Aspaldiko partez, Donald Trumpek esan du muga zergak %25 handituko dizkiela Europako Batasuneko autoei eta kamioiei.
Ohiko moduan, bere sare sozialean egin du iragarpena, ohiko tonuan: «Pozez iragartzen dut zera: Europako Batasuna ez denez betetzen ari gurekin adostutako merkataritza ituna, hurrengo astean Europako Batasunari muga zergak handituko dizkiot AEBetara datozen auto eta kamioiengatik. Muga zergak %25 handituko dira».
AEBetako presidenteak letra larriz gaineratu du AEBetan ekoizten diren marka europarreko autoek eta kamioiek ez dutela izango muga zergarik.
Trumpek ez du zehaztu zertan ez den ari EB Turnberryko Akordioa betetzen. Hori bai, Irango gerraren inguruan, behin baino gehiagotan agertu du haserrea EBko herrialdeen jarrera dela eta.
Paper errea
Trumpen esanetan EBk betetzen ez duen akordio hori, Turnberryko Akordioa, iazko uztailean adostu zuten AEBek eta Europako Batasunak, Trumpen Eskoziako opor resort ezagunean. Han hitzartutakoen artean, AEBek %15eko muga zergak ezarri zizkien EBko hainbat salgairen inportazioei; EBk, aldiz, ez zien zergarik ezarriko AEBetako inportazio industrialei, AEBetako gasa erosi behar zuen, eta inbertsioak egin AEBetan.
2025eko apirilean, Liberation Day ezagunean, Trumpek ezarritako %20ko elkarrekiko muga zergetatik libratzea izan zen EBren erabakia akordio horrekin, eta Etxe Zuriak altzairua bezalako beste gaiei ezarritako %50eko muga zergak tratuan sartzea,%15era murrizteko; galduan ateratzen zen, baina Ukrainako gerrarekin, apenas izan zen negoziaziorik; europarrek men egin behar izan zuten.
Gerora, Groenlandia bereganatzeko Trumpen mehatxuak zirela eta, Europako Parlamentuan aste batzuez izoztuta geratu zen akordioa berresteko prozedura. Azkenean bozketa batean berretsi zen akordioa, baina salbuespen gisa jaso zuten itun hura bertan behera geratuko zela baldin eta AEBek ituna betetzen ez bazuten edo muga zergak berriak ezartzen bazituzten.
Bitartean, AEBetan, herrialdeko Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen elkarrekiko muga zergak. Ebazpenak zioen Trumpek ezin zituela larrialdietarako botereak erabili bat-bateko muga zergak ezartzeko merkataritza bazkideei. Hala ere, autoen gaineko muga zergak beste lege bat erabiliz ezarri izan ditu Trumpek.