Ziur - Zibersegurtasun Industrialerako zentroaren zuzendaria

Maria Penilla: «Supermerkatuetako zibererasoa ardura faltagatik gertatu da»

Europako zazpiehundik gora supermerkatuk zibereraso bat nozitu dute aste honetan, eta milaka tona elikagai galdu dira. Penillak azaldu duenez, gailu konektatuen zibersegurtasunaz kontzientzia hartu beharra dago.

Maria Penilla. JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
DONOSTIA
2026ko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zazpiehundik gora supermerkatu Europako hamabost herrialdetan eta hiru odol gordailu Frantzian. Duela hiru aste Frantziako supermerkatu batzuetan gertatu zen, eta aste honetan, igande gauean, ehunka hozkailuk zibererasoa jasan dute: urrundik, norbaitek hozkailuak desizozte moduan jarri zituen. Milaka tona elikagai galdu dira, eta dirutza. Odol gordailuetan, berriz, garaiz konturatu ziren, eta ez zen kalterik izan. Maria Penilla (Santander, 1975) pertsona egoki-egokia da zer geratu den aletzeko eta ulertzeko. Ziur zibersegurtasun industrialeko zentroak, hain zuzen, halakoetarako babesen inguruan egiten du lan.

Zibereraso hau ez da horren moduko lehena izan, baina, haren neurria kontua hartuta, badu garrantzia, ezta?

Eragin handia izan du supermerkatuetan, baina garrantzia du gizartea kontzienteago egiten duelako mundu fisikoa eta logikoa loturik daudela, hor jada ez dagoela barrerarik. Gainera, erasoa ez da batere sofistikatua izan. Jakina, horren moduko erasoa osasungintzara, farmaziara, energiaren mundura, edo herritarrentzako zerbitzuen alorrera eraman badaiteke, bada orduan gauza oso serioa izango litzateke.

Nik uste ohartarazpen bat izan dela, esateko «aizue, arduratu zaitezte honetaz». Izan ere, supermerkatuetako zibererasoa ardura faltagatik gertatu da, eta gauzak ez direlako behar bezala egin.

Segurtasun neurririk ez edukitzea eta ekipamendu zaharkitua izatea aipatu dute. Fabrikatzaileak ezarritako pasahitzak ez omen ziren aldatu.

Gauza asko batu dira, eta guztiak arduragabekeriak dira. Dirudienez, erabiltzaile izenak eta pasahitzak fabrikatzaileak eskuliburuetan ezarritakoak ziren, ez ziren aldatu. Baina hori oso ohikoa izan da industriaren munduan orain gutxira arte. Duela hamabost urte hozkailuak ez zeuden Internetera konektatuta, eta, beraz, ez zegoen zertan arduratu. Baina, orain, hozkailu horiek konektatuta daude; beraz, hori zaindu eta mantendu egin behar da, eta ezin da halako bat martxan izan fabrikatik datozen erabiltzaile izenekin eta pasahitzekin.

Okerrena da hori jakina zela, ezta?

Horra hor bigarren hutsegitea. Hozkailuetarako konexioen zaurgarritasunaren berri dagoeneko emana zuen fabrikatzaileak, Danfossek, 2022. urtean, eta jakinarazi zuen zaurgarritasunari dagokionez larria zela; baina ez zuen eguneraketarik egin ekipo zaharrenetan, legeak ez baitu horretara behartzen. Eta hozkailu zaharrago horien jabeak ere ez ziren arduratu.

Ez zuten babes neurririk batere hartu.

Hori da. Gainera, gailu horiek konektatuta zeuden sarea sare laua zen. Hots, supermerkatuko elementu guztiak sare berera konektatuta zeuden, eta toki batera iristea lortzen bazenuen, guztietarako sarbidea zenuen. Funtsean dena zegoen eskura.

SWEDEN CYBERATTACK SUPERMARKETS
ICA Baronen katearen supermerkatu bat Stockholmen, joan den astelehenean. Langilea hozkailuak garbitzen ari da, haietan zegoen janaria zaborretara bota ostean. FREDIK SANDBERG / EFE
Hain zuzen, Ziur zentroan lan egiten duzue zibersegurtasunak industrian, hau da, mundu fisikoan, garrantzia duela azpimarratzen. Zeregin horretan ari zarete enpresekin.

