SMI propioa negoziatzen ez badu, sindikatu abertzaleek auzitara eramango dute Confebask

ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek kontziliazio eskaera bat erregistratu dute Lan Harremanen Kontseiluan, patronala mahaian esertzera behartzeko. Jaurlaritzari bitartekari lanak egiteko eskatu diote.

Sindikatuak LHK, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Sindikatuak LHK, gaur. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko irailaren 29a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sindikatu abertzaleek borrokan segitzen dute Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propio bat lortzeko. Gaur, bildu dituzten «138.495 sinadurek emandako zilegitasuna baliatuz», ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek kontziliazio eskaera bat erregistratu dute Lan Harremanen Kontseiluan, Bilbon, Confebask negoziatzera behartzeko. Patronala auzitara eramateko lehen pausoa da.

Confebaskek, «gehiengo sindikal zabal batek eskatutakoa baztertuz» —EAEn CCOOren eta UGTren babesa ere badu eskariak—, uko egin dio gutxieneko soldata propioa negoziatzeari. Orain, jokabide hori juridikoki salatzeko bideari ekin diote sindikatuek, argudiatuta patronalak ez dituela bete bere ardurak.

Azaldu dutenez, «Langileen Estatutuaren azken aldaketen ondoren, EAEn sinatutako hitzarmen eta lanbide arteko akordioek lehentasuna dute, eta horrek eragiten du patronalek negoziatzeko legezko betebeharra izatea». Confebaskek, ordea, «sistematikoki» egin dio uko negoziatzeari, «Espainiako lan baldintza kaskarren araberako lan merkatua desiratzen duelako», sindikatuen iritziz.

Jaurlaritzaren ezezkoa

Confebaski ez ezik, Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zaizkio kontziliazio eskaeran, eta bitartekari lanak egiteko eskatu diote. «Bere esku dagoen guztia egin dezala patronala eser dadin eta negoziazioei heldu diezaien».

Azkar erantzun du Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak. Europa Press berri agentziari egindako adierazpenetan, Mikel Torresek zuzendutako sailak esan du Jaurlaritzak ezin dituela bitartekari lanak egin, eta bide judizialak ezin duela izan negoziazioaren alternatiba: «Ez politikan, ezta lan munduan ere, arazoak konpontzeko bideak ezin du epaitegiena izan». Negoziatzera esertzeko eskatu die patronalei eta sindikatuei.

1.385

Jaurlaritzaren arabera EAEn gutxieneko soldata izan beharko lukeena, eurotan. Eusko Jaurlaritzak uztailean aurkeztutako ikerketak dioenez, gutxieneko soldatak 1.385 eurokoa izan beharko luke EAEn. ELAk eta LABek gogor kritikatu zuten, esanez proposamenaren eragina «oso-oso txikia» izango litzatekeela. Sindikatuen iritziz, gutxieneko soldatak 21.000 euro gordinekoa izan beharko luke urtean, hilean 1.500 euro hamalau ordainketatan.

Gogorarazi dute Jaurlaritzaren jarrera elkarrizketaren aldekoa izan dela beti, eta, besteak beste, gobernuaren programan aipatzen dela gai hori. Mahai gaineratu dute uztailean soldaten inguruan plazaratutako «ikerketa zorrotza» ere, «hausnarketarako eta elkarrizketarako tresna izateko xedea zuena». 

Sindikatuek gogor kritikatu zuten Jaurlaritzaren porposamen hori, eta aurrera jarraitzen dute SMI propioa lortzeko jorratzen ari diren bi bideekin. Bat ia 140.000 sinadura jaso zituen eta Eusko Legebiltzarrean erregistratu zuten herri ekinaldi legegilea da eta, bestea, lanbide arteko akordioa. Azken hori, ordea, patronalekin negoziatu behar da, eta Confebaskek eta CENek uko egin diote mahaian esertzeari. Ikusi beharko da auzitara joatearen mehatxuak horretara behartzen ote dituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.