Arteche Espainiako burtsako enpresa handienekin lehiatzen hasiko da. Bizkaiko konpainia gaur hasi da kotizatzen Espainiako merkatu jarraituan. Transformagailu eta gailu elektrikoetan espezializatutako enpresa horrek BME Growth burtsa utzi du —enpresa ertain eta txikien burtsa deritzona —, eta merkatu nagusira igaro da. Harrera beroa izan du, gainera. Gaur goizean, Artecheko akzioen prezioak goranzko joera nabaria izan du: eguerdian %7,76 gehiago ordaintzen ziren, 25 eurotan. Mugimendu horrek 1.300 milioi euro inguruan kokatu du konpainiaren balorazioa.
Artechek Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen (CNMV) baimena jaso ondoren egin du merkatu nagusirako jauzia. Kotizazioa listing zuzenaren bidez egingo du, hau da, konpainiak ez du akzio berririk jaulkiko, ezta salmenta publikoaren bidez kapitala handituko ere. Horrenbestez, egungo akziodunek —tartean enpresaren kontrola duena, Artetxe familia— euren partaidetzei eutsiko diete osorik. Enpresaren akzioak aurrerantzean Madrilgo, Bartzelonako, Valentziako eta Bilboko merkatu nagusietan negoziatuko dira.
1946. urtean sortu zen Arteche, eta Mungian (Bizkaia) du egoitza. Ekipo elektrikoak egiten ditu (transformadoreak, sareak, sentsoreak, trenbideetarako eta energia berriztagarrientzako gailuak...), eta munduko enpresa garrantzitsuenetako bat bilakatu da sektore horretan. Gaur egun, hamabi lantegi ditu Europan, Amerikan eta Asian, horietatik bi Euskal Herrian (Mungiakoa eta Gasteizkoa), eta 2.800 langile inguru ditu, horietatik 600 Euskal Herriko plantetan.
Iaz bi enpresa berri sortu zituen, bata Mondragon taldearekin batera: Amets Power Electronics. Potentzia elektronikarako soluzio berritzaileak garatuko eta ekoitziko dituzte. Halaber, Elewitekin eta Redeiarekin elkarlanean Arin Technologies sortu zuen. Horrez gain, iaz Madrilgo RTR Energia enpresa historikoa erosi zuen. Eta 2024an, Finlandiako Teraloop start-up-aren partaidetza bat erosi zuen. Konpainiak nabarmendu duenez, azken urteetan urrats garrantzitsuak egin ditu energia biltegiratzeko teknologien azpisektorean bere posizioa indartzeko.
Hazkunde betean
Arteche ongi baliatzen ari da erregai fosilen kontsumoa gutxitu eta iturri berriztagarrietatik argindarra sortzeko mundu osoan egiten ari diren inbertsioak, eta hori azken urteetako emaitzetan islatu da. Konpainiak oraindik ez du 2025eko emaitzen berri eman, baina iazko lehenengo seihilekoan aurreko urteko epe berean lortutakoak halako bi ziren jada: 256,2 milioi euroren salmentak egin zituen, eta 19,9 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen.
Konpainiak azaldu duenez, merkatu jarraituan kotizatzeak hainbat onura estrategiko ekarriko dizkio taldeari. Besteak beste, «ikusgaitasun handiagoa» emango dio inbertitzaile instituzionalen eta partikularren artean. Aitortu du, halaber, mugimendu horren atzean «likidezia handitzea eta nazioarteko profila indartzea» ere badagoela.
Merkatu jarraitura jauzia egin aurretik, Artechek lau urte baino gehiago eman ditu BME Growth burtsan. 2021eko ekainean hasi zen hor kotizatzen. Hasieran, haren akzioek 3,94 euro balio zuten, eta ordutik hona %467tik gora handitu zaie balioa. Aldi berean, taldeak bere jarduera bikoiztea lortu du: fakturazioa nabarmen handitu du, eta gaur egun 500 milioi eurotik gora fakturatzen du urtean. Taldeak azaldu duenez, hazkunde hori, hein handi batean, nazioarteko hedapenari, produktu sorta zabaltzeari eta energia trantsizioarekin lotutako inbertsio globalen gorakadari lotuta dago.
%52,4Artetxe familiaren parte hartzea. Artetxe familiak kontrolatzen du kapitalaren %52,38, Ziskua Ber sozietatearen bidez. Akziodun nagusietan bigarrena Velora Investa da (lehen Cunext izenez ezaguna), eta %20,21eko partaidetza du. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Euskal Finantzen Institutuaren Finkatuz funtsak %6,4 dauka. Kapital flotatzailea %12 ingurukoa da, merkatu jarraituak eskatzen duen %25aren azpitik; hala ere, konpainiak CNMVren salbuespena eskuratu du.
Alexander Artetxe presidente eta kontseilari ordezkariak adierazi duenez, merkatu jarraituan sartzea «ibilbide koherente eta natural baten emaitza» da. «Lau urte baino gehiago igaro ondoren helburu hau lortzeak berresten du hartutako erabaki estrategikoak egokiak izan direla, eta talde osoaren ahaleginak fruituak eman dituela». Artetxek nabarmendu du, halaber, etapa berri honek aukera emango diola konpainiari eskaeraren hazkundeari erantzuteko, teknologia berriak garatzeko eta nazioarteko hedapenean urrats gehiago egiteko.
Gaur egun Euskal Herriko hamabi enpresak kotizatzen dute Espainiako burtsetan. Haietako bik —Iberdrola eta BBVA—, enpresa handienen burtsan, Ibex 35ean. Iaz, denek handitu zuten beren balioa. Artechek izan zuen igoerarik handiena (%201), baina BBVAk ere bi halakotu egin zuen akzioen balioa.
Â