Lehen sektoreko sindikatuak asteak daramatzate kexaka Eusko Jaurlaritzak ez dielako lagundu lehorteak ekarritako kostuei aurre egiten. Azkenean, presioaren ondoren, iritsi dira laguntza horiek, baina sindikatuek uste dute «eskasak» direla jasandako kaltea konpentsatzeko.
Amaia Barredo Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuak iragarri zituen neurriak larunbatean: 4,9 milioi euro diru laguntza zuzenetan. Horien onuradun bakoitzak gehienez 15.000 euro jasoko ditu, eta 300 eurotik beherako diru laguntzarik ez da emango. Horrez gain, beste 565.000 euroren laguntzak ere banatuko ditu erregaien eta ongarrien prezioen igoerak eragindako kostuak arintzeko.
Gipuzkoako EHNEko kide Bittor Sanchezek salatu du kopuru horiek «motz» geratu direla eskatu zituztenekin alderatuta: «Ez dituzte konpentsatzen lehorteak eragindako kalte ekonomikoak; limosna bat dira».
Antzera mintzatu da ENBAko koordinatzaile Xabier Iraola, eta ziurtatu du Jaurlaritzaren formak ez direla egokiak izan: «Aldundiekin bizpahiru aldiz bildu ginen irizpideak adosteko eta lehortearen kalteen simulazioak egiteko; Jaurlaritzak ostiralean bildu gintuen, eta hurrengo egunean iragarri zituen neurriak». Iraolak azpimarratu du lehen sektorearen egoera «ezohikoa eta aurrekaririk gabekoa» dela: «Baserritarrak ez ditut inoiz aurten bezain minduta ikusi».
Hari beretik tiraka, Sanchezek salatu du Nekazaritza Sailak eratutako bazka mahaiak —nekazarien eta abeltzainen sindikatuekin biltzeko— ez duela ezertarako balio izan: «Mespretxatu egin gaituzte, gurekin aurrez hitz egin gabe hartu baitituzte neurriak».
Gipuzkoako EHNEk eginiko kalkuluen arabera, lehorteek eragindako kalteak konpentsatzeko diru laguntzak Jaurlaritzak emango dituenak halako hiru izan beharko lirateke. Ondorioz, Sanchezek ohartarazi du hurrengo hilabeteetan abeltzainen ekoizpena jaitsi egingo dela, larreetan eta ustiategietan dituzten animaliak elikatzeko bazka gutxiago izango baitute.
Laguntza osagarriak Araban
Lehorteak eragindako zuzeneko kalteei «aparteko erantzun bat» eman nahi diela azaldu du gaur Arabako Foru Aldundiak, eta ia bi milioi euroko laguntza deialdia zabaldu du lurraldeko laborari eta abeltzainentzat. Laguntza horiek bateragarriak izango dira larunbatean Eusko Jaurlaritzak iragarritakoekin.
Diru gehien abeltzaintzara joango da, 1,3 milioi euro inguru, eta laboreen alorrerako dira beste 700.000 euro. Jaurlaritzaren laguntzetan bezalaxe, ustiaketa bakoitzak gutxienez 300 euroren laguntza jaso ahal izango du, eta gehienez 15.000 eurorena.
Kalkulurako, abeltzaintzan haragitarako behietan 60 euroren saria izango da abelburuko, eta 36 eurorena esnetarako behietan. Ardi bakoitzeko, berriz, sei euroren saria emango du Arabako Aldundiak.
Laboreetan, adierazitako azalerarekin egingo dute kalkulua, eta erreferentziazko saria desberdina izango da laborearen arabera. Hala, laguntza handiena patatak izango du: hektareako 380 euro hazitarako patatarentzat eta hektareako 225 euro kontsumorako patatarentzat.