Trumpen muga zergak bertan behera uzteko ebazpena eten dute auzitegiek

Washingtongo Helegite Auzitegiak hamar eguneko epean erabakiko du muga zergei ezarritako blokeoari eutsi edo ez. Gorenera jotzeko aukera du oraindik Trumpek.

Donald Trump, apirilaren 2an, muga zerga orokorrak ezarri zituenean. KENT NISHIMURA / EFE
Donald Trump, apirilaren 2an, muga zerga orokorrak ezarri zituenean. KENT NISHIMURA / EFE
Iker Aranburu - Irune Lasa - Arantxa Elizegi Egilegor
2025eko maiatzaren 29a
22:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trumpek abiarazitako merkataritza gerra ez doa AEBetako presidenteak espero zuen moduan. Finantza merkatuek ohartarazi diote bide arriskutsua dela kanpo merkataritza hankaz gora jartzea, eta AEBen bazkide komertzial nagusiak ez dira berehalakoan kikildu. Gaur, beste eragile batzuk sartu dira jokoan: auzitegiak. Izan ere, goizean goiz AEBetako Nazioarteko Merkataritza Auzitegiak aho batez ebatzi du ez dela legezkoa Trumpek muga zergetako asko ezartzeko erabilitako bidea, hots, 1977. urteko larrialdietarako lege bat erabiltzea. Ordea, ordu batzuk geroago, Etxe Zuriak erabakiari jarritako helegitea haintzat hartu du Washingtongo Helegite Auzitegiak eta eten egin du Merkataritza Auzitegiaren agindua, behin-behinean.

Hala, Nazioarteko Merkataritza Auzitegiak ekainaren 5a arteko epea izango du Trumpek jarritako helegiteari erantzuteko, eta Etxe Zuriak, berriz, ekainaren 9ra artekoa idatzi bakarrean bere argudioak aurkezteko, muga zergek indarrean jarrai dezaten Helegite Auzitegiak azken erabakia hartu bitartean. Horiek aztertuta erabakiko dute epaileek muga zergak bertan behera uzten dituen neurria eteteko erabakiari eusten dioten edo ez. Alegia, muga zergek indarrean jarraituko duten epaileek helegiteaz erabakitzen duten bitartean.

Aurrez, Nazioarteko Merkataritza Auzitegiak hamar egun emanak zizkion AEBetako presidenteari larrialdi legearen arabera indarrean jarritako merkataritza zergak bertan behera uzteko eta aurreko egoerara itzultzeko. Zehazki, Trumpek apirilaren 2an munduko ia herrialde guztiei ezarritako %10eko muga zerga orokorrak blokeatzeko agindua jasotzen zuen epaiak, eta baita Txinari, Kanadari eta Mexikori fentaniloaren inguruan jarritakoak ere.

Ontzat ematen zituen, aldiz, altzairu, aluminio eta automobil inportazioei ezarritako %25eko zergak, AEBetako presidenteak beste bide bat erabili zuelako horiek ezartzeko, merkataritza legearen 232 atala hain zuzen ere. Atal horrek bide ematen dio AEBetako presidenteari segurtasun arrazoiak argudiatuz sektore jakin batzuei muga zergak ezartzeko, eta bide hori hautatu du botiken eta produktu aeronautikoen inportazioari buruzko ikerketa bat abiatzeko, eta, agian, haien inportazioei muga zergak handitzeko.

Trumpek orain aukera du bide horretatik jotzeko bere merkataritza gerrarekin jarraitzeko, baina beste modu bat ere badu: merkataritza legearen 122 atala. Horren abantaila da inportazio guztiei ezar dakiekeela, baina bada arazo bat ere: gehienez %15ekoak izan daitezke eta 150 egunez; hortik aurrera, AEBetako Kongresuaren baimena beharko luke, eta haren babesa ez du bermaturik.

