Trumpek EBren ingurumen arauak eta enpresen gainekoak urardotu nahi ditu

Washingtonek bere eskaerak gogortu ditu, uztaileko merkataritza itunean lotu gabeko gai batzuk adosteko elkarrizketen hasieran. Bruselak dio ez dagokiela beste herrialde batzuei EBren barruko araudiak erabakitzea.

Ursula von der Leyen eta Donald Trump, merkataritza akordioa egin berritan, Eskozian. FRED GUERDIN / EFE
Ursula von der Leyen eta Donald Trump, merkataritza akordioa egin berritan, Eskozian. FRED GUERDIN / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 8a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitzak haitzeak daramatza, eta hala egiten du Donald Trumpek egiten dituen akordioekin ere. Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek uztailean egin zuten itun bat beren arteko merkataritza harremana arautzeko, baina orduan hitzartutakoa, bere oso aldekoa izan arren, ez zaio nahikoa Washingtoni, eta eskaera gehiago egin dizkio Bruselari. Oraingoan EBren araudiak ditu jomugan, hala nola ingurumena babesteko eta enpresa teknologikoen eta digitalen boterea kontrolatzeko hartutakoak.

Uztailean lotu gabe geratu ziren gai batzuk ixteko negoziazioak hasiko dituzte aurki bi aldeek, eta horiei begira proposamen «maximalistak» iritsi zaizkiela azaldu diote Europako Batzordeko iturriek Bloomberg agerkari digitalari. Eskaera horien artean dago bertan behera uztea enpresei beren hornidura kateak kontrolatzeko araua. Datorren urtetik aurrera, EBn aritzen diren enpresek zehaztu beharko dute beren hornitzaileek nolako kaltea egiten dioten ingurumenari eta zein lan baldintza dituzten beren lantegietan. Financial Times-en arabera, eskaera hori «neurriz kanpokoa» iruditzen zaio AEBetako Gobernuari, eta gehiegizko lana eta kostua ekartzen die bere enpresei.

Gainera, AEBetako enpresak beldur dira arau horiek haien aurkako auzibide asko eragin ditzaketela, ekintzaile taldeei aukera ematen dielako enpresen aurkako salaketak jartzeko.

EBren karbono zerga berrituaren aurka ere azaldu da AEBetako Gobernua. Haren bitartez, 2026tik aurrera EB barruko enpresek ez ezik, beren produktuak batasunean saldu nahi dituzten kanpoko altzairutegiek, porlan enpresek eta beste industria oso kutsagarriek ere ordaindu beharko dute atmosferara isurtzen duten CO2 gramo bakoitzeko.

«Enpresei ez dagokie erabakitzea gure arauak bete behar ote dituzten, eta ez da haien kontua edo beste herrialde batzuena nola aplikatu behar ditugun gure legeak»

HENNA VIRKKUNEN EBko Subiranotasun Teknologikorako lehendakariordea

Meta, Apple, Alphabet eta AEBetako beste enpresa digital handiak ere kexu izan dira EBren zerbitzu digitalen arauarekin eta merkatu digitalen arauekin. Donald Trumpen babes osoa jaso dute, hark uste baitu espresuki bere herrialdeko enpresen aurka egindako legeak direla, eta adierazpen askatasuna mugatzen dutela. Kritika horiei amore emateko asmorik ez du erakutsi Europako Batzordeak. «Enpresei ez dagokie erabakitzea gure arauak bete behar ote dituzten, eta ez da haien kontua edo beste herrialde batzuena nola aplikatu behar ditugun gure legeak», esan du gaur EBko Subiranotasun Teknologikorako lehendakariordeak, Henna Virkkunenek. 

Europako Batzordeak isun handiak jarri izan dizkie AEBetako enpresa teknologikoei, lehia librea galarazteagatik. Azken isuna Googlek jaso du, irailean: 2.950 milioi euro ordaindu beharko ditu sareko publizitatean duen boterea gehiegikeriaz baliatzeagatik. 

Muga zergak airean

Muga zergen arloan ere badira argitu beharreko gai batzuk. Bi aldeek onartu zuten EBtik egindako inportazioek %15eko muga zerga bat ordainduko zutela, eta tasa hori EBren autoei ere eragingo ziela zehaztu zuten aurrerago. Baina oraindik ez dago garbi zenbateko tasa ordainduko duten beste batzuek.

Botikek %15 ordainduko dutela iradoki du Etxe Zuriak, baina orain arte ez du imintziorik egin altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga zerga arintzeko; gainera, metal horiekin egindako produktu gehiago gehitu ditu %50eko muga zerga ordainduko dutenen zerrendara. Ardoarekin eta pattarrekin zer gertatuko den ere airean dago. 

Uztaileko ituna oso desorekatua izan zen, besteak beste, AEBetako produktuen gaineko muga zergak kentzea onartu zutelako Bruselako negoziatzaileek. Oraingoan ere, EBren arauak urardotzearen truke, AEBetako Gobernuak ez duela ezer eskaini kexu dira EBko iturriak; «norabide bakarreko kalea da».

Baina AEBekin soilik ez, EBko industria handiekin ere borrokatu behar du Bruselak bere arauei eusteko. Auzitan dago, esaterako, 2035. urtetik aurrera errekuntzako auto berriak saltzeko debekua. Auto elektrikoen salmenta uste baino motelago doala eta errekuntzakoak debekatzea industria osoa arriskuan jarriko lukeela argudiatu du ACEA autogileen Europako patronalak. Eskaera horrekin bat egin zuen astelehenean Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak. Gaia aztertzen ari da batzordea, eta proposamen bat egingo du urtea amaitu aurretik. Hala ere, 2035eko datari eusteko eskatu du gaur Ekintza Klimatikoko komisarioak, Wopke Hoekstrak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.