Industriaren mundua izan da azkena zibersegurtasunera iristen, eta oraindik ere kontzientziazio handiagoa behar da. Ziur zentroan duela sei urte hasi ginen lanean: industria 4.0 delakoa eta enpresa guztien digitalizazioa jada errealitatea zirela jabetuta, bagenekien enpresek arlo publikoaren laguntza beharko zutela gai honetan.

Eta nola daude Euskal Herriko industriako enpresak zibersegurtasunaren arloan?

Gipuzkoan eta Euskadin sentsibilizazio eta kontzientziazio handiko industriako enpresak ditugu, eta kanpotik badatozkigu enpresak galdezka. Enpresa txikiagoak ere ari dira gauzak egiten. Ni baikorra naiz, baina lan handia dago egiteko. Gerta zitekeela hozkailuena? Bai. Egia da ere enpresa handienak prestatuta daudela, eta haienak izaten direla gailu estrategikoenak.

Zein dira oinarrizko babes neurriak zibererasoetarako?

Guk lehendabizi prebentzioa lantzen dugu, zer egin kalterik ez izateko. Eta lehen neurria back up-a izaten da, segurtasun kopia egitea alegia, horrek erasoaren inpaktua eta enpresaren erantzuna baldintzatuko baititu. Segurtasun kopiekin egindako lanari esker, bi egun edo hiru aste geldirik egongo zara, baina lasai egongo zara guztia berreskuratuko duzulako eta zure datuak babestuta daudelako, eta ez duzu erreskaterik ordaindu beharko erasoa ransomware bat baldin bada.

«Gaur egun, 'gaiztoak' enpresa antolatuak dira, eta beren helburuak dituzte, beren soldatak, beren emaitza kontuak; mundu hori oso profesionalizatua dago»

Beste babes neurri nagusia sareak segmentatzea da, bereiztea. Horrela, sareren bat konprometitzen badute, hamar gailuri eragingo die, eta ez beste guztiei. Gainera, oraindik ere, erasoen %90etik gora ITko erabiltzaileen bidez iristen dira, mezu elektroniko baten bidez. Hor formakuntza ezinbestekoa da. Azken batean, prebentzioa egin behar da, formakuntza eta simulakroak, nola erantzun jakiteko.

Babes neurriei buruzko araudirik badago?

Badago araudi bat Europan zerbitzu estrategikoak ematen dituzten enpresentzat, eta zibersegurtasun baldintza oso zorrotzak dituzte. Araudi hori berritu da orain gutxi, eta funtsezkotzat jotzen diren enpresek ere beren betebeharrak dituzte.

Gero, 2027ko abenduan ezarriko da indarrean fabrikatzaileek beren gailuen zibersegurtasuna ziurtatzeko betebeharra arautzen duen araua. Ordutik aurrera Europan salerositako gailu konektatu guztiek zibersegurtasun ziurtagiri bat izan beharko dute. Autogintzan arau hori dagoeneko indarrean dago 2024az geroztik, superkonektatuta dauden auto modelo berriekin ezin baitzaio inori utzi urrundik geratzen orduko 120 kilometroko abiaduran doan autoa.

Nor dago supermerkatuen erasoen atzean? Diru bila ari diren iparkorearrak? Gerra hibridoan dabiltzan errusiarrak, edo irandarrak? Etxeko sotoan erdi jolasean dabilen gazte bat?

Sotoko gazte kaputxadun hori jada ez da existitzen. Gaur egun, gaiztoak enpresa antolatuak dira, eta beren helburuak dituzte, beren soldatak, beren emaitza kontuak; mundu hori oso profesionalizatua dago.
Supermerkatuen kasu honetan inork ez du dirurik eskatu. Iruditzen zait norbaitek ohartarazi nahi izan ziela Frantziako supermerkatu horiei; hori ezagutarazi zuten, eta, beharbada, norbaitek probatu nahi izan du, ea noraino irits zitekeen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA