Talgo erosteko akordioa sinatu dute Sidenorrek eta haren bazkideek

Tren egilearen akzioen %8,5 izango dituzte bai Sidenorrek, bai Jaurlaritzak eta bai BBK-k, eta %4 Vital fundazioak. Talgoren egoitza nagusia berriro Euskal Herrian jartzeko asmoa daukate, baina ikusteko dago nola handituko duten haren ekoizpen gaitasuna.

BBK-ko, Eusko Jaurlaritzako, Sidenorreko eta Vitaleko buruak, otsailean, Talgoren kontrola hartzeko operazioa iragarri zutenean. SIDENOR / EFE
BBK-ko, Eusko Jaurlaritzako, Sidenorreko eta Vitaleko buruak, otsailean, Talgoren kontrola hartzeko operazioa iragarri zutenean. SIDENOR / EFE
Iker Aranburu.
2025eko azaroaren 7a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kostata, baina azkenean itxi dute Talgo berriro Euskal Herrira etortzeko operazioa. Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak eta BBK eta Vital fundazioek Talgoren akzioen %29,76 erosteko tratua sinatu dute Pegaso funtsarekin. 156,7 milioi euro ordainduko dituzte, eta, hala, konpainiaren kontrola eskuratu. Beranduenik 2026ko urtarrilaren 31n gauzatuko da erosketa.

Akzioen %8,5 izango ditu Sidenorrek —zehazki, Jose Antonio Jainagaren Clerbil sozietateak—, eta beste hainbeste Jaurlaritzak —Finkatuz funtsaren bitartez— eta BBK fundazioak. Bakoitzak 47 milioi jarriko ditu, eta beste 20 milioi Vital fundazioaren bitartez helduko dira, akzioen %4,24ren truke. Parte hartze horiek nahikoa dira, elkarlanean arituz gero, Talgo kontrolatzeko, tren egilearen akzioen erdiak baino gehiago burtsan baitaude, inbertitzaile txikien eskuetan.

Espainiako Gobernua ere izango da akziodun (%7,8), SEPIren bitartez: 45 milioi jarriko ditu kapital handitze batean, eta beste 30 milioi akzio bihurtu daitezkeen mailegu baten bitartez. Hala 30 milioi horiek nola euskal akziodunek ere mailegu bihurgarri batekin jarri beharko dituzten beste 75 milioi euroak ezinbesteko baldintza izan dira Talgoren banku hartzekodunek onartu zezaten enpresaren 400 milioi euroren zorrak berriro finantzatzea. 

Akzio bakoitzeko 4,25 euro ordainduko dituzte akziodun berriek, otsailean adostu baino hamar zentimo garestiago, eta Talgoren akzioen balioa baino askoz gehiago: 2,9 euroan salerosten ari da akzio bakoitza, iragarpenaren ondoren %7 igo baitira. Prezioa handitu egingo da, bost euroraino, baldin eta salerosketa gertatu eta bi urteko epean akziodun berrietako batek bere parte hartzea beste bati saltzea erabakitzen badu.

Ekoizpen gaitasuna

Sidenorrek ziurtatu du erosketaren bitartez beste garai bat hasiko dela Talgorentzat. «Proiektu sendoa izango da, etorkizun handikoa, eta arlo industrialak eta teknologikoak pisu handia izango dute». Nabarmendu duenez, asko handitzen ari da abiadura handiko trenetan egindako inbertsioa, eta Talgo bereziki indartsua da atal horretan.

Eskari falta ez da, hain zuzen ere, konpainiaren arazoa, baizik eta eskari horri aurre egiteko gaitasuna falta izatea, eta tren asko berandu entregatu behar izana. Adibide gisa, urriaren erdialdean entregatu zizkion bere lehen ICE L modeloak Alemaniako Deutsche Bahn konpainiari, bi urteko atzerapenarekin. Ikusteko dago zer urrats egingo duten orain Talgoren jabe berriek enpresaren ekoizpen gaitasuna handitzeko.

