Pentsiodunek mobilizazioen bidez aldarazi nahi dute EAJren eta PSEren jarrera herri ekinaldi legegilearen inguruan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak «onartezintzat» jo du Eusko Jaurlaritzaren jarrera, eta «iruzur» egitea egotzi dio erakunde horri. Irailean mobilizazioak egingo ditu pentsioen osagarri baten alde.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren agerraldia, gaur goizean, Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren parean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren agerraldia, gaur goizean, Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren parean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko irailaren 5a
15:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren ezezkoaren ondoren, orain Eusko Legebiltzarreko taldeei dagokie erabaki bat hartzea pentsioen osagarri bat ezartzearen aldeko herri ekinaldiaren inguruan. Horregatik, haiei begira jarri da EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua: Eusko Legebiltzarreko ataria hautatu du Jaurlaritzaren jarrera salatzeko, eta, atari hori zeharkatuta, iragarri du osoko bilkuran izango dela talde politikoek ekinaldia tramitatu ala ez erabakiko duten egunean, hilaren 25ean.

Aurretik ere mobilizazio sorta bat egingo dute, presio egiteko alderdi politikoei, eta bereziki Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiei, hau da, EAJri eta PSE-EEri. Astelehenean, irailaren 8an, elkarretaratzeak egingo dituzte Hego Euskal Herriko plazetan. Irailaren 20an, manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta, irailaren 22rako, alderdi politikoak «interpelatzeko» mobilizazioak antolatuko dituzte herrialdeka. Handik hiru egunera, manifestazioan abiatuko dira Eusko Legebiltzarreko saiora, Bilbo plazatik abiatuta.

«Ez dugu onartuko gure proposamena baztertzea, justua, beharrezkoa eta premiazkoa baita», ohartarazi dute Jose Arturo Val del Olmok eta Ana Mezok, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean.

Haien esanetan, «onartezina» da EAJk eta PSEk sostengatzen duten gobernuaren jarrera, eta, horren harira, Jaurlaritzari leporatu diote herritarren parte hartze politikoa «mespretxatzea» eta demokrazia parte hartzailea «larriki higatzea». Are, mezu argia bidali diote: ez dute etsiko euren helburua lortu arte, eta mobilizazioen bidez saiatuko dira alderdien jarrera aldatzen.

«Ez dago argudio juridiko sendo bakar bat ere: besterik gabe, borondate politikoa falta da»

JOSE ARTURO VAL DEL OLMO Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ezustean eta hedabideen bidez jakin zuen Jaurlaritzaren  asteleheneko erabakiaren berri, eta orduko hartan egindako balorazioa berretsi dute gaurko agerraldian. Gogoratu dute pentsioen osagarri bat sortzeko herri ekinaldi legegilearen alde 145.000 sinadura baino gehiago bildu dituztela, eta sindikatu guztien, ehunka eragileren eta ia hirurehun pertsona ezagunen atxikimendua ere badutela. «Urtebeteko lan eta baliabide guztiak ezerezean utzi nahi dituzte, herritarren borondateari bizkar emanda».

«DSBEa ez da konponbidea»

«Lotsagarri» irizten diete Eusko Jaurlaritzak ekinaldia baztertzeko emandako arrazoiei. Besteak beste, Jaurlaritzak azpimarratu du neurria nolakoa den aintzat hartuta Espainiako Gobernuari dagokiola pentsioen hobekuntza orokorrak egitea, baina pentsiodunek «iruzurtzat» dauka orain ekinaldia estatuaren eskumentzat jo izana. Izan ere, gogorarazi dute 2024ko urrian Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eta Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek esan zutela gobernuak eskumena duela pentsioen osagarri bat sortzeko. «Ez dago argudio juridiko sendo bakar bat ere: besterik gabe, borondate politikoa falta da», salatu dute.

Gainera, Jaurlaritzaren arrazoibide nagusia ere gezurtatu dute, hau da, pentsiodunek diru sarrera «duinak» bermatuta dauzkatela DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez. «Egia da 15.000 pentsiodunek jasotzen dutela diru sarrerak bermatzeko errenta, baina gaur egun 45.000 emakumek pentsio osagarriak behar dituzte, eta 90.000 pentsiodunek ez dute hilean bizitzeko adina jasotzen», oroitarazi dute. Hori hala, berretsi dute DSBEa ez dela konponbidea, «sistemaren porrotaren» erakusgarria baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.