Sindikatuek Jaurlaritzari leporatu diote 90.000 pentsioduni «pobrezian iraunarazi» nahi izatea

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek bat egin dute pentsiodunen mugimenduak deitutako mobilizazioekin. Eusko Legebiltzarrak irailaren 25ean erabakiko du pentsioen osagarri bat sortzeko HELa tramitatu ala ez.

Sindikatuen agerraldia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sindikatuen agerraldia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko irailaren 15a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak pentsioen osagarriari itxi nahi dion atea ireki nahi dute sindikatuek. Hilaren 25ean erabakiko du Eusko Legebiltzarrak pentsiodunen mugimenduak osagarri hori sortzeko aurkeztu duen herri ekinaldi legegilea (HEL) tramiterako onartzen duen ala ez. Egitearen aurka azaldu da Gasteizko gobernua, eta horrek gehiengo sindikalaren erantzuna ekarri du. «Aitzakiatzat» jo dituzte Jaurlaritzaren argudioak, eta bat egin dute pentsiodunek deitutako mobilizazioekin

Bilbon egindako agerraldian, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eskaera egin diete EAJri eta PSE-EEri: ez dezatela eztabaida eragotzi. Fede handirik ez daukate, ordea, haien iritziz Jaurlaritzaren txostenak islatzen baitu aipatutako bi alderdiek «ez dutela inolako asmorik pentsiorik apalenak jasotzen dituen jendeari erantzun bat emateko».

Sindikatu horiek gogoratu dute 144.000 herritarrek baino gehiagok babesa eman diotela ekinaldiari. Pentsioak gutxieneko soldatarekin —1.184 euro gordin, hamalau ordainketatan banatuz gero— parekatzeko osagarri bat sortzea da herri ekinaldiaren helburua. Gasteizko gobernuak, ordea, uste du osagarri hori ez dela beharrezkoa, haren arabera «pentsiodunek diru sarrera duinak bermatuta baitauzkate DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez». Pentsioak hobetzea bere eskumena ez dela ere argudiatu du HELari ezezkoa emateko.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 5ean egin bezala, arrazoibide horiek «gezurtzat» jo dituzte sindikatuek gaur. Izan ere, gogorarazi dutenez, 15.000 pentsiodunek baino ez dute jasotzen diru sarrerak bermatzeko errenta. «Bitartean, 90.000 pentsiodunek ez dute hilean bizitzeko adina jasotzen». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen %83 «Jaurlaritzaren estalduratik kanpo» daude.

Garbiñe Aranburu LABeko buruak nabarmendu duenez, HEL hori tramiterako onartu ezean langile guztien kalterako izango da, baina batik bat emakume pentsiodunen kalterako, «haiek baitituzte pentsiorik txikienak»: «Haietako askok, hilean ezta 700 euro ere». Pentsioetan, emakumeen eta gizonen arteko arrakala %40 inguru da.

Bide horretatik, sindikatuek uste dute agerian geratu dela EAJk eta PSEk ez dutela aintzat hartzen zaintza lana. «Milaka emakumeren pentsioak oso kaskarrak dira, ingurukoak zaintzen egin dituzten lanen ondorioz ezin izan dutelako aurrera egin lan merkatuan», ziurtatu dute.

Mobilizazioak

Jaurlaritzak emandako argudioak «aitzakiatzat» jo dituzte langile erakundeek: «Legebiltzarrean izan beharreko eztabaida galarazi nahi dute, ez baitute borondaterik ekinbidea tramiterako onartzeko ere». Horiek horrela, pentsiodunek deitutako mobilizazioekin bat egin dute.

Irailaren 20an, manifestazioak egingo dituzte, 12:00etan Donostiako Bulebarretik eta Gasteizko Artiumetik abiatuta, eta 18:00etan Bilboko Jesusen BIhotzetik aterata. Handik bost egunera, manifestazioan abiatuko dira Eusko Legebiltzarreko saiora, 10:30ean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.