Talgo ICE L
Talgo ICE L tren berria, urrian, Berlinen. FILIP SINGER / EFE

Talgo Euskal Herrian sortu zen, 1942an. Alejandro Goikoetxea ingeniariak sortutako patente bat merkaturatzeko eratu zen konpainia, Jose Luis Oriol Uriguen enpresaburuaren kapitalarekin. Bien izena darama Talgok, Tren Articulado Ligero Goicoechea-Oriol-en laburdura baita. Goikoetxeak zuzendu zituen, 36ko gerraren garaian, Bilboko Burdin Hesiaren eraikuntza lanak, eta, 1937an faxisten alde jarri zenez, hari egotzi zioten frankistek Bizkaiko hiriburuko defentsak erraz hautsi izana.

Konpainiak aspaldi eraman zuen egoitza Madrilera, Las Rozas herrira, eta han du bi lantegietako bat. Bestea, berriz, fabrikarik handiena, Ribabellosan dago, Araba hegoaldean. Zazpiehun langile inguru ditu, eta han egiten dituzte konpainiaren bagoiak.

Operazio katramilatsua

Talgoren orain arteko akziodun nagusiak —Trilantic funtsa eta Pegaso sozietatean biltzen diren beste akziodunak— 2023an jarri zuen salgai konpainia, eta Hungariako Magyar Vagon izan zen lehen interesatua. Baina Espainiako Gobernuak salerosketa debekatu zuen, argudiatuta Magyar Vagonek lotura zuela Viktor Orban Hungariako lehen ministro ultraeskuindarrarekin.

Beto horrek aukera ireki zion Sidenorri. Haren buru Jainagak bere altzairua erosteko bezeroak nahi zituen —kexatu ere egin zen CAFek ez ziolako erosten—, baina ezin zuen bakarrik erosi, eta Jaurlaritzaren eta banku fundazioen laguntza jaso zuen, industria handiak Euskal Herrian errotzeko politikari jarraituz. Pegasok otsailean onartu zuen haien eskaintza, baina erosketa gauzatzeko prozesua oso korapilatsua izan da.

Operazioa hainbat hilabetez atzeratu da Espainiako Gobernuak 116 milioi euroren isunak jarri zizkiolako Talgori Renferentzako tren batzuk berandu entregatzeagatik, eta, batez ere, konpainiak azken urteetan pilatutako zorraren mataza konpondu nahi izan duelako. Laurehun milioi euroren zorrak ditu Talgok, eta horiek berriz finantzatzeko —318 milioi aurki itzuli beharrekoak ziren— hasieran pentsatzen zuten baino diru gehiago jarri behar izan dute Euskal Herriko bazkideek.

Israelen auzia

Hori bai, badirudi erosketa orain adostuta modua izango dutela operazioaren bidean agertutako azken oztopoa gainditzeko: Sidenorren aurkako salaketa, Israelen kontrako arma bahimendua bortxatzeagatik. Jainagak eta altzairugileko beste bi buruzagik asteazkenean deklaratu behar dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, auzi horren barruan. Zehazki, kontrabandoan aritzea eta gizadiaren aurkako delitu baten konplize izatea egozten diete, IMI Israel Military Industries konpainiari altzairua saltzeagatik horretarako baimenik eskatu gabe Espainiako Gobernuari. 

Edonola ere, joan den astean Eusko Jaurlaritzak ohartarazi zuen Sidenorren arazoak ez zuela eragotziko Talgoren operazioa aurrera eramatea, gai batek eta besteak ez dutelako zerikusirik. Are gehiago, operazioa aurki ixtekoa zela baieztatu zuen Mikel Jauregi Industria sailburuak, eta, horrela, amaiera eman nahi izan zien Sidenorrez bestelako bazkide industrial bat bilatzeko saioak, zeinak hedabide batzuen arabera dagoeneko hasiak baitzeuden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.