ELAk eta LABek EAEko Auzitegi Nagusira joko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako gutxieneko soldata propioa lortzeko. Sindikatu subiranistek Confebask patronala salatuko dute gaia eztabaidatzeko mahaia osatzeari uko egin diolako eta haien iritziz fede txarrez jokatu duelako negoziazioan. Ikusteko dago CCOO eta UGT batuko diren, gutxieneko soldata lortzeko haien eskaera ezberdina baita. Bien bitartean, ELAk eta LABek mobilizazioak egingo dituztela hitzeman dute, baina oraingoz behintzat ez dute grebara deituko.
Gutxieneko soldata propioari buruzko negoziazioei ekiteko hirugarren ahaleginak aurreko bien antzeko gidoia izan du. ELA, LAB, CCOO, UGT, Confebask eta hiru lurraldeetako patronaletako ordezkariek Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzan zuten hitzordua. Ordubete baino gutxiago iraun du, eta ez du fruiturik eman, Confebaskek ez baitu negoziatu nahi izan. Ez da ezustea izan; hala ondorioztatu daiteke behintzat, ikusita aldeek bilera amaitu bezain laster bidali dituztela haien balorazioak hedabideetara.
Confebaskek argudiatu du ez duela legezko baimenik gutxieneko soldata negoziatzeko; sindikatuak, aldiz, ez daude ados, eta Confebask negoziatzera behartu dezala eskatuko diote EAEko Auzitegi Nagusiari
Aurrekoetan bezala, Confebask izan da mahaitik altxatu dena. Argudiatu du gutxieneko soldata Espainiako Estatuaren eskumen esklusiboa dela eta Confebaski ezin zaiola exijitu legez baimenduta ez dagoena negoziatzea. Jaurlaritza osatzen duten alderdiek sindikatuen herri ekinaldi legegileari (HEL) ezezkoa emateko erabilitako argudio bera da. Bide batez, sindikatuek jakinarazi dute Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saila ere gonbidatu dutela gaurko bilerara baina ez dela agertu.
ELA eta LAB, baina, ez dira iritzi berekoak, eta argi dute Confebaskek baduela gutxieneko soldata negoziatzeko ahalmena. 1.500 euroko gutxieneko soldata lanbide arteko akordio baten bitartez ezar daitekeela uste dute, eta hori lan hitzarmen bat negoziatzea dela. Hala zehaztu du Pello Igeregi ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak: «Lan araudiak dio lan hitzarmen baten eraginpean dauden aldeetako batek [enplegatu edo enplegatzailea] negoziatzea eskatzen badu besteak fede onez jokatu behar duela. Eta negoziazio kolektiboa hemen eztabaidatzen bada, lehentasuna du Espainiakoaren gainetik».
Sindikatuek aurreratu dute mobilizazioetara deituko dutela Confebask eta Jaurlaritza presionatzeko; hala ere, oraingoz behintzat ez dute grebara deituko
Confebask negoziatzera behartu dezatela nahi dute sindikatuek, eta orduan, nahi badu, gutxieneko soldatarekin loturarik ez duten beste gai batzuk jarri ahal izango ditu mahai gainean. Salaketa aste gutxiko kontua izango dela aurreratu dute, eta gaurko bilerako akta jaso bezain laster jarriko dutela. Argitu dute badaudela aurrekariak, eta ez litzakeela EAEko Auzitegi Nagusiak patronal bat lan hitzarmen bat negoziatzera behartzen duen lehen aldia.
ELAk eta LABek mobilizazio bateratuak iragarri dituzte, eta CCOOk ez die uko egin, baina zer eta nola eskatuko duten jakin nahi du aurretik. Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunaren ustez, mobilizazioa ezinbestekoa da epaitegietako bidea eraginkorragoa egiteko, eta baliteke haren bitartez Eusko Jaurlaritza osatzen duen alderdietakoren batek HELaren inguruan duen jarrera aldatzea. Mobilizazioak bai, baina nolakoak? Greba mahai gainean al dago? «Momentuz ez, aurretik beste mobilizazio batzuk jorratu behar ditugu».