Taxilariak mobilizatu egin dira Donostian, ibilgailu gidaridunen gaineko kontrola exijitzeko

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko 300 taxi inguru bildu dira manifestazioan. Taxilarien Euskal Federazioak salatu du ibilgailu gidaridunak «etengabe» ari direla legea urratzen.

Taxilariek Donostian eginiko mobilizazioa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Taxilariek Donostian eginiko mobilizazioa. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko urriaren 7a
15:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Taxilarien eta ibilgailu gidaridunen arteko gatazka aurretik piztua bazen, areagotu egin zen otsailean Uberrek Gipuzkoan garraio zerbitzua ematen hasiko zela iragarri zuenean. Taxilarien Euskal Federazioak salatu izan ditu plataforma digitalen bidez —Cabify eta Uber— jarduten diren ibilgailu gidaridunen zerbitzuen «irregulartasunak». Hain zuzen, kalera atera dira gaur goizean Donostian Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 300 taxilari baino gehiago, zerbitzu horiei legea betetzea exijitzeko, besteak beste.

Duela bizpahiru aste zerbitzua eten zuten taxilariek; gaur, manifestazioa egin dute. Bi zutabe osatu dituzte: Bidebieta auzoko Aingura biribilgunetik abiatu da bat, eta Antiguako Europa biribilgunetik bestea. Biak batu ostean, udaletxean amaitu dute mobilizazioa, administrazioei eginiko aldarrikapen nagusi batekin: kontrola dezatela ibilgailu gidaridunen zerbitzuek araudia betetzea.

Izan ere, Taxilarien Euskal Federazioko bozeramaile Iñaki Pardok salatu du «egunero eta etengabe» legea urratzen ari direla: «Ez dugu inor ikusten hori kontrolatzen edo geldiarazten duenik». Haren esanetan, aldundiek eta udalek erantzun ohi diete «legea betearazteko langilerik» ez dutela.

Hiri barruan lanean

Gipuzkoako erakundeen baimenik gabe, zerbitzua Bizkaiko Foru Aldundiaren lizentziekin ematen hasi zen Uber Donostian, hiriburua abiapuntu edo helmuga duten ibilbideak baino ez zituztela egingo hitzemanda. Pardok, ordea, salatu du ibilgailu gidaridunak hiri barruan ibiltzen direla, autobusen eta taxien bideetan gidatzen edota gelditzen.

Taxilarien Euskal Federazioko bozeramaileak azaldu du ibilgailu gidaridunetarako geroz eta baimen gehiago eskatzen ari direla Gipuzkoan, baldintzak betetzen ez dituztelako horiek ukatzen badizkiete ere: «Taxilariok arrazoi dugu: hirietan ez dago denontzako tokirik». «Ikusitakoak ikusita», taxilariek adierazi dute beren aldarrikapenak lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA