Sidenorrek azalpenak emango ditu Israelgo enpresa bati altzairua saltzeagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak abian jarritako ikerketaren harira, altzairugileak ohar baten bidez adierazi du beharrezko azalpenak emateko «prest» dagoela, «xehetasun maila gorenarekin». Esan du azalpenak emango dizkiola, lehenik Auzitegi Nazionalari, eta ondoren azalpen berberak emango dizkiela Sidenorreko langileei, enpresaren bezeroei, hornitzaileei eta gizarteari.
Joan den ostiralean jakin zen Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu zuela Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentearen eta zuzendaritzako beste bi kideren aurka, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delitu batean konplize izateagatik. Hain zuzen, ikerketa zabaldu zuten Sidenorrek Israel Military Industries (IMI) konpainia israeldarrari altzairua saldu ziolakoan. Francisco de Jorge epailearen arabera, enpresa altzairugileak ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari, eta ez zuen izenik eman dagokion erregistroan.
Eusko Jaurlaritzak azalpenak eskatu zizkion Jainagari, eta horretarako prest agertu zen presidentea. Maria Ubarretxena sailburuak adierazi zuen «zorrotz» jokatuko dutela, baina ez dutela «epaiketa paralelorik» egingo. Nabarmendu zuen, gainera, Jainagaren inputazioak ez duela eraginik izango Talgo erosteko operazioan. Jainagaren inputazioa eta Talgo erosteko operazioa bereizteko eskatu zuen.
Ikusi gehiago
Sidenorrek komunikatuan esplikatu duenez, enpresaren talde juridikoa eta talde teknikoa «beharrezko ekintzak» ari dira egiten «enpresaren azalpenak babestuko dituzten proba objektiboak» lortzeko. Gainera, enpresak abian dituen jardueretarako «ezinbesteko sarbidea» lortzeko zain daudela adierazi du.
Enpresa altzairugileak dio Auzitegi Nazionalarenganako errespetuagatik epaileari emango dizkiola azalpenak aurrena, eta beharrezko probak eman. Enpresak esan du ordura arte ez duela gai honi buruzko adierazpen publikorik egingo. Epaileak azaroaren 12rako deitu ditu deklaratzera Jainaga eta zuzendaritzako beste bi kideak.