 18.000 megawatten potentzia elektrikoa izango zukeen lurraldeak. Azkenean, 4.800 megawatt gehiagorekin, kapazitatea %40 handituko du EAEk, 16.000 megawattetik gora.
Jauregiren arabera, handitze hori «ez da opari bat, Jaurlaritzaren eskari argiaren ondorioa baizik: estatuaren plangintza elektrikoa egin dadila euskal industrian eta trantsizio energetikoan pentsatuta».
Sailburuak gaineratu duenez, «potentzia handiagoak esan nahi du industria gehiago eta hobea izango dela, eta emisio gutxiago. Argindar banaketa handitzea ez da kontu tekniko bat; geure industria deskarbonizatzea ahalbidetuko du, gehiago haztea, eta industria inbertsio gehiago erakartzea».
Gehiago nahi du
Eskatutakoa lortutakotik gertu geratu den arren, Jaurlaritzak ez du amore eman, eta 6.000 megawatteko potentziara iristen saiatuko da, Jauregiren arabera horrela uste baitute nazioarteko inbertsioak erakar ditzaketela. «Euskadin industria berriak eraikitzeko potentzia lortu dugu, baina guk gehiago nahi dugu». Horregatik, Madril «irmo estutzen jarraituko» du Gasteizko gobernuak, «Euskadik behar duen energia bermatzea herrialdearen etorkizuna bermatzea delako».
Espainiako Gobernuaren aldetik, Groizardek jakinarazi du «lanean» jarraituko dutela Jaurlaritzaren eskaera osoa nola bete aztertzeko. Eskaera guztiak betetzeko oztopo bat da inbertsioa nola ordainduko den. Argindarra banatzeko sareak energia konpainiarenak dira, baina haiek mantentzeko kostua herritarrek eta enpresek ordaintzen dute, hileroko fakturen bitartez.
Gaur egun, %5,58ko errekargua egiten da fakturan horretarako, baina, inbertsio gehiago egin ahal izateko, %7,5era iristeko eskatu dute argindar konpainiek. CNMC merkatuen gainbegiratzaileak, ordea, ziurtatu du hori gehiegi dela, eta %6,46ko tasa proposatu du.
Nafarroarekin, aurki
Eusko Jaurlaritzarekin ez ezik, beste autonomia erkidegoetako ordezkariekin ere biltzekoa da hurrengo asteetan Groizard, beren lurraldeetan sarea zenbat handitu behar den azaltzeko. Madrilek jakinarazi du 13.590 milioi euro inbertituko dituela hamarkada bukatu aurretik argindar sarea indartzeko, eta industriaren eskaerak betetzeko.Â
Nafarroako sarea ere oso beteta dago. Iberdrolak joan den astean aurkeztutako txostenaren arabera, sarearen %94 okupatuta dago, eta hamalau besterik ez dira kapazitatea eskaintzeko moduan dauden nodoak, tentsio desberdinetan: zortzi Zangoza inguruetan, eta bina Altsasun, bi Ustaizen eta Donezteben (Bidasoa).Â
Jaurlaritza ez ezik, EAJ eta EH Bildu ere aritu dira presio egiten argindar sarearen kapazitatea handitzeko, eta koalizio independentistak berak Espainiako Gobernuarekin lortutako akordio baten ondorio dela aldarrikatu du. Pozik azaldu da, baina nabarmendu du ez direla bete Jaurlaritzaren eta sailburuaren «espektatibak». Edonola ere, nabarmendu du bi indar abertzaleek elkarrekin aritu behar dutela euskal industriaren eta haren deskarbonizazioaren aldeko apustuan.