Sindikatu abertzaleek gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestazioa egingo dute azaroaren 12an Bilbon

Deitzaileen iritziz, «gutxieneko demokratikoa» da herri ekinaldi legegilea sinatu duten 138.495 herritarren eskakizuna Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea. Protesta Eusko Jaurlaritzan hasi, PSE-EEren egoitzatik pasatu eta Sabin Etxean amaituko da.

Sindikatuek ekinaldi legegilearen alde bildutako sinadurak Eusko Legebiltzarrean, uztailean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Sindikatuek herri ekinaldi legegilearen alde bildutako sinadurak Eusko Legebiltzarrean, uztailean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko azaroaren 3a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dute amore eman Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatearen aldeko borrokan. 138.495 sinadura lortu eta herri ekinaldi legegilea aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, baina gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, haren aurka egin dute, «juridikoki bideraezina» delako. Hori dela eta, herri ekinaldi legegilea tramiterako onartu eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu dadila eskatzeko, sindikatuek manifestazio bat egingo dute azaroaren 12an Bilbon.

Protesta 11:30ean abiatuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik, PSE-EErenetik pasatuko da eta Sabin Etxean bukatuko da, EAJ-PSE Confebask, pobreziaren errudunak; euskal SMIa ja! lelopean. 

Sindikatuen arabera, EAJ eta PSE-EE, «pentsiodunekin gertatu bezala, Eusko Legebiltzarrean iruzur demokratikoa gerta daitekeela aurreratzen ari dira». Gogorarazi dute 138.495 lagunek Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata bat ezartzeko eskatu dutela, eta horien eskakizuna eztabaidatzea «gutxieneko demokratikoa» dela. «Herritarrek politika egiteko duten mekanismo demokratikoa dira herri ekinaldi legegileak; eztabaida ukatzea erabateko iruzurra litzateke, eta politikaren ikuspegi elitista eta autoritarioa erakutsiko luke», azpimarratu dute.

Horregatik, gobernuko alderdiei adierazi diete garaiz daudela ekinaldi legegilea eztabaidarako onartzeko; sindikatuek esan dute gero alderdi bakoitzak eztabaidan  bere iritzia mahai gaineratzeko eskubidea duela, baina ez dela onargarria eztabaida bera ukatzea. «Gu prest gaude legebiltzarreko alderdien ekarpenak eztabaidatzeko, baina ulertezina da alderdiek negoziatzeko prestasun horri bizkarra ematea», amaitu dute gaur zabaldutako oharra.

Jaurlaritzaren eta Confebasken ezezkoak

Mikel Torres Ekonomia eta Enplegu sailburu eta bigarren lehendakariordeak urriaren 21ean eman zuen Jaurlaritzaren jarreraren berri. Esan zuen gutxieneko soldata ezartzeko eskuduntza Espainiako Gobernuarena dela «esklusiboki», eta hori aldatzeko Espainiako Konstituzioaren 149. artikulua egokitu beharko litzatekeela. Horrenbestez, Jaurlaritzaren ustez, herri ekinaldi legegilearen helburua juridikoki bideraezina da.

Sindikatuak ahalegindu dira gutxieneko soldata propioa eztabaidatzeko mahaia osatzen ere, baina, kasu horretan, Confebaskek egin dio uko eztabaidatzeari, argudiatuta gutxieneko soldata ezartzea Espainiaren «eskumen esklusiboa» dela, Jaurlaritzak esan bezala. Horregatik, ELAk eta LABek auzitara eramango dute patronala, negoziatzera behartzeko eta auzia desblokeatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.