Enpresaren konkurtso administratzailearen aginduz, Sunsundegui autobus ekoizleak Altsasuko (Nafarroa) Ibarrea poligonoan zuen egoitza enkantean jarri dute 4,2 milioi eurotan, haren balio ofiziala baino %45 baxuago –7,7 milioi eurokoa zela kalkulatu zuten–. 2025eko maiatzean ekin zioten Sunsunseguiren likidazio prozesuari, enpresak azken urteetan pilatu zituen 50 milioi euro inguruko zorrei aurre egiterik ez zuelako.
Lursailak 93.000 metro karratu ditu, materiala biltegiratzeko eta mugimenduak egiteko leku handiarekin. Sunsundeguirena ez da edozein nabe: 16 eraikinek osatzen dute, gehienek duela gutxi eginiko berritze lanak dituztelarik.
Besteak beste, Sunsundeguiren instalazioetan pisu handiko zenbait garabi daude, handiena 70 tonakoa. Enkanteak barne hartzen ditu 400.000 eurotan neurtutako industria jarduerekin lotutako zenbait material eta osagai. Autobus ekoizlearen nabea erosteko enkantea abenduaren 16ra arte irekita egongo da.
Kudeaketa okerraren emaitza
Sunsundeguiren itxiera zerbait izan bazen, heriotza iragarritako baten kronika izan zen, LAB sindikatuak iaz salatu zuenez: Altsasuko autobus ekoizlea 2024ko azaroan sartu zen hartzekodunen konkurtsoan, eta enpresa hartuko zuen inbertsiogilerik agertu ez zenez, likidazio prozesuari ekin zion iazko maiatzean, 342 langilean kalean utzita.
2010ean, Nafarroako Gobernuak –UPNren kontrolpean garai hartan–, Sodenaren bidez, euro baten truke erosi zuen enpresa, bazkide pribatu bat bilatzeko helburuz. Halakorik gertatu ez zenez, 2013an enpresaren kapital egitura aldatu zen, eta langileak behartu zituzten kapitala erostera. Arazoek bere hartan jarraitu zuten, 2023an Sunsundeguik eta Volvok bi akordio sinatu zituztenera arte, langileek argi izpi bat ikusi baitzuten orduan. Azkenean, Volvok akordioa baliogabetu zuen, hasiera batean aurreikusitakoak baino inbertsio handiagoak egin behar zirelako, eta hortik bi hiru hilabetera hartzekodunean konkurtsoan sartu zen enpresa.