Auzoak dira Tubacex eta Tubos Reunidos Aiaraldean (Araba), eta biek antzeko produktua dute, altzairuzko hodiak. Baina baten eta bestearen etxean egoera oso ezberdina da. Galerak pilatzen ari da Tubos Reunidos —71 milioi iaz—, eta lantaldearen laurdena kaleratzeko asmoa dauka. Tubacexek, ordea, irabazi oparoak lortu zituen iaz ere: 15,9 milioi euro, eta erakutsi du atzean utzi duela 2021ean 150 kaleratze iragartzera —eta zortzi hilabeteko grebara— eraman zuen egoera.
Horrek ez du esan nahi Tubacexek ez duenik jasan Donald Trumpen muga zergen politikaren kaltea. Izan ere, salmentak %6,3 gutxitu zaizkio (719,3 milioi euro), eta are gehiago mozkina bera (-%30,5).
Baina Tubacexek badu abantaila handi bat bere auzoaren aldean: Tubos Reunidosek menpekotasun handia du AEBetako merkatuarekiko eta, zehazki, hango hidrokarburoen industriarekiko —salmenten %50 inguru egin zituen han 2023an eta 2024an—. Tubacexek, berriz, dibertsifikazio handiagoa dauka. Amerika osoan bere negozioaren %25 baizik ez du egiten: %44 egin zuen Asian eta Ekialde Hurbilean, eta %28, berriz, Europan.Â
Negozio atal berriak
Negozio ataletan ere Tubacexek ahalegin handia egin du azken urteetan merkatu berriak irekitzeko. Horrela, hidrokarburo enpresak dira oraindik haren hodien bezero nagusiak —%35,6 gaserako eta %16,7 petroliorako—, baina salmenten %25,6 manufakturen industrietara joan ziren, %7,5 energiarako (PowerGen atala), eta %5,3 aeroespazialerako.Â
Dibertsifikazio hori goraipatu du Laudioko enpresak, «2025eko apirilaz geroztik AEBetako merkatuan muga zergek sortutako ziurgabetasuna arintzen lagundu dutelako». 2026ari begira, «zuhur» dagoela azaldu du enpresak, «ziurgabetasun geopolitikoa eta makroekonomikoa» ikusten duelako.Â
Tubacexek 6,4 milioi euroren irabaziak banatuko ditu bere akziodunen artean, hau da, mozkinen %40.
Langileen lanuzteak
Lan hitzarmen berri batek amaitu zuen lan gatazka Tubacexen, 2021ean, baina orain iritsi da hura berritzeko ordua, eta berriro ere gatazka piztu da. Ostegunean bi orduko lanuztea
 egin zuten langileek, eta erantzun oso handia izan zuen; gainera, hurrengo asteetarako beste hiru protesta egunera deitu dute LAB, ELA eta STAT sindikatuek —CCOOk ez du bat egin—. Haren bitartez, «proposamen serio eta irmo bat aurkezteko» presio egin nahi diote zuzendaritzari.
Soldata igoera da hitzarmena eguneratzeko oztopo nagusia. Kaleratzeak eragoztearen truke, soldatak izoztea onartu zuten langileek, baina orain, enpresa ongi doanez, galdutako erosahalmena berreskuratu nahi dute. Zuzendaritzak proposatu die hurrengo bost urteetan KPIa gehi %0,5 handitzea soldatak, eta 2.000 euroko ordainketa bat galdutakoa konpentsatzeko. Sindikatuek, berriz, KPIa gehi %4ko igoera eskatu dute.
Â
Â
Artechek, 45,3 milioi
Â
Gaur dute emaitzen berri emateko azken eguna burtsan kotizatzen duten enpresek. 2021ean sartu zen burtsan Arteche, BME Growth merkatuan, eta otsailaren 2az geroztik merkatu jarraituan dago. Bere hedapena zabaltzeko jo zuen merkatuetara, eta emaitzek diote lortu egin duela. Horrela, iaz lehen aldiz 500 milioi euroren salmentak lortu zituen (508,4 milioi, +%15,4), eta horien eskutik irabaziak bikoiztu zituen, 45,3 milioi euroraino. 2020. urtean, burtsara atera aurretik, 265 milioi euro fakturatu zituen.
2025. urtea «bikaina» izan ondoren, 2026. urtea ere ona izatea espero du Alex Artetxe Artecheko buruak. Salmentak gehiago handitzea espero dute, 555 eta 585 milioi arteraino iristea.

1946. urtean sortu zen Arteche, eta Mungian du egoitza (Bizkaia). Ekipo elektrikoak egiten ditu ―transformadoreak, sareak, trenbideetarako gailuak, sentsoreak...―, eta munduko enpresa garrantzitsuenetako bat bilakatu da sektore horretan. Gaur egun, hamabi lantegi ditu Europan, Amerikan eta Asian, horietatik bi Euskal Herrian ―Mungiakoa eta Gasteizkoa―, eta 2.800 langile inguru ditu, horietatik 600 Euskal Herriko plantetan. Artetxe familiak eusten dio konpainiaren kontrolari.Â
Historia luzea du Azkoyen enpresak ere. 1956. urtean sortu zuen Luis Troyesek, Azkoienen (Nafarroa), sua pizteko gailuetarako likidoa hornitzeko. Tabako eta kafe makinak izan ziren gero haren negozio atal nagusia, baina azken hamarkadetan beste arlo batzuetara zabaldu da. Horrela, iaz salmenten %28 egin zuen kafe eta vending makinen bitartez, %37 ordainketa sistemen bitartez, eta %35 sarrera kontrolerako makinen bitartez. Urte ona izan zuen iaz: inoiz baino gehiago fakturatu zuen, 211 milioi euro (+%6), eta 17,5 milioi irabazi zituen, 2024an adinatsu.