Beste aukera bat ere ematen dio Trumpi AEBetako 1930. urteko merkataritza legeak: 338 atalak %50 arteko tarifak ezartzeko modua ematen dio AEBetako enpresek atzerrian «bazterketa bidegabea» jasaten badute.

232 atala

Trumpek badu aukera bide merkataritza legearen 232 ataletik jotzeko bere merkataritza gerrarekin jarraitzeko, baina beste modu bat ere badu: merkataritza legearen 122 atala. Horren abantaila da inportazio guztiei ezar dakiekeela, baina bada arazo bat ere: gehienez %15ekoak izan daitezke eta 150 egunez; hortik aurrera, AEBetako Kongresuaren baimena beharko luke, eta haren babesa ez du bermaturik.  

Beste aukera bat ere ematen dio Trumpi AEBetako 1930. urteko merkataritza legeak: 338 atalak %50 arteko tarifak ezartzeko modua ematen dio AEBetako enpresek atzerrian «bazterketa bidegabea» jasaten badute.

Hala ere, Apelazio auzitegiak, azkenean, blokeoaren alde egingo balu Auzitegi Gorenaren karta ere izango luke Trumpek. Auzitegi horretan Trumpen gogoko epaile kontserbadoreak nagusi dira.

Baina epaitegietan zer gerta ere, auzitegiaren epaiak erakusten du Trumpek zailtasunak izango dituela AEBen eta bere bazkide komertzialen merkataritza harremanak nahierara moldatzeko. Aurretik Kanadak eta Mexikok egin bezala, Txinak irmo erantzun dio Trumpen hordagoari, eta AEBetako presidenteak negoziazioei atea ireki die, hasiera batean espero baino posizio ahulagoarekin, bere jokoa nabarmen geratu delako.

EBren aukera

Ahulaldi horri etekina atera nahiko dio Europako Batasunak ere. Bruselak zuhur jokatu du orain arte, Trumpek eta haren ingurukoek behin eta berriz EBri buruz gauza desatseginak eta gezurrak esan arren —EB AEBei kalte egiteko sortu zela ere esan du Trumpek—. Baina, ohikoa den moduan, erronken aurrean zatituta erantzun du EBk. Batetik daude EB merkataritza arloan potentzia bat izateagatik Trumpi gogor erantzun behar zaiola diotenak, eta, bestetik, esportazio garrantzitsuak arriskuan ikusteagatik Trumpekin goxo jokatu nahi dutenak.

sefcovic
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa, maiatzaren hasieran. OLIVIER HOSLET / EFE

Trumpek ekainaren 1etik aurrera %50eko muga zerga ezartzearekin mehatxu egiteak Washingtonen eta Bruselaren arteko negoziazioak bizkortu ditu, eta datorren astean Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa AEBetako ordezkariekin biltzekoa da Parisen. Ikusteko dago zer eragin duen epaiak bilera horretan; negoziatzaileek jada ez dakite zer muga zergaren inguruan negoziatu behar duten. Gainera, elkarrizketak moteldu ditzake, jakin arte zer gertatzen den.

TACO merkataritza

Azken egunetan, muga zergak gai desatsegina bihurtu dira Donald Trumpentzat. Atzo, Etxe Zurian, kazetari batek TACO merkataritza politika aipatu zion, Europako Batasunari %50eko muga zergak iragarri eta gero atzera egiteari buruz galdetzean. 

Robert Armstrong Financial Times-eko zutabegile batek azken asteetan erabilitako laburdura da TACO, Trump always chickens out (Trump beti kikiltzen da), AEBetako presidenteak azken asteetan muga zergekin izandako gorabehera handiak definitzeko saiakera bat, zeinak oihartzun handia hartu duen azken egunetan Wall Streeten. Trump haserretu egin zitzaion kazetariari, «galdera gaiztoa» zela esan zion, eta ukatu egin zuen kikiltzen dela. Azaldu zuen bere negoziatzeko modua dela hasieran zenbaki handiak botatzea, gero akordio hobeak lortzeko. Mundu guztiak esaten duela oso gogorra dela negoziatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.